V

 

        Raymond-ek bulegora deitu dit telefonoz. Bere lagun batek (nitaz hitz egin omen dio) bere itsasertzeko txabolara gonbidatzen nauela igandea pasatzera, esan dit. Aljer-etik oso gertu dagoela. Estimatzen dudala, baina neska bati hitz-emana nagoela erantzun diot. Neskarekin joateko esan dit Raymond-ek. Horrela, ez omen da bakarrik egongo bere lagunaren emaztea, gizon artean.

        Berehala moztu nahi izan dut, zeren eta nagusiak ez du maite niri herritik telefonatzea. Baina pixka bat itxoiteko esan dit Raymond-ek zerbait esan beharra duela-eta. Arabiar talde bat ibili omen zaio egun guztian atzetik, eta bere lehengo maitalearen anaia omen zebilen haien artean. «Gaur iluntzean etxe inguruan ikusten badituk, abisa egidak». Baietz esan diot.

        Geroxeago nagusiak deitu dit, eta telefonoak utzirik lanari lotzeko esango zidala, uste nuen. Baina ez zen hori. Asmo bati buruz mintzatuko zaidala aitortu dit, eta nire iritzia nahi zukeela. Bulego bat muntatu nahi du Parisen, arazoak bertagotik erabiltzeko, eta hara joateko prest al nengoen jakin nahi zuen. Horrela Parisen bizi nintekeen eta batetik bestera ibili ere bai. «Gazte zara eta bizimodu hori atsegin izango zaizula uste dut». Baietz esan diot, baina funtsean berdin-berdin zitzaidala. Ez al nuen, beraz, bizimoduz aldatzeko interesik, jakin nahi zuen. Bizimoduz aldatzea ezina dela erantzun diot, eta hemengoa ez zaidala hain atsekabe. Ez da oso kontent geratu eta beti zeharka erantzuten diodala esan dit. Ez dudala aurrera ateratzeko grinarik eta hori txarra dela negozioetako. Lanera itzuli naiz. Ez nuen bera deskontent utzi nahi, baina bizieraz kanbiatzeko arrazoirik ere ez nuen aurkitzen. Ondo pentsatuz gero ez nintzen zorigaiztoko. Ikasle nintzenean bai, banuen aurrera egiteko adorerik. Baina estudioak utzi beharrean aurkitu nintzenean, honek guztiak ez zuela inportantziarik pentsatu nuen.

        Arratsean Marie etorri zait bila eta berarekin esposatu nahi dudan galdetu dit. Berdin zaidala erantzun diot eta berak hala nahi badu, esposatuko garela. Maite al dudan jakin nahi zuen. Horrek ez duela ezer esan nahi erantzun diot, beste batean bezalaxe, baina ez nuela maite inolaz ere. «Zergatik esposatu beraz?», esan dit. Horrek ez duela inportantziarik adierazi diot, baina berak hala nahi badu esposa gintezkeela. Gainera, bera zen galdetzen zuena eta nik baietz bakarrik erantzuten nion. Esposatzea gauza seriosa dela aitortu du. Eta nik: «ez». Gero isilik gelditu da niri begira. Geroxeago mintzatzen hasi da. Beste emakume bati berdin erantzungo al nion jakin nahi zuen. Eta nik: «noski, bada». Berak maitatzen ote ninduen hasi da, eta horretaz ezin nezakeen nik fitsik jakin. Oso berezia naizela esan dit ondoren, eta horregatik maitatzen ninduela, baina egunen batean horrexengatik beragatik desinteresatuko nintzaiola. Ni isilik nengoen, besotik hartu nau irribarrez eta nirekin esposatu nahi duela esan dit. Berak nahi duenean erantzun diot. Nagusiaren proposamendua agertu diot eta Paris ezagutzea gustatuko litzaiokeela esan dit. Han bizitua naizela, esan diot, garai batean, eta nolakoa den galdetu dit. Nik: «Zikina. Uso asko dago eta atari beltzak. Jendeak larru zuria du».

        Gero kaleetan zehar ibili gara. Emakume ederrak ikusten ziren eta Marieri esan diot. Baietz esan dit eta konprenitzen zuela. Isilik ibili gara luzaroan. Baina bera nirekin geratzea nahi nuen eta elkarrekin afalduko dugula proposatu diot. Celesterenean. Pozik etorriko zen baina eginbeharrak omen zituen. Nire etxera hurbildu gara eta agur esan diot. Berak begira: «Ez duzu jakin nahi zer eginbehar dudan?». Jakin nahi nuen, baina ez nintzen horretaz arduratu. Orduan barre egin du eta nire aldera etorri da, ezpainak eskaintzen.

        Celeste-renean afaldu dut. Afaltzen hasia nintzen emakume ttipi bat sartu denean, eta nire mahaian eser al daitekeen galdetu dit. Baietz erantzun diot. Jarrera xelebreak eta begi distiradunak zituen. Txaketa kendu, eseri eta otordu-lista aztertu du goitik behera. Celeste-ri deitu dio eta aukeratua eskatu du. Janaren zain, poltsa ireki, papera atera eta kontuak egin ditu. Tokatzen zitzaion dirua utzi du mahaiaren gainean, propina eta guzti. Ekarri diote lehen platera eta laster garbitu du. Bigarrenaren zain errebista bat atera du. Irratiko programak zekarzkien errebista bat. Lapitzez markatu ditu. Horrela segitu du otordu guztian. Gero altxatu da lehengo portura berarekin, eta joan da. Zer eginik ez nuenez geroz, atera naiz eta segitu diot aldi batean. Espaloia hartu du eta atzera begiratu gabe pauso bizian joan da. Begien bistatik galdu dut eta atzera itzuli naiz. Berezia zela pentsatu dut, baina laster ahaztu zait.

        Salamano zaharra aurkitu dut nire ate aurrean. Sartzeko esan diot eta txakurra galdu zaiola jakin arazi dit. Ez omen zegoen deposituan-eta. Automobilaren batek harrapatu ote duen esan diote han. Komisarietan jakingo ote duten galdetu omen die. Horrelako gauzez ez direla arduratzen erantzun omen diote. Beste txakur bat erosteko esan diot, baina lehenarekin ohituegia zegoela aitortu du eta arrazoi guztiarekin.

        Ni ohean etzanda eta Salamano aulkian eserita, eskuak belaun buruetan, biok aurrez aurre. Bere sonbreirua buruan. Aspertzen ninduen, baina ez nuen beste egitekorik eta ez logurarik. Bere txakurrari buruz galdetu diot, zerbait esan beharrik. Bere emaztea hil zenetik berarekin zeukala esan dit. Berandu esposatu zen. Teatrorako gogoa omen zuen bere gaztaroan. Baina trenbideko lanetan hasi zen eta orain ez da kexatzen, zeren eta erretiro ttipi bat jasotzen omen du. Ez zen zorioneko izan emaztearekin, baina elkarrekin bizitzen ohitu ziren. Emaztea hil zitzaionean oso bakarrik gelditu zen. Orduan txakur bat eskatu zion lagun bati eta txakurkume bat eman zioten. Biberoiz hazi zuen. Baina gizona baino lehenago zahartzen da txakurra, eta biak zahar gertatu ziren. Jenio txarra zuela esan dit Salamanok. «Baina txakur ona zen». Arraza onekoa zela esan diot, eta Salamanok pozik: «Eta hori elbarritu aurretik ezagutu ez duzularik. Oso ile ederra zuen». Ileko gaitzaz gero pomada bat ematen zion goizero eta iluntzero Salamanok. Baina bere eritasunik txarrena zaharra izatea omen zen, eta hori ez omen da sendatzen.

        Une honetan nagiak atera ditut eta joan beharra duela esan dit Salamanok. Gal daitekeela esan diot eta pena nuela bere txakurrari hori gertatzea: eskertu dit. Nire amak ere maite zuela txakurra esan dit. Nire ama aipatzerakoan «zure ama gajoa» esaten zuen. Ama hil ondoren goibeldurik ote naizen esan dit, eta nik ez diot ezer erantzun. Auzoan gaizki juzgatu nindutela, esan dit, ama asilora bidali nuelako, baina berak ezagutzen nauela eta badakiela maite nuela. Ez dakitela zergatik juzgatzen nauten gaizki auzoan, erantzun diot, zeren eta oso normala dela ama asilora bidaltzea, etxean gordetzeko dirurik ez nuela-eta. «Gainera, esan diot, amak ez zuela ezer niri esatekorik eta bakarrik aspertu egiten zela». Eta berak: «bai, asiloan lagunak bederen izango zituen». Gero eskusatu egin da. Lotara joan nahi zuen. Bere bizitza orain aldatu omen da eta ez omen zekien zer egin. Lehen aldiz bera ezagutzen dudanetik, eskua luzatu dit eta bere ekzema nire eskuan sentitu dut. Irri antzeko bat egin du eta esan dit partitzerakoan: «Gaur gauean ez al dute zaunkarik egingo txakurrek. Nirea dela pentsatzen dut beti».

 

 

© Albert Camus

© itzulpenarena: J.M. Agirre

 

 

"Albert Camus / Arrotza" orrialde nagusia