III

 

        Lan handia egin dut gaur bulegoan. Oso jator zegoen nagusia. Nekatuegia al nengoen galdetu dit eta amaren adina jakin nahi zuen. «Hirurogei bat urte» erantzun diot, ez huts egitearren, eta ez dakit zergatik, oso lasai geratu da, amaitutakoa arazo bat balitz bezala.

        Papera eta egiteko asko zegoen bulegoko nire mahaiaren gainean eta dena garbitu behar izan dut. Bazkaltzera joan aurretik eskuak garbitu ditut. Oso maite dut eguerdiko une hori. Iluntzean ez hainbeste, zeren eta bustiegia egon ohi da esku-zapia egun guztian erabili ondoren. Nagusiari aipatu nion egun batez gauza hori. Sentitzen zuela, baina ez zuela inportantziarik ihardetsi zidan. Berandu xamar atera naiz, hamabi t'erdietan, Manuelekin batean. Espedizioan ari da hau. Itsas ertzean dago bulegoa eta itsas ontziei begira egon gara. Kiskaltzen zegoen kaia. Une honetan kamioi bat heldu da, zarata handiz. Manuel-ek esan dit: «goazemak», eta lasterka hasi naiz. Zarata eta hauts artean itotzen nintzen. Arnasa-hotsa bakarrik sentitzen nuen. Nik harrapatu dut lehenengo kamioia eta gainera igo naiz. Gero Manuel-i lagundu diot igotzen. Saltari zihoan kamioia kaiko harri ezberdinetan barrena. Manuel algara bizitan, arnasa ezin harturik.

        Igerika etorri gara Celeste-ren etxera. Han zegoen beti bezala, bere tripa handiarekin, bibote zuria eta mantela soinean. «Zemuz nabilen» galdetu dit. Ondo, erantzun diot, eta gose nintzela. Presaka jan dut eta kafea hartu. Gero etxera joan naiz eta lo apur bat egin dut, ardoa erruz edan dut-eta. Zigarro bat erretzeko gogoarekin iratzartu naiz. Berandu zen eta korrika ibili naiz tranbia harrapatzeko. Lana egin dut arratsalde osoan. Bero zen bulegoan eta kaian barrena geldi-geldi itzuli naiz iluntzean. Zerua urdin zegoen eta pozik ibili naiz. Berehala itzuli naiz etxera, patata egosiak jateko gogoa nuen-eta.

        Eskailera beltzak igotzerakoan etxekoneko Salamano zaharra topatu dut. Bere txakurrarekin. Duela zortzi urtez gero elkarrekin beti. Larruko eria du txakurrak, gorrina uste dut eta ile guztiak erortzen zaizkio. Zornez beterik dago. Biak elkarrekin beti eta biak bakarrik, txakurraren antzeko bilakatu da Salamano zaharra. Ttantta gorriz beterik du aurpegia eta bizar horia, bakan. Txakurrak, aldiz, nagusiaren planta hartu du. Arraza berdinekoak dirudite, baina elkar gorroto dute. Egunean bitan, goizeko hamaiketan eta arratsaldeko seietan ateratzen du txakurra. Ibilaldi berdina dagite egunero zortzi urte honetan. Yyon kalean barrena ikus daiteke Salamano, txakurra ezin atxikirik. Orduan txakurra jotzen du eta desafiatzen. Txakurra zapuzten zaio eta atzeraka hasten. Orduan tira egin behar agureak. Berehalaxe ahazten du txakurrak eta tiraka hasten da berriro. Berriz jotzen du. Espaloian geratzen dira biak elkarri begira, txakurra beldurrez eta gizona gorrotoz. Egunero berdin. Txakurrak pixa egin nahi duenean ez dio uzten agureak eta pasatzen diren lekua ttanttaz markatzen dute. Deskuiduan gelan egiten badu, ez da giro izaten. Zortzi urte horrela. «Zoritxarreko dela» esaten du Celeste-k, baina funtsean inork ez daki. Eskaileratan topatu dudanean ere, desafioka ari zitzaion txakurrari: «urde zikina» deitzen zion eta txakurra aiumaz hari. «Gabon» esan dut nik, baina txakurrari errietan jarraitu du. Zerbait txarrik egin al dion galdetu diot, baina ez dit erantzun. Bere letaniekin segitu du: «urde ahalena». Txakurrarena makurturik koilarea konpontzen ari zaiola sumatu dut. Bortitzago mintzatu natzaio. Jiratu gabe eta amorru biziz erantzun dit: «beti berdin». Txakurra aiumaz eta tarrastaka duela partitu da.

       

        Une honetantxe sartu da beste etxekonekoa. Emakumeen gain bizi dela diote auzoan. Zer ogibide duen galdetuz gero, «dendari» dela dio, bada, berak. Ez da estimatua auzoan. Sarritan mintzatzen zait eta batzuetan nire etxera etortzen da, nik kasu egiten diodalako. Gauza interesdunak esaten badakiela deritzot nik. Gainera ez dut arrazoirik berarekin ez mintzatzeko. Raymond Sintes deritza. Aski tripa, bizkar zabalak eta boxeolarien sudurra. Beti ondo jantzia. Hala zion Salamano-ri buruz: «apenas zorionekoa den». Ez al naizen nazkatzen galdetu dit eta nik ezetz.

        Elkarrekin igo gara eta gero arte esateko astirik ez dit eman: «odolkia eta ardoa ditut etxean». «Lagundu nahi badidazu»? Horrela ez neukan afaria jartzen lanik eta baietz esan diot. Ez du gela bat eta leiho gabeko sukalde bat baizik. Ohe buruan aingura bat, kiroleko txapeldunen foto zenbait eta bizpahiru emakume larrugorrian. Gela oso zikina eta ohea banatua. Petroliozko lanpara piztu du eta eskuineko eskua lotu du patrikatik ateratako benda batekin. Zer zuen galdetu diot. Norbaitekin haserretu zela esan dit eta borroka egin zutela.

        «Badakizu, Meursault jauna, ni ez naiz gaiztoa, baina bibia. Besteak ekin zion: «gizona bahaiz jaitsi hadi tranbiatik». Eta nik orduan: «tira, hago geldi». Ez nintzela gizona esan zidan. Orduan jaitsi eta esan nion: «hobe duk isildu, bestela garbituko haut». Hark: «zer»? Orduan muturreko bat eman nion eta lurrera bota. Bera altxatzen hasi nintzen, baina ostikoz jo ninduen. Belaunarekin jo nuen orduan eta beste bi muturreko eman. Odola zerion aurpegitik. Nahikoa zuen galdetu nion. «Baietz» esan zidan.

        Eskuan benda ipintzen zuen bitartean kontatu dit hau guztia. Ohean eserita nengoen ni. Eta jarraitu du: «badakizu, ez zen nire errua, berak bilatu zuen». Egia zen eta ezagutu dut. Arazo honi buruz aholku eskatzen zidala esan dit, ni gizon bat nintzelako eta bizitzaren berri banekielako. Nik lagun omen niezaiokeen eta horrela adiskide izango ginen. Berdin zaidala erantzun diot eta pozik geratu da. Armairutik atera eta zartaginean erre du odolkia. Gero platerak, basoak, kubiertuak eta bi ardo botila jarri ditu mahaiaren gainean. Hau guztia isilik. Gero biok eseri gara. Jaten ari ginelarik bere bizia kontatzen hasi zait. Zalantzan egon da hasieran. «Emakume bat ezagutu nuen... nolabait deitzeko nire maitalea». Berarekin borroka egin zuena, andere horren anaia zen. Ba omen daki auzoan zer dioten berari buruz, baina bere kontzientzia omen du, gidari eta dendari omen da bera.

        «Nire bizitzari gagozkiola, esan dit, maltzurkeria asko dagoela ohartu naiz. Bizitzeko adina justu ematen zion emazteari. Berak ordaintzen zion gela eta eguneko hogei franko zemaion jateko. Gelarena hirurehun franko, seiehun janarena, galtzerdi pare bat edo beste noizbehinka: mila franko zen. Eta emaztekiak ez zuen lanik egiten. Justu ibiltzen omen zen nik emandakoarekin bakarrik eta ezin iritsirik. Orduan nik esaten nion: Zergatik ez duzu egun erdi batez bederen lan egiten. Horrela aiseago eta arinago litzaiguke. Hilabete honetan ere soineko bat erosi, eguneko hogei franko eman eta zure gela ordaindu dut eta zu lagunekin kafea hartzen arratsaldero. Haiei kafea eta azukrea ematen diezu. Nik ematen dizut, ordea, dirua. Ni ondo portatu naiz zurekin baina zuk ez didazu esker onik ematen». Baina berak ez zuen lanik egiten, kexatu bat, eta honela ohartu nintzen maltzurkeria asko zegoela.»

        Maitalearen poltsan loteriako billete bat aurkitu zuela esan dit eta ez dakiela nola arraio erosi zuen. Geroxeago beste «ageri» bat aurkitu omen zion bi brazalete erosi zituela ziona. Berak ez omen zuen ordura arte brazalete haien berririk. «Maltzurkeria asko zegoela ohartu nintzen. Eta utzi egin dut andere hori. Baina lehenik jo egin dut. Eta gero egiak esan. Berak libertitzea bakarrik nahi duela esan diot. Nola esan diodan konprenituko duzu, Meursault jauna: "ez al dun ikusten besteak ezin dutela ikusi nik hi zorioneko egitea. Gero ezagutuko dun nirekin huen zoriona"».

        Odola ateratzeraino jo omen zuen. Lehen ez zuen jotzen. «Lehen ere jotzen nuen baina maitekiago, nolabait esateko. Ez zuen garrasi handirik egiten. Leihoak ixten nituen eta beti berdin bukatzen genuen. Oraingoan, ordea, besterik zen. Eta nire ustez, ez dut behar adina zigortu».

        Horrexegatik nahi zuen nire aholkua. Lanpararen metxa konpontzen aritu da. Ni berari entzuten. Litro bat ardo edan dut eta bero nuen burua. Raymond-en zigarroetatik erre dut, nireak bukatuak nituen-eta. Azken tranbiak ezkutatu dira zaratarekin batera. Raymond-ek segitu du: «halako sentipen bat dut oraindik maite-kidearentzat» eta honek ernegatzen nau. Zigortu behar zuen oraindik. Hotel batera eraman eta handik «moralaren» zaindariei deitzeko asmotan egon omen zen, espantu izugarria sortzeko. Lagunei adierazi omen zien eta hauek ez omen zuten ezer egin, «markatzeko» proposatu baizik. Berak ez zuen hori nahi eta hobekiago pentsatu behar zuen. Arestian zerbait galdetu nahi omen zidan, baina lehenik honetaz zer pentsatzen nuen jakin nahi zuen. Ez nuela ezer pentsatzen, baina interesantea dela esan diot. Maltzurkeria asko dagoela pentsatzen al dudan eta nik baietz. Zigortzea merezi al duen eta zer negikeen nik bere lekuan. Ez dakidala esan diot baina konprenitzen dudala bere zigortu nahia. Ardoa edan dut berriro. Zigarro bat piztu dit eta bere asmoa desestali. Eskutitz bat idatziko dio, «sentimenduak pizteko modukoa». Gero etorria denean, elkarrekin oheratuko dira eta «bukatzen dutenean» zigortu eta kanpora botako du. Horrela ondo zigortua izanen dela iruditu zait niri. Bera ez dela eskutitz horiek egiteko lain eta nigan pentsatu duela esan dit. Ni isilik nengoenez gero, berehala egingo al nukeen galdetu dit eta baietz nik.

        Baso bat ardo edan eta altxatu da. Platerak jaso ditu. Mahaia lehortu du. Papera bat hartu du tiraderatik, zorro on bat, luma-kaxa bat eta tinta. Emakumearen izena esan didanean, mairu bat dela jakin dut. Idatzi diot eskutitza. Nolabait xamar egin dut baina saiatu naiz berak nahi bezala idazten. Gero irakurri diot. Kea botaz entzun dit eta berriz irakurtzeko agindu. Pozik geratu da. «Banekian nik bizitzaren berri ondo hekiela». Orduan ohartu naiz «hika» hasi zaidala. «Benetako laguna haiz orain». «Baietz» erantzun diot. Berdin zitzaidan bere lagun izatea berak hala nahi bazuen. Seilua ipini dio eskutitzari eta ardoa bukatu dugu. Gero han egon gara isilik zigarroak erretzen. Auto bat pasatu da. «Berandu da» esan diot. Denbora agudo pasatzen dela esan dit, eta egia zen. Logalea nuen, baina altxatzeko alferrez nengoen. Nekatu itxura nuen nonbait, zeren nire buruari kontu hartzeko esan dit, erabat erori gabe. Lehenengoz ez diot ulertu. Ama hil zaidala jakin duela, esan dit, baina lehentxeago edo geroxeago gertatu beharra zela. Nire iritzi bera zen.

        Altxatu naizenean, eskua estutu dit Raymond-ek eta gizonok ondo konprenitzen garela esan. Atea itxi dut eta ilunpean egon naiz istant batez. Dena isilik. Haizea zetorren eskailera azpitik gora. Odola taupaka ari zitzaidan belarrietan. Geldi geratu naiz. Salamano-ren gelan aiuma egin du txakurrak.

 

 

© Albert Camus

© itzulpenarena: J.M. Agirre

 

 

"Albert Camus / Arrotza" orrialde nagusia