Biktoriano Huiziren harreman trajikoez
Euskaldunon Egunkaria, 2000-XII-1 eta 8
Badirudi Biktoriano Huizirena gorantza doan balioa dela. Iazkoan, ekainaren 24 eta 25 egunetan eta Etxarri-Aranatzen bertan, bere euskal gramatikaren mendeurrena betezen zela eta, Euskaltzaindiak omenaldia egin zion, eta behiala ere Biktorianoren berri ematen duen artikulu berri zenbait agertu da aldizkari espezializatuetan
1. Biktoriano Huizi González de Villazón 1860ko irailaren 6an jaio eta 1938ko irailaren 19an zendu zen Etxarri-Aranatzen. Iruñeko apezgaitegian apeztu ostean Abaurrepea, Larunbe, Unanu eta Arakil-Uharten izan zituen bete beharreko lehenbiziko ardurak. Nafarroan orduan ere euskarak nozitzen zuen egoera itogarriaren lekukoa izan zen, eta urte bertsuetan hainbat euskaltzaleen ekimenei esker ekintza itxaropentsuak aurrera atera baziren ere, huraxek ez zizkieten Huiziri begiak lausotu eta errealitatea izkutatu, ez eta erakarri ere, ordea eta tamalez. Hemezortzi urteko apezgai gaztea genuen Biktoriano Nafarroako Euskara Elkarteak bere ibilbideari 1878an ekin zionean bizitza laburreko aldizkari kultoa bezain berritzailearen lehenbiziko alea argitaratuz. Campionen Orreaga 1880an atera zen argira, eta lau euskalki literarioen gramatika, berriz, 1884ean. Bestalde, ezagun da Campion eta Bonaparteren artean eztabaida emankorra gertatu zela Sakanako euskalkia klasifikatzen saiatzerakoan. Euskara aldizkarian zenbait artikulu agertu ziren honen inguruan 1881ean Campionek zein Bonapartek eginak. Alabaina, ez batak ez besteak, beren kanpo-lanetarako ez idazkietarako ere ez zuten Huiziren iritzia jaso.
Bistan denez, gazteegia zatekeen etxarriarra, eta anartean, ezagungabea zuketen bi ikerlariek. Edozein modutan ere, bestelakoa izan zitekeen afera, eta Huizi Campionen gustokoa gertatzen ez zelakoan bagaude, batetik ideologikoki kidea ez baitzuen, eta bestetik maila pertsonalago batean Huizi jendaki zaila baitzen. Campion Iruñean bizi zen, eta ez da dudarik apezgaitegikorik ezagun zuenik. Areago esanen dugu, Campionek 1869-1902 urte bitartean apezgaitegiko errektorea zen Damaso Legaz Laurenzena baztandarrarekin harreman haundia izan zuen, Euskara Elkargoaren kide eta Campion beraren Los últimos navarros idazkiaren itzultzailea zena. Ez zen batere zaila, beraz, Legazen bitartez Campionek Huizirengana jotzea Sakanako euskararen gaineko zalantzen argitzera. Alabaina ez zen horrela gertatu. Ildo beretik, Campionek bere Orreaga baladarako ez zuen Etxarriko aldaerarik prestatu, aukeran bazuen ere, eta 1884eko gramatika erraldoiaren laburpen txikia 1908an argitaratu zuenean, ez zuen Huiziren gramatikaren aipamen mendrenik ere egin.
Garai bertsuan, 1897an hain zuzen ere, Nafarroako euskarazko katedrarako oposaketa deitu zuen nafar aldundiak, Huizik berak bere gramatikaren sarrreran jaso bezala. Ez zen hura lehenbiziko aldia oposaketaren deialdia zabaltzen zela, baina aurrekoetan Campiónek eta Legazek osaturiko epaimahaiak ez zuen aurkeztutakoen maila onartu eta desestimatu zuten oposaketa, 1897ra arte katedrarik gabe geratu ginelarik. Huizi ote zegoen 1887ko deialdian aurkeztu zirenen artean? Ez dakigu, baina posiblea izan daiteke. Kontua da bigarren deialdian, 1897koan hain zuzen, Huizi ez zela aurkeztu, nahiz ordurako gramatika idazten hasia izan. Zergatik bada? Lehenengo deialdian maila eskaseko jende gutxi aurkeztu bazen, oraingoan aukera gehiago egonen ziren gure Huizirentzako. Beraz, pentsatzekoa da epaimahaian zeudenak ez zirela ongi moldatzen etxarriarrarekin, eta horrek etsiaraziko zuen eiki. Ezagun denez, oposaketa hartan Migel Iñarra Mitxelena apaiz oiartzuar gaztea gailendu zen, Huizi baina 5 urte gazteago zena. Huraxe olerkari handia zen, ez ordea gramatikalaria, eta handik gutxira hil zenean, katedra luzaroan hutsik geratu zen berriro ere. Ez da zalantzarik, objetiboki begiratuta, aukera gehiago izan behar izan zituela gure Huizik Iñarrak baino, hala eta guztiz ere...
2. Biktoriano Huizi Euskara Elkargokidea eta orduko euskaltzaleen sokakoa ez izanagatik euskara maite zuen gutxiz gehien. Honen lekuko unean uneko gotzaiarekin izan zituen arazo larriak euskara eta zela bide. Onartu behar da Biktoriano koxkorreko pertsona bazela, genio txarrekoa ez esatearren, baina badirudi apezpikuekin izaniko tira-biren azpian euskarak berak pisu haundia bazeukala. Hortaz, Iruñeko gotzaiek ez zuketen begi onez hartuko Huiziren jokaera ez liburua. Oliver Hurtado malagarraren ondoren (1875-1886) Antonio Ruiz-Cabal Rodríguez kadiztarra izan zen Iruñeko gotzaia. Ez oso maitatua kargurik gorenenak nafarrak ez zirenei ematen zizkielako, 1899ko abenduan dimisioa eskatu zuen, ohiko adio ofizialik gabe, bere agintaldiaren porrotaren erakusgarri. Biktorianoren liburua, berriz, ber urteko abuztuan atera zen karrikara, bere poltsikotik ordainduta, eta lehenbiziko orrialdetako ohiko baimen eta zentsura eklesiastikoak bertan ezarri gabe. Liburuan ezarri sarreretan ere, nahiz esplizitoki gotzaiaren jarrera ez aipatu, bai inplizitoki iger daitekeela gotzai andaluziarrari eginiko salaketa, nola euskarazko sarreran, nola erderazkoan.
Ruiz-Cabalen ostean apezpiku berria iritsi zenean, hau da, José López-Mendoza y García burgostarrak Iruñeko agintegoa bere egin zuenean, egoera ez zen ezertan ere aldatu Huizirentzako. Burgostik etorritako agustindar honekin, bada, ez zitzaion Huiziri bere lana goxotu, ez eta aisatu ere, eta hasiera batean Etxarrin geratzeko emandako hitzari men egin gabe, Altsasura igorri zuen apaiz-laguntzaile 1900eko irailaren 27an. Altsasutik Urdianera aldatu zuten, eta azken honetan parrokiko ekonomilari zegoela, «Elizaguindeen zuzenguin kontuskua» izenburupekoa eman zuen argitara Iruñeko apezpikutegiaren 1904eko aldizkarian. Honakoa Urdiaingo misioen erreseina dugu, laburra izanagatik ere, interesekoa dena, non bi orrialde eskasetan, 1903ko bukaeraldean Orkin eta Erbiti aita erredentoristek Urdiainen eginiko misioaldien aipua ekarri baitzigun. Apezpikutegiko Boletín Oficial Eclesiástico 1862ko maiatzaren 10ez geroz argitaratzen zen, eta karrikan izan zen lehenbiziko 40 urteetan ez zen testurik euskaraz ageri, harik eta 1903ko ekainaren 2an Arruitzen erretore zegoen Joxe Fermin Argiñarenak «Mayatceco illa Euskal-Errian» izenburuko laburra igorri zuen arte. Baraibartar huraxek ireki ildotik, beraz, etorri zen Huiziren lana. Zoritxarrez, huraxek ez zuen segida sendorik izan beste apaizen aldetik, eta egia esan ez dakigu Huiziri zein neurritan mina egin zion euskal erreseina hura argitaratzeak.
Urdiaindik 1904ean atera zen Iraizotzera erretore joateko, baina Ultzaman ere arras denbora laburra eman zuen, izan ere, Lesakara aldatu baitzuten apez-laguntzaile lanetan berriz ere aritzeko.Apezpikutegiko agintariekin, beraz, zituen arazoak zirela bide, hau da, bere Sakana maitetik urruntzea eta apezpikuek euskararekiko erakutsitako jarrerarengatik, Biktoriano Huizi Josulagunen ordenean sartu zen 1906ko otsailaren 23an. Ia hogei urte eman zituen Biktoriano Huizik Lagundian, baina hortxe ere unaturik nonbait, 1925erako jada ez da Biktorianoren izena Lagundiaren katalogoetan agertzen. Ahanzbidea harturik edo Kuba aldera joan zitzaigun Huizi berriz ere apez soil moduan. Karibeko uhartean, ordea, ez bide zuen denboraldi luzeegia eman, eta handik gutxira Etxarrira itzuli zen, non zendu arte sortetxean pake ederrean geratu zen.
© Joxemiel Bidador "Joxemiel Bidador: Artikuluak" orrialde nagusia