Biktoriano Huizi gogoratzen

 

 

Euskaldunon Egunkaria, 1999-6-25

 

        Justo Huizik eta Anastasia González de Villazón senar-emaztearen seme bakarra zen Biktoriano 1860.eko irailaren 6ean jaio eta 1938.eko irailaren 19an izenkidea zuen Biktoriano Irurtzun iloba apezak lagundurik zendu zen Etxarri-Aranatzen. Apaiz izateko ikasketak Iruñeko San Migelgo apezgaitegian burutu zituen, hau da, hiru urteko humanitateak, bi urteko filosofia, eta sei urteko teologia, honen ostean, 1885. urte inguruan apeztu zelarik. Behin apeztuz geroz, hamalau urtez izan genuen erretore eta beste zazpi urtez arizan zen apaiz-laguntzaile Nafarroako hainbat tokitan. Apez moduan burutu zuen lehenbiziko lanek Aezkoara eta Itzara eraman zuten, Abaurrepera eta Larunbera hain zuzen ere, halaz guztiz, ez zen luzaroegi joko sorterritik hurbilera joanarazi zuten arte, eta 90.eko hamarkadarako Unanun eta Arakil-Uharten izan genuen erretore. Burgostik 1899.eko bukaeran iritsitako gotzai berriak Altsasura eta Urdiainera igorri zuen apaiz-laguntzaile eta parrokiko ekonomilari lanetan aritzeko. Sakanatik 1904.ean atera zen Iraizotzera erretore joateko, baina Ultzaman ere arras denbora laburra eman zuen, izan ere, Lesakara aldatu baitzuten apez-laguntzaile lanetan berriz ere aritzeko. Alabaina, eta apezpikutegiko agintariekin bide zituen arazoengatik, 1923.eko otsailaren 23an Josulagunen ordenean sartu zen josulagungai moduan Loiolako etxean, honekin bere bizitzaren lehenbiziko aroa itxiz.

        Ia hogei urte eman zituen Biktoriano Huizik Lagundian. Apaiza bazen ere, josulaguna izateko prestakuntza ikasketak burutu behar izan zituen; lehenbizi, eta lehenengo zinitzak egin aurretik, josulagungai bezalako hiru urte igaro zituen Loiolan; handik, Burgosko La Merced ikastetxera joan zitzaigun 1909.eko ikasturtean erretorika ikasle moduan; hurrengo bi ikasturteetan, berriz, teologia dogmatikoa eta morala ikasi behar izan zuen Oñako ikastetxean, eta azkenik, josulaguna izateko faltatzen zitzaion hirugarren probanda 1912.ean egin zuen Loiolan. Orduz geroz, apaiz lanetan ihardun zuen Lagundiaren zenbait etxeetan: 1913.ean Loiolakoan, 1914.etik 1918.erako laurtekoan Bilbokoan, 1919.etik 1922.erako hirurtekoan berriz ere Loiolakoan, eta azkenik, 1923.etik 1924.era Durangokoan. 1925.erako jada ez da Biktorianoren izena Lagundiaren katalogoetan agertzen. Azken urte hauetan gerizpetu zuen ordena uzteko izan zitzakeen arrazoiak ez dira ezagunak, alabaina gauza jakina da etxarriarra ari zailekoa zela, koxkorreko pertsona, eta batekin eta besterekin muturka ibili izanaren ondorioa zatekeen. Edozein arrazoia delarik ere, Huizik Loiolako ordena largatu zuenean, urrutira jo zuen, ausaz ahantzbidea harturik, eta Kuba aldera joan zitzaigun berriz ere apez soil moduan. Karibeko uhartean, ordea, ez bide zuen denboraldi luzeegia eman, eta handik gutxira Etxarrira itzuli zen, non zendu arte sortetxean geratu zen.

        Huizik Manual de gramática bascongada dedicado a la excelentísima Diputación de Nabarra y al Seminario Conciliar de Pamplona izenburuko lana utzi zigun, Iruñean 1899.ean atera zena, eta berauk bere poltsikotik ordainduta. Liburukiari goiburu emateko bi hizkuntzatan egin sarrera guritsua datorkigu. Sarreren ostean jarraian dakarren gramatika gaika banandurik dugu: alfabetoa, artikuloak, izenak, deklinabidea, izenordeak, izenondoak eta aditza. Ahitzeko, benetan interesgarriak diren Aranatz aldeko hiztegi laburra eta hainbat esaldi nahiz elkarrizketa eskeini zizkigun, azken orrialdeetan agertzen diren dotrina kontuak, zenbait ipuin eta Aralarko San Migelen omenezko kantekin batera. Lan ezagun honetaz gainera, eta Urdiango parrokian zegoela, «Elizaguindeen zuzenguin kontuskua» izenburupekoa eman zuen argitara 1904.ean Iruñeko apezpikutegiaren aldizkarian. Honakoa Urdiaingo misioen erreseina dugu, laburra izanagatik ere, interesekoa dena, non bi orrialde eskasetan, 1903.eko bukaeraldean Orkin eta Erbiti aita erredentoristek Urdiainen eginiko misioaldien aipua ekarri baitzigun. Apezpikutegiko Boletín Oficial Eclesiástico aldizkaria Uriz Labairu gotzaiaren agintegoan sortu zen 1862.eko maiatzaren 10ez geroz. Karrikan izan zen lehenbiziko 40 urteetan ez zen testurik euskaraz ageri, harik eta 1903.eko ekainaren 2an Arruitzen erretore zegoen Joxe Fermin Argiñarenak «Mayatceco illa Euskal-Errian» izenburuko laburra igorri zuen arte. Baraibartar huraxek ireki ildotik, beraz, etorri zen Huiziren lana, tamalez, ezagutzen dugun azkena ere izan zena.

 

 

 

© Joxemiel Bidador

 

 

"Joxemiel Bidador: Artikuluak" orrialde nagusia