Juan Kruz Errenteriaren lanak
Euskaldunon Egunkaria, 1998-7-24
Bonaparte printzeari 1866.eko abenduaren 22an Uriarte kolaboratzaile bipilak igorri gutunean mendebaldeko bizkaiera, eta zehazkiago, Plentziako aldaera idatz-eredua duen idazle bakarraren berri ematen zitzaigun: «Yo tengo un manuscrito que tiene cincuenta hojas y que contiene el catecismo, modo de oir misa, via crucis, rosario y otras cosas en bascuence de Plencia. Es de Juan Cruz de Rentería, cura de Górliz, que dista un cuarto de hora de Plencia, único escritor de aquella comarca. Si vd. quiere la enviaré». Bonapartek geroago izkiriatu ihardespenean eskuizkribu honekiko erakutsi interes bizia ez zetorren bat, ordea, Uriartek plentziarraren lanaz eginiko ebaspenarekin: «Trató de imprimir su doctrina hace como unos cinco años; al padre Estarta y a mi nos comisionaron para examinarlo, y no lo aprobamos por el mal bascuence». Esangabe doa, Uriartek berak ere Plentziako aldaerara irauli Astete egina zuela, baita Bonaparteri bidali ziona ere, nonbait artezago egina zukeena.
Astunegia zitzaiokeen Plentziakoari Uriarteren juzkua, eta oraino argira gabe dirau Renteriaren aipatu lanak, tamalez beti ere. Uriartek epaitu 50 orrialdeko eskuizkribua Bizkaiko Aldundiaren liburutegiko Bonaparte hondoan datza, Cristiñauac biarreco daben doctriñea, berac egunero eguin biar dituen lanac, eta beste asuntu eder eta gaurco egunean eusqueldun artean biarrecoac, iminten dire sey tratadu edo satiten. Alabaina, honakoa ez da Renteriaren lan bakarra, eta badira urte dezente Jose Maria Etxeberria eta Lino Akesolo bikoteak beste baten berri eman zutela IX. Eusko Ikasketen Kongresuan. Joxemiel Barandiaranen galdetegia Amorebieta-Etxanoko erantzunez 1976.eko negu aldean betetzen ari zela, Josemari Etxebarriak gure Renteriak idatzi eta inprimatu gabe zirauen 200 gorako orrialde duen sermoitegia kausitu zuen Zornotzako Epaltza auzoko Torre baserrian. Eskuizkribuaren garrantzia saihestuz, hasiera batean, ez zuen idazki honen arretaz begiztatzeko ardurari beranduago arte eutsiko. Orduan da Akesoloren laguntzarekin batera aipatu IX. kongresuan sermoitegi honen azterketa linguistikoa plazaratu zuenean. Agian, atera litekeen ondoriorik interesgarriena, bizkaiera mota honen sakonkiago ezagutzeko daitezkeenez gain, Markina aldeko eredu literariotik aldenduz, Renteriak egin zigun beste eta berorren eredu berri baten proposamena dugu, nolanahi ere, antzutu zitzaiona erabat, eta ziur gaude egon, Uriarte-Estarta aztertzaile frantxikotar bikotearengan izan zuen lehenbiziko oztopoa ez zatekeela bakarra.
Bihoa, beraz, Renteriaren idatz tankeraren lagin eskasa, nolatan geneukan idazle ezagutzeko doi bat izanagatik ere: «Jaungoicoaren eternidadetico aurquitute edo egotea, eracusten da humanidadeac demporaric ucic eguin baric, bereganico euqui daben siñistuteagaz, eracusi munduei, deuquen ordena eta edertazunegas. Estago erri bet, anchinecoa icenagaiti, divinidadearen ezaupideric euqui estabenic: zavaldu veguiec lurrera, eta aurquituco dire uri eta albo erriec gauce ascoren esaupide baga, baya ez Jaungoicoaren ezaupide baga. Ciceron eta Senecac egui au confirmetan deude. Erri anchineco eta oreinzucoetan yllun avar nabarrean baño espada, aurquituric divinidadean ezaupide eta siñosqueria arguiro da, jaungoicoaren ganeco fedea aurquituten dala conforme errazoisco dan naturaleceagas; Chinaco salvajean artean estabela aurquitu, jaungoicoaren ezaupideric esteuquen bat, ofreciduten dituelaco euren sacrificioac ceruco espiritu dan divinidadeari; groseriazco gauce bat ycengo lizate ecer ezari entendimentu eta viciceric esteuquen gauceari, promes eta sacrificioac eguitea aurquituric bada modu onetaco oyn edo cimentue humanidadean Jaungoicoaren ganian euquico siñisqueriagas».
Renteriaz dakizkigun apurren arabera, bestalde, Uriarterengandik hasitako ustea berregin beharrean egon gara, plentziarra ez baikenuen, mungiarra baizik, Altzibarrek idoro eta aditzera eman zigunari jarraikiz bederen. Pedro Juan Kruz Renteria Landesa 1804.eko irailaren 14an sortu zen Mungian, amaren aldetiko herrian hain zuzen ere. Edozelan ere, aiko erroak zeharo jaurerrian zituen sustraituak, aitatxi-amatxiak Plentzia, Bakio eta Mungia bertakoak zirela. Gazte denboran igarotakoez ezer gutxi ez badakigun arren, pentsatzekoa da non edo non teologia ikasketak burutuko zituela, izan ere, 1832. urterako Gorlizko eliz liburuetan bere sinadura agertzen hasi baitzen. Gorliz izan zen, bada, Renteriaren bizilekua zein lantegia, 1874.eko maiatzaren 31n zendu zen arteraino.
© Joxemiel Bidador "Joxemiel Bidador: Artikuluak" orrialde nagusia