IV

 

        Lan handia egin dut aste honetan. Eskutitza bota duela esaten, etorri zait Raymond. Bi aldiz joan naiz zinera Manuel-ekin. Honek ez du ulertzen askotan, zer gertatzen den, eta nik esplikatu behar. Atzo, larunbata zenez, Marie etorri zen, esanda bezala. Irrikatan jarri ninduen, zeren eta soineko zurigorri polita zuen soinean eta sandalia larruzkoak oinetan. Bere bular tenteak nabarmen zitezkeen eta oso eguzki kolore ederra zuen aurpegian. Autobusa hartu eta Aljer-etik kilometro batzuetara dagoen itsasertz hertsi eta harkaitz arteko batera joan ginen. Arratsaldeko eguzki arina, ura epel eta olatu ttipi-nagiak. Jolas bat erakutsi zidan Mariek. Igeri eginez, olatuen aparra edan behar genuen eta gero gora bota, zerura begira etzanik. Batzuetan haizeak zeraman eta aurpegira erortzen zen bestetan, ur bihurturik. Berehala, ordea, ahoa erre zidan ur gazituak. Marie hurbildu zitzaidan eta niri itsatsi uretan. Bere ahoa nirearen kontra. Bere mingaina nire ezpainak laztantzen. Olatu gainean ibili ginen jira eta buelta una batean.

        Hondartzan jantzi ginenean, oso begi distiradunak zituen Marie-k. Besarkatu egin nuen. Gero ez genuen hitzik egin. Nire kontra nuen eta larri ginen, autobusa bat aurkitu, lehenbailehen etxeratu eta nire ohean etzan arte. Irekia utzi nuen leihoa eta oso gau ederra zen.

        Gaur goizean nirekin geratu da Marie, eta elkarrekin gosalduko dugula esan diot. Haragia erostera jaitsi naiz. Igotzerakoan, emakume baten ahotsa entzun dut Raymond-en gelan. Geroxeago txakurrarekin haserretu da Salamano zaharra eta pausoak entzun ditugu eskaileretan, eta gero: «urde zikina», atera dira kalera. Marie-ri kontatu diot Salamano-ren historia, eta barre egin du. Nire pijama bat zuen soinean. Barrez ikusi dudanean, bere irrika piztu zait berriro. Maite al dudan galdetu dit. Horrek ez duela fitsik esan nahi, baina ezetz, uste dudala, erantzun diot. Oso triste geratu da. Gosaria prestatzen ari ginelarik, eta ez dakit zergatik, barreari eman dio eta berriro besarkatu dut. Une honetan haserre-hotsak entzun dira Raymond-en gelan.

        Lehenik emakumearen ahotsa entzun da eta gero Raymond-i: «hik engainatu naun, hik. Nik erakutsiko dinat engainatzen». Kolpeak eta emakumearen garrasiak jendea bildu dute eskaileretan. Marie eta biok ere atera gara. Emakumea garrasi bizian eta Raymond joka oraindik. Negargarria dela esan dit Marie-k eta nik ez diot erantzun. Poliziako baten bila joateko esan dit, baina poliziak ez ditudala maite erantzun diot. Hala ere polizia bat heldu da bigarren bizitzako batekin. Atea jo du eta ez da ezer entzun. Berriz jo du atea, emakumea negarrez hasi da eta Raymond-ek ireki du. Zigarro bat zuen ezpainetan. Neska atera da eta Raymond-ek jo duela esan dio poliziari. «Hire izena» galdetu dio. Eta Raymond-ek erantzun. «Ken ezak zigarroa ahotik niri erantzundakoan», esan dio poliziak. Zalantzan egon da Raymond, begiratu dio eta erretzen segitu du. Bat-batean masaileko bat eman dio poliziak. Lurrera erori zaio zigarroa. Kolorez mudatu da Raymond eta zigarroa jasotzen ahal duen galdetu dio. Baietz baina: «hurrengorako badakik poliziako bat ez dela jopu bat». Bitarte honetan negarrez egon da neska eta oihu bizian: «jo egin nau. Harroputz bat da hori». — «Gizon bati hori deitzea ez den legearen kontrako galdetu dio Raymond-ek poliziari». «Ahoa ixteko» agindu dio poliziak. Raymond-ek orduan neskari: «hago, harrapatuko haut». Isiltzeko esan dio berriro, neska harekin joango dela eta berak han itxoiteko komisariatik deitu arte. Ez al den lotsatzen gisa hartan mozkortzea esan dio Raymond-i. Eta Raymond mintzatu da orduan: «ni ez nago mozkorra. Zure aurrean nagoelako dihardut dar-dar, derrigorra da». Atea itxi du eta denak banatu dira. Marie-k eta nik gosaria prestatu dugu. Berak ez zuen goserik eta nik jan dut ia dena. Ordu batetan joan da bera eta nik lo apur bat egin dut.

        Hirurak ingurumarian nire atea jo dute eta Raymond sartu da. Ni ohean gelditu naiz. Ohe-ertzean geratu da isilik eta nola gertatu den arazoa galdetu diot. Berak nahi duena egin omen du neskarekin, baina hark orduan masaileko bat eman omen dio eta berak jo egin du. Gainerakoa neuk ikusi dut. Ondo zigortu duela eta pozik egongo dela esan diot. Iritzi berdina zuen eta berak emanak ez omen zizkion poliziak kenduko. Ondotxo ezagutzen omen ditu poliziakoak eta bai omen daki nota tratatu. Poliziaren masailekoari erantzutea espero al nuen galdetu dit. Ez nuela deus espero, ez zaizkidala atsegin poliziakoak, erantzun diot. Berarekin atera nahi dudan galdetu dit. Altxatu eta orraztu naiz. Bere auzian lekuko izan behar dudala esan dit. Berdin zait baina ez dakit zer esan. Raymond-en aburuz aski da neskak engainatu duela salatzea. Orduan baietz esan diot.

        Atera gara eta puru bat eskaini dit. Billarrean jokatu nahi zuen eta nik galdu dut. Emakumetara joan nahi zuen gero, baina nik ezezkoa eman diot, zeren eta ez dut hori maite. Poliki-poliki etxeratu gara eta oso pozik dagoela esan dit, bere maitalea zigortu duelako. Oso jator zegoen nirekin eta momentuko gauza dela pentsatu dut.

        Urrutitik ikusi dut Salamano zaharra ate ondoan, bere onetatik aterata. Txakurra falta zitzaiola ohartu naiz hurbilagotzean. Alde guztietara begira, hitz ulergaitzak esanaz, mia eta mia pasillo beltzean eta gero kalean. Zer zuen galdetu dio Raymond-ek, baina ez dio segidarik eman. Honelako zerbait esaten zuen: «urde ustela» eta miaka segitzen. Txakurra non duen galdetu diot. Ihes egin diola erantzun dit. Eta gero: «Maniobra zelaira eraman dut, beti bezala. Jende asko zen. "Erregeari" begira geratu naiz. Abiatzeko hasi naiz, eta falta zen. Lepoko estuago bat erostekotan nenbilen aspaldi honetan. Ez nuen uste horrela alde egin behar zidanik».

        Bazterren batean zabartuko zela baina etorriko dela esan dio Raymond-ek. Nagusiaren bila kilometroak eta kilometroak egindako txakurren kasuak aipatu dizkio. Hala ere triste zegoen agurea. «Kenduko didate. Norbaitek jasoko balu. Baina ez da posible, mundu guztia nazkatzen du-eta. Poliziakoek kenduko didate, noski baietz». Bada ezpada ere depositura joateko esan diot, zertxobait ordaintzen dutela-eta. Asko al den galdetu dit. Ez nekien nik. Amorrutan jarri da: «dirua eman horrengatik. Ustel baledi!». Eta marmar ekin dio. Barrez sartu da Raymond bere gelan. Ni ere nirean sartu naiz. Geroxeago agurearen pausoak entzun ditut eta nire atea jo du. Ireki dut eta atetik esan dit: «barka iezadazu, barka iezadazu». Sartzeko esan diot baina ez zuen nahi. Begiratu gabe esan dit: «ez didate kenduko e, Meursault jauna. Bihurtuko didate. Zer egin behar dut bestela?». Hiru egunez gordetzen dituztela deposituan esan diot eta nagusirik agertzen ez bada zerbaitetan enplegatzen dituztela. Isilik begiratu dit. Eta berehala: «Gabon». Bere atea itxi du eta batetik bestera dabilela sentitu dut. Gero ohearen hotsa. Eta negar-antsia iruditu zait. Nire amaz oroitu naiz eta ez dakit zergatik. Baina bihar goiz jaiki behar dut. Ez nuen goserik eta afaldu gabe etzan naiz.

 

 

© Albert Camus

© itzulpenarena: J.M. Agirre

 

 

"Albert Camus / Arrotza" orrialde nagusia