Oñatiko izkribuaz eta beste
Euskaldunon Egunkaria, 1998-7-31
Juan Jose Mogel Elgezabal idazle bizkaieradunak 1816.ean bere Juan ta Francisca senar emazte nequezaliac, seme alaba ta familija ondo azten hasierako eskuizkribuaren estraineko edizioa karrikara eman zuenean Baseerritaar jaquitunaren echeco escolia izenburupean, aski argi utzi nahi izan zuen zertarako eta norentzako izkiriatzen zuen: «Baserritarretara, batez ere, zuzenduten da liburu au, diralako eurak, geijeenez, euskalzaleenak ta, liburu asko edo andijak irakurteko asti gitxi eukirik, uste izan dot biar dabeela liburutxu bat, zañetan ikasi daikeen biar dabeen guztija, nekazari garbi ta kristinau onak izateko».
Hau guztia, zenbait elizgizon euskaldunek garai bertsuan baserri giroko gizartean ezarri nahi izan zuten hezierarekin bat kokatu beharra dago. Alde batetik eredu ilustratuek sortu basatiaren idealatik abiatuta, eta urren zetorren erromantizismo berriarekin herrira bueltatzeko ideia uztartuz, gizarte zaharraren balioak mantentzeko saioa egina zuten, aitzineko status-en aldeko saioa alegia. Finean, Mogel-txiki hau karlista amorratua genuen; 1834.eko urrian Karlos erregegaiak Bizkaian eratu zuen Aldundi karlistaren ahaldun kargua izan zuen ganbotarren aldetik, eta gerrate ostean, kanporatuta ibili eta gero, 1842.ean arazoekin ibili zen berriz ere Markinako beste apezekin batera Pedro Belarde kapitain karlista eta bere familia aterbetzeagatik. Horrela beraz, Juan Josek bere liburuan nekazarien betebeharrez aritu zenean, hain gutxi zerutiarra zen elizari zor zitzaizkien hamarren primiziez honela zioskun: «Alan, Eleixa santubak lege barrijan, leenguaren irudijan, esan diran ta beste errazoe askogaitik, aginduten ditu amarren primizijak garbijenetik; ta gure obligazinoia da zuzen pageetia. Nekazari onak, ez bakarrik zuzen, baita bere pageetan ditu pozik, Jangoikuari jakon zorra legez, ezaguturik gauza guztien jaubetzat».
Giro honetantxe ere, Mogel zaharrak ondu bere Peru Abarka ulertu beharko litzateke, baita ezezagunago iragan zaizkigun beste idazkirik ere. XVIII. mende amaierakoa edo XIX. mende hasierakoa den nekazarien ikasbiderako eskuizkribua, Oñatiko Olabarrieta auzoko Arrazola etxean idoro zena berbarako. Nekazari euskaldunen instrukziorako idatzia da, berauek «guizarteco barri, erritic urten bagaric jaquin daguien». Nekazari kristau on bati dagozkion dotrinako puntu batzuen azalpena zabal ez ezik nekazaritzaren goresmena, merkataritzaren gaitzespena eta euskararen egoera lazgarria ageri dira: «gueren amen sabeletic dacargun eusquerazco izcunia eder utsagaz gente artian aguerquetaco daucagun lotsa». Dataduna ez bada ere, bertan frantses iraultzaren berri jasotzen da, baita Bilboko eta Gasteizko matxinadena ere: «Inoizco denporan Españan guertatuco balitz Ynglaterran eta Olandan guertatu zana, eta atzo guere beguiacaz Francian ecusi doguna; Jaungoicoac bada gorde daguiala Españaco Erreinu zorioneco au ecusgarri arerianetic, eta oñian euqui dogun eta daucagun, Gobiernuba eta Ynquisizinoco Tribunale santuba. Eldu gara, nire aisquidia, dempora zatar eta negargarrizcuetara, zeñetan ia Fede santuba, guere salvazinoraco dan arguitasun bacarra illundubaz doian. Nundic etorri da Franciaco galdu biarra? Nundic Españan aimbeste negar garri eta Jaungoicoaren azote, nola dirian gose, izurri, lur icara andiac, eta guere egun guztietan ecusten ditugun pestiaren ondorengo guerrac, beñere guelditzaca? Ecusi dituzu nire adisquidia machinada negar garrizco oneic Franziaco erreinu guztian, Españan ere bai guere ateetan Vitorian eta Vilvaon. Ez eguizu parteric artu onelaco machinadetan, besteric onetaraco puztubagaz, edo laguntasuna eguinagaz, eta bai jaquingo bazendu besteren batzuben asmua Machino jaguiteco, azpitic emun biarco dozu contu demporaz, gaitza eragotzi daiquianari, eta contu emute au aguin biarco dozu zeure confesore, errectore edo beste guizon juiziosoren baten bitartez».
Argitara gabe dirauen lan honen bi orraztaldi ditugu, bata lehen idazketa da, zirriborro guztiekin: Osaba baten instruccinuac bere ylloba ezcondu eta necazari batentzat bere eta bere familiaren gobiernu oneraco jaungoicoaren legue santubagaz conforme, eta bigarrenak beharreko aldaketa guztiak eginak ditu: Errectore jaun baten instruccinuac ezconduric vici dan bere adisquide necazari batentzat bere eta bere familiaren gobiernu oneraco. Egun, Oñatiko liburutegian dautza bi eskuizkribuak.
© Joxemiel Bidador "Joxemiel Bidador: Artikuluak" orrialde nagusia