Arnaud Abbadie laborarien laguna
Euskaldunon Egunkaria, 1999-9-10
Arnaud Abbadie 1843.ean sortu zen Amikuze aldeko Bitiriñeko Garatian; 16 urterekin Larresoroko apezgaitegi ttipian sartu zen, zuzendari lanetan Maisonnave apeza zegoenean, eta geroago, Baionako apezgaitegi nagusira aldatu zen, hantxe bertan 1868.eko ekainaren 6an apeztu zelarik. Lehenbiziko betebeharrek bi seminarioen arteko bidea egitera behartu zuten: 1868.ean berean Larresorora joan zitzaigun ikastegi ttipiko irakasle, 1876.ean, berriz, Baionako ikastegi nagusira itzuli zen zeregin berarekin, eta azkenik, 1880.ean, berriz ere Larresorokora, Baionakora aldatua zuten Souberbielle zuzendariaren postuan aritzera joanarazi zuten. Urte guzti hauetan irakasten zituen gutxiz gehiengo gaiak filosofia eta lurgintza genituen; bi seminarioetan lankide izan zituenen artean Manex Hiriart-Urruti, Blaise Adema edota Jean Barbier zeuden, eta ikasle izan zituenen artean, berriz, Jean Etxepare, Jean Saint-Pierre, Jules Moulier, Laurent Aphestegi edota Jean Elissalde aipa ditzakegu. 1881.ean Baionako eliz-nagusiko ohorezko kalonje izendatu zuten, eta 1907.ean, aldiz, apezpikutegiko kontseilukide egin zuten; hil urren zegoela, 1916.eko otsailean alegia, Orango ohorezko kalonje izendatu zuten, baina martxoaren 2an Beloken itzali zitzaigun betiko. 1929.eko irailean Euskaltzaleen Biltzarrekoek ohoratu zuten sortetxeko atarian plaka bat jarriz.
Euskal idazle moduan Eskualduna astekarian eta Fedeco Propagacioneco aldizkarian idatzi zuen. Lehenengo argitalpenean Abbadiek »Laborarier» goiburuko saila kudeatu zuen hamabost bat urteko bitarte luzean nekazariei interesgarriak zitzaizkiekeenak nasaiki jorratuz —orduan ageririkoen batzuk Gure Herria-n berragertu ziren 1975.ean, sator, uli, jinko-oilo eta har laborarien etsaiak izkiriagai harturikoak hain zuzen ere—. Egia esan, Abbadie genuen, Hiriart-Urruti eta Blaise Adema lankideekin batera, Euskalduna aldizkariaren bultzatzaile nagusia argitalpenaren lehenbiziko urteetan. Abbadie ez zen aritu, ordea, aldizkariaren zuzendaritza lanetan, beste biek egin zuten antzera, eta Hiriart-Urrutik politika zein erlijio arloko berriak eta landu, eta Ademak asteko berriak jaso eta bere iruzkin goxoekin eskeintzen zizkigun bitartean, Bitiriñekoak eskoletan irakasgai zuen lurgintzari buruzko interesgarriak gelatik kanpo elkitzen zituen nekazari euskaldunei lagungarri gerta zekizkien. Honen hariaz zehatz ihardun zigun Etxepare mirikuak 1925.eko Lekaroz aldizkarian: «Laborantzaz bakarrik zen hura beti mintzo, laborarien lanez eta urratsez, mendetik mendera jakintsuago bilakatu baitira gure Eskualerrian berean, eta, oro ikusiz, besoak azkar bezain adimendua erne dutelakotz eskatzen. Eskualdun laborariek berek egundainotik lantu hizkuntza zerabilan, euskara ginarria, heriotzerik ez duken euskara. Lurrarekilako ara zaharretan hoberener jarraiki bazagon, berrietarat errexki ixuria zen, oraino hobeak zitzaizkonean. Agintariaren menitzala nekazalearen gogo azkarra, jakintsuen argi hedadura, apez sainduen maneskua, eskualdun zaharren zuhurtzia, haurren lañotasuna, gizon eginaren ongirako oldarra, oro bazituen Larresoro ikastetxeko buruzagi ezin ahantzizko harek».
Gorago aipatu bigarren aldizkaria, Fedeco Propagacioneco urtecaria edo fedearen propagacioneco berriac urteca ematen dituena bi-hilerokoa genuen, 1877.eko irailaz geroz Baionako Lasserrerenean ateratzen hasi zena, eta Annales de la Propagation de la foi kaierraren euskal aldaera genuen oroz gain; argitalpenaren lehenbiziko zuzendaria Maisonnave kalonjea izan zen —Abbadie apezgai zela Larresoron zegoen aipatu zuzendari bera—, eta hasierako mezenas Baionako ohorezko kalonjea zen Larrousse apeza genuen. Abbadie zuzendari lanetan 1891.era arte arizan zen, ardura horren lekukoa Joannategik hartu ziolarik —horra hor, beraz, ezinbestean Eskualduna-ren zuzendaria ez izateko zinezko arrazoi pisuduna, bada, gaitz baitzukeen bi paperen lema-kudeatzaile ihardutea—. Laborantza alde batera utzirik, erlijioaren hau berebiziko izkiriabide izan zuen Abbadiek, ez bakarrik Fedeco propagazioneco hartan; Hazparneko Kalbarioa eta Kantikak eskuaraz deitu 1892.eko liburuan prediku bat eman zuen argitara, eta lan solte moduan Aphezac soldado idazkia atera zuen Baionako Lasserre baitan 1890.ean —lan honen berrargitarapena Euskera aldizkarian atera zen ihazkoan Piarres Xarrittonen eskutik—, Frantziako gobernamenduak apezgaiek ere soldadutza egin zezaten onarturiko lege berriaz luze tajuturiko testua daukaguna: «Lege berri horrec badakharke beraz, heldu den urthetic goiti, aphez geiec beharko dutela bertce guciec bezala, eta heiekin batean soldadogoa egin, bai eta ere aphecec, zoinec beren adinaren arabera (...) legearen egileen chedea baita erlijionearen gal araztea. Guc ere badakigu orai nolacoa den, eta badakigu giristino batec nehola ere ecin dezoketela lege horren aldecoer escuric eman; giristinoec beren indar guciac behar dituztela bildu lege galgarri horren hausteco, eta ez dutela epheric hartu behar nun ez duten lurrerat aurdiki».
© Joxemiel Bidador "Joxemiel Bidador: Artikuluak" orrialde nagusia