Sakanako euskal idazle ahaztu bat: Santiago Ezkerra

 

 

Euskaldunon Egunkaria, 1999-7-2

 

        Santiago Ezkerra Beltza 1925.eko maiatzaren 6an sortu zen Etxarri-Aranatzen. Oraino haurra zela, Silberio eta Leontzia gurasoak hil zitzaizkion, eta kaputxinotarren ordenean sartu zen; 1946.ean profesio txikia egin zuen Zangotzan eta profesio handia, berriz, 1949.ean Iruñeko komentuan. 1950.ean apeztu ostean, Zangotzan, Iruñean eta Lekarotzen izan zen, baina 1961.eko ekainaren 13an utzi zuen ordena. Hasiera batean Bilboko lagun batzuen etxean izan bazen ere, ez zuen denbora luzeegirik egin Madrilera betiko joan zenerako; hantxe izan da azken urte guzti hauetan, eta hantxe jarraituko bide du. Lanbidez prentsa zuzentzailea izan da —As, Semana...—, eta Ciudad Real aldeko Almadengo alaba batekin ezkonduta, lau seme-alaba baditu.

        Santiago Ezkerra Beltzak, kaputxinoen artean zegoela Aureli Etxarri-Aranazkoa eta literaturan «Lizarrusti» izan denak alegia, Goiz Argi eta Principe de Viana aldizkarietan agertu zituen artikuluxka ugariez gain, hiru idazki utzi zizkigun, laburrak eta eliz kontuez. Fraide zeneko lehenbiziko lana Migel goiaingeruari bedratzi-urrena dugu, Iruñeko kaputxinotarren moldiztegietatik eta 1956.ean elki zena. Ez da harritzekoa sakandar batek horrelako saltsatan sartzea: «Ez du neiko euskaldunak iru edo lau aldiz Aralar mendira igotzea, ez. Geiago eskatzen dio bere biotzak. Bere etxean izan nai du, orregatik San Mikel Aralar menditik urtero jexten da bere semeak ikustatzera, oiekin bizitzera, badijoa erriz erri ta erri bakoitza barna, eta nola berotzen da euskaldunaren biotza san Mikel beren artean ikustean». Aleki hau urri geratu zatekeelakoan edo, berriz ere argitara eman zuen, beste lan zabalago baten barruan, Bederatzi-urren bearrezkoenak eta eliz otoitz batzuk izenburukoaren barruan alegia, Zarauzko Itxaropenean 1958.ean ageri zena. Aurrekoan bi baztandar izan zituen zentsore, Franzisko Arizkungo ordenkidea eta Blas Fagoaga erratzuar ezaguna, ez edonolanahikoak beraz. Honetan ordea, Dorraoko Fidelek lagundu zion Arizkungoari zeregin berberan.

        Lizarrustik karrikaratu hirugarren liburua Meza saindua izenburukoa dugu, Iruñeko Aranburu argitaletxean 1958.ean. Honen zentsorea ere ez zen edonor, Murietako Felipe ordenkidea izan baitzen hain zuzen. Honetaz iruzkin laburra egin zion Jose Artetxek ber urteko Egan aldizkarian: «Gure elizetako utsune negargarri ori betetzeko, aita Aurelio Etxarri-Aranazkuak liburutxo polit eta oso merke bat atera du oraintxe. Bi pezeta baño merkeago saltzen da; pezta bat eta amasei sosetan (...) Baztango euskara xamurrean eskribitua dago». Eliz kontuetan ez dakigu zenbaterainoko zuzen zihoanentz gure on Jose Artetxe, berdin salneurriari dagokionean, baina euskalkiaz denez bezanbatean, oker samar destatu zuela baderitzogu, izan ere, erran bat edo beste esateak ez baitu euskara baztanarazten, ez eta gutxiagorik ere. Bestaldetik ere, Ezkerrarekin hizketan, gipuzkeraz edo idazten duela zioskun, Etxarriko euskara behin bakarrik erabili baitzuen, Príncipe de Viana aldizkarira igorri azken kolaborazioan hain zuzen ere.

        Ezkerrak bi aldizkarietara bidali zituen bere kolaborazioak, Goiz Argi eta Príncipe de Viana aldizkarietara hain zuzen ere. Lehenbizikoa Arantzazuko frantxikotarrek argitaratzen zuten 1960.eko urtarrilaz geroz, eta Aránzazu aldizkariaren nekazaritza gaiei buruzko gehigarri moduan ateratzen hasi zen hilabetero, ohiko kolaboratzaileak argitalpenaren lehenbiziko zuzendaria izan zen Jose Antonio Garatek Kardaberaz taldearen inguruan bilatu zituela. 1970. inguruan orri kopurua zertxobait zabaldu zuten, 12 orrialdetara, eta proiektuan sartu berria zen Joseba Muruaren esanetara kolaboratzaile gehiago iritsi ziren, tartean, Agustin Miner idazlea. 1974.ean hilabetekaritik astekari izatera pasatu zen, eta 1975.ean Bizkaiko Agur astekaria itxi zenean, hango kolaboratzaileak Goiz Argi-ra igorriko zituzten haien kolaborazioak. Agur-en bezala, honetan ere ez zen Euskaltzaindiaren hizkuntza ereduari jarrikitzen. Goiz Argi-ren orriak 1986.ean ixildu ziren. Santiago Ezkerrak argitalpen honetara bidali zituen kolaborazioak 291. zenbakitik aurrera hasi ziren agertzen, 532. zenbakira arte, hau da, 1976.etik 1982.era arte, osotara, 63 artikulu, edozein gaia jorragai zutenak. Príncipe de Viana erakundeak kaleratzen zuen euskarazko gehigarrian, berriz, 1974.etik 1981.era arte agertarazi zituen bere idazkiak, 26 osotara, 101. zenbakitik 146. zenbakira bitartean alegia.

        Ezkerraren abotsa 1982.ean ixildu zitzaigun gurean. Gure artean izan zeno, harreman mardoak izan zituen Nafarroako beste euskal idazleekin, tartean Jose Agerre edota Mariano Izeta, eta Madrileratu ostean Euskal Herriko gora-beherak jarraitu ditu, horren lekuko Karlos Garaikoetxeari egoera politikoaz eginiko azterketarekin helarazi gutunak, eta atzerriko zenbait euskaltzalerekin ere harreman guritsuak izan ditu, Tauerrekin edota Holmerrekin hain zuzen ere. Alabaina, Euskal Herritik kanpo luze egotearen kariaz, eta prentsa zuzentzaile lanak neurri batean nekatuta edo, idazteko gogoa aienatu zitzaion, eta egun isilik dirau.

 

 

 

© Joxemiel Bidador

 

 

"Joxemiel Bidador: Artikuluak" orrialde nagusia