Harrietarren ekarpen lexikoa
Euskaldunon Egunkaria, 1999-5-21
Bi dira euskalgintzan bere arrastoa utzi duten Harriet abizenekoak —zer gisa ere, hegoaldeko Arrieta abizenari lekiokeena hots—, Martin aitatxia eta Maurizio biloba; tartean Pierre aita eta Fabien anaia ere izan ziren. Hiribarrenek bere Eskaldunak 1853.eko olerki erraldoian Harriet aikoaren aipua bazekarren: «Haltsuco cen Harriet yuie ohorezco, / Utzi duena ume bera idurico: / Aphez arropa dute biec garraiatzen, / Izpiritu dutela guciec aithortzen. / Ecin ukhatua da, badute mihia / Urrezcoa duena hitzezco yaria; / Bat escola guidari Baïonan higatzen, / Omenic ederrenac duela beztitzen; / Semenarioan da bigarrena nausi, / Bere hegaletaco guti du ikusi, / Hainitz gauzaz burua bethe du gazteric, / Ene ustez guti du bere parecoric, / Yaincoac eman dio gaindiz izpiritu, / Laguntzen ere berac dohainac baditu, / Gose da liburuen, ez huzcur laneco, / Nahi edo ez yakin behar da holaco».
Martin Harrietek, Jean izeneko teila saltzaile baten semeak, erret notari ziharduen Larresoron, 1741.ean eta Baionako Fauvet erregearen inprimadoriak baitan Gramatica escuaraz eta francesez, composatua francez hitzcunça ikhasi nahi dutenen faboretan izenburuko idazkia argitara eman zuenean. Hagitzez lan zabalagoaren lehenbiziko laurdena baizik ez zatekeen honakoa, haatik bertan iragarri gaztelera-euskara hiztegia edota Lapurdiko foruak zein azturak oraino ezezagun irauten zaizkigu, izkiriatu zituenentz gauza ziurra ez delarik. Larramendik ezagutu zuen Martin Harrieten lana eta gramatikari darraizkion hiztegiez baliatu zen hein batean; hiztegi hauek oixtian eman zituen argitara Joseba Andoni Lakarrak ASJU-ren kaierretan Harrieten gramatikako hiztegiak. Aurretikago ere, Bozas Urrutiak Harrieten liburuari hasiera ematen dioten hiru onarpenak berrargitaratu zituen BAP-en, hau da, Milafrangako erretorea zen Robin apezarena, Ziburukoa zen J. Darretxerena, eta Larresoroko apezgaitegiaren zuzendaria zen Dagerrerena, lehenbiziko biak euskaraz eta hirugarrena frantsesez eginak direnak: «Haguitz progrotchossa içanen dela francesa ikhassi nahico duten escualdunençat (...) hemen caussituco dute berce nihon aurkhitcen ez den escuarazco hitcen hedadura, berboen demboren differencia eta batçuec eta bercec francesarequiñ duten aria (...) liburu hunen authorac aguincen darozquigun ondocoec oraiño hobequiago eçagut eracico dute gure hitzcunça çahar beçain ederraren precio gucia» (Robin); «Gu escualdunac, erresuma berecoac, lagunça horren escasez edo objet handi hequien eçagutçaz gabetuac içan behar guinduen, edo francesaren ikhasteco berriz campoan despendio handien eguitera bortchatuac guiñean. Jaun Harriet Notari errialari diogu esquer, ceren escuara eta francesezco Gramatica huntaz bideac errechtu darozquigun (...) escuarac francesarenganic urruntasun handia duela dirudien arren, haiñ hurbildu du bata bercearenganic non orobat balia baititeque francez escuara ikhasi nahi dutenençat, nola escualdun francesa iaquiñ nahi dutenençat, ecen ez choilqui haiñec hemen aurkhituco dituzte hitcen sensuac eta berboen demborac arrimu errach batean emanac, baiñan oraiño eçagutuco dute escuara berean eguiña den hautu justua. Hortic agueri da ceiñ important den Gramatica hau arguitarat ematea» (Darretxe).
Martinen biloba zen Maurizio Harriet Haltsun sortu zen 1814.eko irailaren 14an. Larresoroko apezgaitegian zein Pasaiako josulagunen ikastetxean ikasi ostean, Parisko San Sulpizio apezgaitegian sartu zen, 1842.ean apeztu zelarik. Baionako apezgaitegi haundian irakasle ihardun ostean Madrilgo Saint-Louis-des-Français eliza, eritetxe eta eskolako zuzendari joan zen 1855.etik 1878.era. Urte horretan berean, eri zegoen eta, etxera joan zen eta bertan zendu zen 1904.eko otsailaren 16an. Madrileratu aitzin, Baionaldeko giro euskaltzalean jada ezaguna egin zen Maurizio; bera izan zen D'Abbadieren laguntzailerik hoberena Urruñan 1873.ean egin ziren lehenbiziko lore-jokoetan, eta nahikoa ezaguna da Dassancerekin batera Haranederren testamentu berriaren editorea izan zela 1855.ean —Haranederrena baino Harrieten beraren testua ziruditen lau ebangelioen moldatzailea, bada, ia lerro guztietan ikuturen bat sartu baitzuen—.
Hiztegia bizitzaren azken urteetan moldakatu zuen Mauriziok, Haltsun zegoela; ez zuen argitara eman nahi izan, eta hil ostean, esku-izkribua inprentarako prest bazegoen ere, Larresoroko apezgaitegiaren liburutegian geratu zen. 3536 orrialdeko lan mardo hau ez zuen Azkuek profitatu, bai ordea Lhandek, askotan hitzez hitz Harrietek dioena kopiatuz. Arras hiztegi aberatsa dugu Mauriziorena; sarrerak euskaraz eta ordainak frantsesez dira, bai eta maiz gazteleraz ere; euskalkia beti ematen da, eta askotan ere egileen adibideak —130 idazleren aipuak darabil Mauriziok— edota etimologiak. Nahiz Harrieten hiztegia orain arte bere berean argitara eman ez den, 1987.ean Henrike Knörrek aurkeztu doktorego tesia badugu, Para una edición crítica del diccionario de Maurice Harriet, non Lhandek Harrieti zion morrontza aski agerian utzi baitzuen.
© Joxemiel Bidador "Joxemiel Bidador: Artikuluak" orrialde nagusia