II

 

        Iratzartzean konprenitu dut, nagusiak jarritako planta txarra, bi egun jai eskatu nionean, egun larunbata da-eta. Egia esateko, ahantzia nuen, baina jaikitzerakoan oroitu naiz. Era honetan, lau egun nuela jai pentsatu bide du nagusiak eta, bistan da, ez dio graziarik egin. Batetik, ez da nire erruz amaren hilobiratzea gaurko ordez atzo izana, eta bestetik, nolanahi ere larunbatean eta igandean jai izango nuen. Hala ere, konprenigarria zait nagusiaren jarrera.

        Ez naiz aisa jaiki, atzo oso nekatua nintzen-eta. Bizarra kentzerakoan, zer egin nezakeen galdetu diot neure buruari, eta bainura joatea erabaki dut. Tranbia hartu dut kaiko bainugelara joateko. Behin han, uretan murgildu naiz. Gazte asko zen. Maria Cardona aurkitu dut uretan, lehenago nire bulegoan lana egiten zuen idazkaria, eta garai hartan irrikatzen nuena. Berak ere uste dut baietz. Baina berak handik alde egin zuen eta ez genuen denborarik izan. Txalupa batera igotzeko gonbidatu dut, eta une hartan bere bularren ukitua sentitu dut. Ni uretan nenbilen oraindik eta txalupa gainean etzan da, den bezain luze. Niregana jiratu da. Uretara erortzen zaizkion ileak eta barre egiten zuen. Txalupara igo eta bere alboan etzan naiz. Eguraldi ederra zen. Erdi jolasean bezala atzera bota dut burua eta bere sabelaren gainean pausatu. Ez dit ezer esan eta horrela egon naiz. Zeru osoa nuen begitan, zeru urdina eta distiraduna. Mari-ren sabeleko mugimendua sentitzen nuen nire buru atzean. Luzaz egon gara txaluparen gainean, erdi lotan. Eguzkia indartu denean, uretan murgildu da neska eta nik berdin egin dut. Harrapatu dut neska eta gerritik heldu diot. Elkarri lotuta egin dugu igeri. Beti barrez bera. Kaian, gorputzak sikatzerakoan, hauxe esan dit: «zu baino beltzago nago». Iluntzean zinemara joan nahi duen galdetu diot. Barre egin du eta Fernandel-en film bat ikusteko gogoa duela agertu dit. Jantzi garenean, zeharo harrituta da nire gorbata beltzarekin eta lutoz al nengoen galdetu dit. Ama hil dela esan diot. Noiz hil zen galdetu dit eta nik: «atzo». Atzerakada egin du, baina besterik ez. Ez dela ene errua esateko gogoa etorri zait, baina ez diot esan, nagusiari gauza bera esan niola oroitu naizelako. Honek ez du ezer esan nahi. Nolanahi ere beti gara errudun.

        Iluntzean, ahantzia zuen dena Mari-k. Oso aldrebesa zen filma eta azkenerako aspergarria. Nire hankaren kontra zuen berea neskak. Bularrak laztantzen nizkion. Ia azkenean, besarkatu dut, baina gaizki. Gero nire etxera etorri da.

        Iratzartu naizenean, partitua zen Mari. Bere izebarengana joan behar zuela esan zidan. Igandea dela pentsatu dut eta nire onetatik atera nau: ez dut maite igandea. Ohean jarraitu dut, Mari-ren usaina sumatu dut burukoan eta lo egin dut hamarrak arte. Zigarro batzuk erre ditut, ohean noski, eguerdia arte. Ez nuen besteetan bezala Celeste-ren etxean bazkaltzeko gogorik. Izan ere galdera asko egingo zizkidan eta hori ez dut maite. Bi arrautza frijitu ditut eta ogi gabe jan, ogia erosteko gogorik ez nuelako.

        Bazkalondoan pixka bat aspertu naiz eta batetik bestera ibili naiz etxean. Atseginago zen nire ama han zenean. Orain handiegia da niretzat eta jan lekutik nire gelara eraman dut bazkaltzeko mahaia. Nire gela bakarrik erabiltzen dut, aulki batzuk, armairu horia, toilette-ko mahaia eta kobrezko ohea. Gainerakoa baztertu dut. Geroxeago eta zerbait egitearren eguneroko bat hartu eta irakurri dut Kruschen gatzaren anuntzio bat moztu eta koaderno zahar batean ipini dut, aldizkarietan gustaturik moztutako zenbait gauzaren artean. Eskuak garbitu eta balkoira atera naiz. Faubourg karrika nagusira begira dago nire gela. Arratsalde ederra. Hala ere zikin zegoen kalea, jende gutxi eta haiek presatuak. Paseatzen zebiltzan familiak, bi mutiko marinelez jantzita eta neskatila bat oinetako beltzekin. Haren atzetik, ama bat, handia, zetazko soineko marroiarekin eta aita, nik ikustez ezagutzen nuena. Bere emaztea ikusi eta gero ohartu nintzen zergatik zuen gizon hark handizkien fama auzoan. Geroxeago Faubourgko gazteak pasatu dira. Ile lakatuak eta gorbata gorriak zituzten. Zamarra gerri estuak eta oinetako mutur koadratuak. Zinemara doazela pentsatu dut. Hain garaiz eta barrez tranbia hartzera zihoazelako.

        Ondoren basamortu bilakatu da kalea. Filmak hasiak ziren, uste dut. Kaleetan ez ziren dendari eta katuak baizik. Zerua garbi. Tabako saltzaileak aulki bat atera du aurreko espaloia eta han eseri da atzekoz aurrera. Arestian gainezka zihoazen tranbiak hutsik ziren orain. Tabako saltzailearen alboan, «Pierrot-ena» kafetegian, sala garbitzen zerbitzaria. Igandea zen benetan.

        Atzekoz aurrera jarri nuen nire aulkia tabako saltzaileak bezala, atseginago zitzaidalako. Bi zigarro erre ditut, txokolate pixka bat hartzera sartu naiz eta berriz balkoira hura janez. Gero zerua goibeldu da eta ekaitza datorrela pentsatu dut. Baina berriro garbitu da zerua. Euriaren promesak ilunagotu du kalea. Luzaz egon naiz zerura begira.

        Bostetan iritsi dira tranbiak, zarata handitan. Estadioan izandako jendea zekarten. Ondorengo tranbietan zetozen jokatzaileak, haien maleta txikiekin. Kantari eta deiadarka. Keinu egin didate. Haietako batek deiadar egin dit: «xehatu ditugu». Eta nik: «bai», buruari eraginaz. Une honetatik aurrera autobusen emana hasi da.

        Eguna jiratu da. Teilatu gainean zerua, gorri samar eta ilunabarrean kaleak suspertzen. Paseatzaileak pixkanaka-pixkanaka etxerantz. Lehengo jaun handizkia berezi dut besteen artean. Haurrak negarrez edo tarrastaka. Berehala, zinemak hustu dira eta kalera bota dute barnean zuten jendetza. Beste askoren artean, gazte jendea jestu handiz eta menturazko filmaren bat ikusi dutela pentsatu dut. Herriko zinematik zetozenak beranduago iritsi dira. Hauek serioago zetozen. Orain irri eta gero pentsakor, eta akitu antzekoak. Kalean ibili dira batetik bestera. Auzoko neskak elkarri besotik helduta. Mutilak hauekin gurutzatzen ziren zerbait esanaz, ondotik pasatzean, eta hauek barre egiten. Haietako batzuek, ezagutzen nituenak, keinu egin didate.

        Kaleko bonbillak piztu dira derrepente eta gaueko izarrak ilundu. Begiak nekatu zaizkit kaleko gizonei eta argiei begira. Tarteka tranbiak eta haien argitan irribarreak, brazalete edo ile batzuen distira. Gero tranbiak, baina bakanago eta gaua zuhaitz adarretan eta etxe gainetan pausatzen. Afaltzea pentsatu dut. Min nuen lepoan, aulkiaren bizkarrak sortua. Ogia eta lata batzuk erostera jaitsi naiz, afaria prestatu eta zutik jan dut. Zigarro bat erre nahi nuen leihoan, baina hotza zen. Leihoa itxi dut eta itzultzean mahaia ikusi dut ispilutik eta mahaiaren gainean alkoholezko lanpara ogi puska artean.

        Igande galdu bat zela pentsatu dut, ama lurperatua, bihar lanera joan beharra; hots, ezer ez dela aldatu.

 

 

© Albert Camus

© itzulpenarena: J.M. Agirre

 

 

"Albert Camus / Arrotza" orrialde nagusia