Goienetxe doktorea, auzapez euskaltzalea

 

 

Euskaldunon Egunkaria, 1998-10-23

 

        «Azken urthe hautan, gure herrietan eta partikularzki Frantzia guzian, arranguratu dire lurrek egunetik egunerat gutiago emaiten dutela. Dela sasoinaz, dela beso eskasiaz, dela errekoltez gaizki baliatzeaz guziak arrazoinarekin khexu gare; denbora berean karga eta zerga mota guziak hemendatuz dohazi; manera guziez lehertuak gagozi. Gizon izpiritu handitako eta entseiatu batzuek bilhatu dute nola khasu triste eta hertsi huntan posible liteken laborarier laguntza egitea. Hainitz gisetan bilhatua izan da sokhorria: batzuek nahi lituzkete dretchoak kargatu estranyeriatik heldu diren bihi, arno eta azienden gainean; bertzek galdetzen dute laborantzako lurren gaineko zergak ttipitzea. Horiek guziak onak dire eta nahi gintuzke ikhusi finki entseiatzen! Bainan dire bertzek egin beharrikakoak, eta mundu huntan, nahi denean erreusitu, bakhotxak hoberenik du bere gainean kondatzea. Hola pentsatu dute abilenek eta bilhatu dute heian ez liteken bada posible gure lurreri emanaraztea ematen duten baino gehiago bortxatu gabe eta geroko bidegaberik gabe».

        Honela mintzo zitzaiguna Donibane Lohitzuneko auzapeza zen Goienetxe doktorea genuen, non eta Baionako Lasserrerenean inprimaturiko Laborarier zonbeit kontseilu berechi ongarri erremedio berriz izenburuko kaier txipian. Ager-urtea ez eramanagatik ere, gauza ziurra da joan zen mende ondarretan zein mende honen hastapen urtetan agerikoa zatekeela. Lan horretan, eta aski argi geratu den bezala, Lapurdiko nekazariei hainbat aholku luzatu zizkien ongarri berrien erabilerari buruzkoak. Antzeko lana ere bazuen egina Jean Baptiste Althabe apez mauletarrak, 1904.ean ateratako Honkailu berrien enthelegia Ciberouko laborarier idazkian. Goienetxerenean, ez horren zehazki, ausaz, azota edo nitrogeno, azido fosforiko eta potasiodun onkailuez jardun zitzaigun labur 16 orrialdetan barrena: «Horiek geronek fornitzen ditugu hainitz edo guti ongarria emaiten dugunean lurrari eta erran dezakeguke ongarritan hoberena dela printzipio berechi horiek kantitaterik handienean dituena. Behar ziren beraz kausitu zoin onkhailutan printzipio berechi horiek izan zitezken kantitaterik handienean. Nola ere merkeenik eman zitezken lurreri. Kausituak izan dire eta erranen zaituztet zoin diren gure lurretako merkerenak eta denbora berean hoberenak, dela bakharrik, dela elgarrekin, nahasirik edo mesklaturik emaiteko. Hiru erremedio printzipal hek dire deitzen direnak: scories superphosphate, eskuaraz zepa, nitrate de soude, eskuaraz chiliko zalpetra, eta plâtre ou sulfate de chaux, eskuaraz igeltsua». Jarraian, lurra ongi prestatzeko gomendioak behin emanik, zer onkailu eta zein neurritan erabili behar diren zehaztu zigun, baldin eta gari, arto, patata, arbiki, belar ala mahatsondorako bada.

        Bukatzeko, euskal nekazariak sindikatzeko duten beharraz iharduki zitzaigun, kalitatezko onkailuak erosi ahal izateko zein sort litezkeen bestelako arazoei errazkiago aurre egin ahal izateko: «Segurantza osoko martchandiza izaiteko behar duzue elgar aditu herri edo kantoinamendu bakhotchean, Doniane-Ziburuko kantoinamenduan aspaldi egin dugun bezala, bilkuia bat, edo confrarioa, syndicat agricole deitzen dena egin; den gauzarik errechena da. Kontseilatzen zaituztet beraz elgar aditzea kantoinamendu bakhotchetan bilkuia baten formatzeko. Denborak emanen zaituzte irakusterat zonbat abantail izan dezazueken laborantzako, hola elgarrekin konpainia berean izaitetik».

        Nahiz arront oharkabean igaro, Goienetxe auzapeza izan zen, Abbadierekin batera, Donibane-Lohitzuneko euskal-jaien bultzatzaile nagusia 1892.ez geroz, bestalde ere, 25 urtetan iraunaraziko zen ekitaldia. Lohitzuneko honetan izan zen «Zazpiak bat» leloa estrainekoz ezagutzera eman zen gunea, ilustratuen «Hirurak bat» zein geroagoko «Laurak bat» murriztatzaile bezain espainiarzaleak zinez gainditu zituena. Vinsonen laguna ere bazen Goienetxe alkatea; 1899.eko Parisko erakusketa unibertsalean burutu eta Vinsonek berak zuzendu Euzko Ikasketen Kongresuaren antolatzaileetakoa izan zen. Hantxe hizkuntza, arraza, jantzia, heraldika, arkeolojia, musika edota artea ikertu zen, La tradition basque izenburupeko lan ezagunean jasoko zena.

        Goienetxe beste lan batzuren egilea ere izan zen. Vinsonen bibliografian Gernikako arbola, eskualdun kantaria izenburukoa datorkigu; 1892.ean agerturikoa, 36 kantako bilduma dugu, 70 orrialdeko ale txikitxoan, azalean Gernikako arbolaren marrazkia harroki erakusten duena. Bigarren edizioa 1894.ean atera zen, orrialde kopurua zein kantuena ere nabarmen haundituta, 36 orrialdekin eta 20 kantekin hurrenez hurren, hain zuzen ere.

 

 

 

© Joxemiel Bidador

 

 

"Joxemiel Bidador: Artikuluak" orrialde nagusia