Euskal sena aitzaki, Latxagarena oroituz

 

 

Euskaldunon Egunkaria, 1999-11-12

 

        Euskal kulturaren urtea Durangoko azokarekin amaitu edo hasi egiten dela esan genezake, eta honi begira uhinka datozkigu mota guztietako euskal liburuak; berriki, eta politika komertzial honi zintzoki jarraikiz, Latxagaren azken liburua iritsi zaigu, Euskal sena, Antonio Zabalak kudeatzen duen Auspoa Liburutegiaren barruan, 260. zenbakiarekin hain zuzen ere. Latxagaren liburu berria aurretik utziriko beste lau libururen zerrenda borobiltzera badatorkigu. Naparroa euskal arrobia 1973.ean kaleratu zen Antonio Maria Labaienen hitzaurre batekin, eta San Migel egunean aurkeztu zen Iruñean. Urte berean Aralarko San Migel aurkeztu zuen Inozentzio Aierbek moldakatu sarreratxo batekin. Azkenik, Errioxako San Millan euskal iturri liburua 1974.ean agertu zen Latxaga Parisen zenean. Hiru liburu hauek Gasteizen inprimatu baziren ere, Donostiako argitaletxe batek atera zituen, Jon Oñatibiaren Edili izenekoak hots. Laugarrena Jakara oñez Naparroan zear izenburukoa dugu —Bilbo, LGEV, 1976—, Intzako Damasok tajutu sarrera batekin elki zena.

        Jose Maria San Sebastian Zubillaga Donostian sortu zen 1933.ean, alabaina aitaren aldetiko sendiaren erroak nafarrak izaki, berau ere arras lotua sentitu izan da beti Nafarroarekin, eta hala erakutsi izan du behin baino gehiagotan, bere idazlanak sinatzeko ere aspaldian aukeratu zuen ezizenak argikiro erakusten digunez —Latxaga Iturengo auzo baten izena baita—. Nonbait, XVIII. mendean iritsi ziren Berastegira bere askazi urrunak Basaburuko Labaiendik, alta, horren urrutira joan beharrik izan gabe, Nafarroarekiko maitasuna, baita euskara eta euskal sena ere, Berako Ugainbordan arnastu zituen Latxagak bertan amatxia zeukan Maria Zugarramurdirengandik.

        Eliz ikasketak amaitu ostean, Latxagak Orexara egin zuen 1969.eko urrian erretore, hantxe lau bat urte eman zituelarik. Bertan itzeleko lana burutu zuen euskararen inguruan: bere lehenbiziko euskal liburuak izkiriatu eta argitara eman zituen Orexan zegoela, baina horrezaz gainera, kaleko euskaldun berriek udan euskara kolore biziagoz jazteko proiektua eraman zuen aurrera. «Orexa'ko Udarako erri Unibersidadea» bataiatu zuen horretan ez zen bakarrik izan, eta Jon Oñatibia adiskidea izan zuen horretan ere lagun.

        Orexatiko egonaldia ahitu eta Parisera joan zen Latxaga berriz ere ikasle; aurreneko Sorbonan izan zen, eta ondoan ere New Yorkeko Columbia unibertsitatean, luzaro gainera. Honen ondorioz, hiru esparrutan doktore dugu Latxaga, teologiaz aparte, baita antropologian eta hizkuntzalaritzan ere. Guztiarekin, Latxagaren lanetan ederki uztartzen dira hiru arloak bakar bat osatuz, bere azken liburuaren izenbuak ederki asko definitzen duena: euskal sena. Orexan zegoela, eta antropologiaren bidetik, bertako ikerketa etnolojikoa burutu zuen, euskaraz, Joxemiel Barandiarani argitaratzeko eman ziona. Oraino Orexan zegoela, euskal aditzean bereziki sakondu zuen, eta hortaz, Nafarroako Aldunditik behin baino gehiagotan deitu zuten aditzaren morfologiaz irakasle nafarrei mintza zitzaien. Hizkuntzalaritzan doktoratzeko Sorbonan aurkeztu zuen tesia euskal aditzaren gainekoa izan zen, eta honen ulertzeko 1984.eko FLV-n «Recherches sur la morphologie du verbe basque» kolaborazioa agertu zigun. Berrikiago ere, 1994.ean hain zuzen, «La representación del tiempo en el verbo vasco» artikulua agertarazi du gai bertsuaz. Euskal filologian ere, eta Lakarra-Kortazarren ikerketa agertu zen urte berean, 1983.ean alegia, Barrutiaren antzertilanaren faksimila eman zuen argitara Tolosan.

        Antropologia eta teologiaren barruan, berriz, bestelako lanak ere agertu bazituen agertu Latxagak: Eglise particulière et minorités etniques, jalons pour l'evangélisation des peuples minoritaires —Clamecy, 1978— eta Minorités nationales et liturgie romaine, l'exemple de la liturgie en Basque —Paris, 1979— lan gotorrak, Iglesias rupestres visigóticas en Alava: la Capadocia del País Vasco y el complejo rupestre más importante de Europa —Bilbo, LGEV, 1976— eta «¿Una piedra discoidal visigótica en Lizarraga?» —1977.eko CEEN-n—, edota Euskal Erriko sinodua —Lazkao, 1984—.

        Honakoez gainera, artikuluegile ezin naroago gertatu zaigu Latxaga; 60.eko hamarkadan Jose Antonio Garateren Goiz Argi aldizkariko kolaboratzaile sutsua izan zen, baita Príncipe de Viana aldizkariaren euskarazko gehigarrian ere. Honako biak desagertu ondoren, Euskerazaintzaren paperean eta Diario de Navarra-ko euskarazko orrian bereziki segitu izan du idazten. «Euskeraren erri akademia» Durangon sortu zen 1978.ean, Lino Akesolok Euskaltzain osoa izateari 1963.ean zaputz egin ostean, eta izen bereko argitalpena 1987.ez geroz hasi zen agertzen Agustin Zubikarai zuzendaritzapean; honetan hamabost bat artikulu agertu ditu Latxagak, baita Xomorroen euskal izenei buruzko lan interesgarria zuzendu ere. Bestalde, Diario de Navarra-ko «Nafar izkuntza»-n, alegia, aurretikago «Nafar izkuntzan orria» zenean, aspaldian idazten hasia bada ere, 1997.ez geroz, Manu Oñatibia zendu zenetik, honen arduradun osoa dugu.

 

 

 

© Joxemiel Bidador

 

 

"Joxemiel Bidador: Artikuluak" orrialde nagusia