Raimundo Olabide itzultzaile gasteiztarra
Euskaldunon Egunkaria, 1997-5-9
Zeinen gutxi dira gure zoko ustel honexetatik pasatu diren arabarrak, are nekezago euskaldunak. Saia eta has gaitezen bada, ahal bezainbatean gutxienez, zorra hau kitatzen. Raimundo Olabide Karrera Gasteizen sortu zen 1869.eko martxoaren 15ean. Aitaren aldetiko senitarteak andoaindarrak bazituen ere, esangabe doa haurtzaroan euskaraz ez zuela zirkinik ere esan, garai hartan Bitoxako hiriari oro normala zitzaionez. Villasante aitak areago dio, eta bere euskal literaturaren historio maratz bezain azalekoan sendo eta gotor baieztatu zigun: «Olabide ez zen euskaraz mintzo ez haur ez heldu, nahiz ikastearen kariaz eta maila teoriko batean menderatzen zuen». Josulagundiak Orduñan zuen ikastetxean 1880.ean batxilergoa egiteko sartu zenean betiko lotuko zitzaion Loiolakoaren akuilagoari, orduko berebiziko bidaldi iniziatiko luzea hasiz: 1884-1893 urte bitartean Loiolan, Vereuelan eta Tortosan izan zen; 1894-1905 hamar urtekoan Valladoliden, Salamancan, Oñan, Gijonen eta Manresan. 1906.ean filosofia eta letretako lizentziatura eskuratu zuen Salamancan, eta 1907.ean irakaskuntza ertainean hasi zen. 1914.ean Pontevedrako Camposancosen zegoen eta 1917.ean Valladolideko San Jose ikastetxean, baina bibliaren itzulpenarekin hasi zenetik, irakaskuntza utzirik, Orduñan eta Loiolan izan genuen. 1932.ean josulagundia dauseztatua izan zenean, Olabide Arantzazura joan zen. Bertan bulta llaburra eman zuen, eta 1935.ean Gernikara joan zen. Gerrateak hartan harrapatu zuen, baita bonbardaketak ere, eta gudatea ahitu aitzinetik, 1937.ean, Okzitaniako Tolosara joatea deliberatu zuen. Hantxe berebiziko kezkak sortarazten zizkion lana bukatu zuen, eta beste egitekorik ez bailuan, kamioi batekin izan istripuan zendu zen 1942.eko irailaren bederatzian.
Olabideren euskararenganako griña Campiónen gramatikak iratxeki bide zion, eta harrez geroztik horixe izan zen bere bizi lema. Angel Goenagak Gasteizen 1959.ean argitara eman zuen Olabideren nekrologikoan euskara ikasteko kurritu bidearekin loturik dagoen honako pasadizo hauxe eskeini zigun: «Orduñan gertatu zan. Bazijoazten ibiliz ango nagusi zan Zabarte aita, Olabide ta Zubiaga. Ibilalditxo bat, noski. Irurak euskaraz ari ziran. Bat batean emakume batek: —Ene! Euskeraz? —Bai ba! Zergatik ez? Arritu egiten zera ala? Dio Olabidek. —Baaki, Orduñan ez da oi ta, erantzun zion. —Jakin ezkero Orduñan ta nun nai, berriz Olabidek. —Barka beza, beña beori ere ez da ba emengoa, erantsi zion emakumeak. —Ez, Gasteizkoa nazu. —Ene, Gasteizkoa ta euskaraz? Nun ikasi du? —Valladoliden asi, Salamankan jarrai, ta Pontevedrako Camposancosen bukatu, erantzun zion Olabidek». Eta halaxe da. Euskara ikasteaz gainera, euskaltzain osoa izan zen elkartearen hasieretatik gainera.
1914.ean, Pontevedrako Camposancosko eskolan ziharduela bere lehendabiziko lana argitara eman zuen Bilbon: Loyola'tar Eneko deunaren Gogo-iñarkunak, hau da, San Inazioren erdal liburuaren itzulpen zuzena. Gehiegizko purismoaz eginaren salaketa leporatu zaio, euskara teknikoegia baina kolorerik gabekoa, hauxe bai sinestesia. Onaindiak eder du Gasteizkoaren lana ordea, eta harritu egiten da erabilitako langaien urritasuna ezagutzean: Campión, Lardizabal, Azkue, Arana-Goiri eta Eleizalde. Urri litezke baina pisuzko ere bai zinez. Hona Olabide mintzalari, itzulpena ez den pasarte batean: «Orra idaztirik pitiñetako, baña ospetsuenetako ere bat. Txikarra bai da, baña goi jakitez izorra: azal zakarra bai du, baña mami goxoa. Aren gun azkarra! Itxas orratzak lain, noruntz arteztu bear ditugun bai bizitza osoa, baita bizitzune ta urrats bakoitza erakusten digu, arazorik nasienetan ere».
1917.ean Giza-soña izenburuko bere bigarren lana argitara eman zuen Tolosan. Pontevedran izkiriatu zuen, sarreran agertu zuen gisan. Sarreran ere gauza gehiago aitortu zizkigun, berbarako lanaren ontzeko harrobirik emankorrena Azkueren hiztegia izan zuela: «Uraxe da euzkeltzaleentzako iturri joritsua! Gipuzkoan olaentzat ur-tanta guziak biltzen dituzten bezela, Azkuek iñongo euzkel itzak bere iztegian, iñork baño obeki bilduak dakarki». Zetorren urteko irailaren lehen astean Oñatin burutu Lehenbiziko Euskal Ikasketen Batzarrean aratz maratz azaldu zituen bere asmoak «Lexicología y lexicografía» izenburuko erderazko hitzaldian. Olabideren aburuz orduz geroz egin beharreko hiztegigintzak tematikoa behar zuen izan, gaika antolatuta, eta horren gauzatzeko letorkigu Giza-soña: «Izen pillo au argitara jaurtitzen det aizkide askoren onuz. Euzkeltzaleak atsegiñez artzen badute, beste pillo batzuek darraiokete, bildu ditzakedan euzkel-itzak, jakingai bakoitzak daskanez, euzkel idazleei dakarzkiedala, aien arloa nolarebait arintzeko, ta bearra zaigun euzkel-idaztijasa gertutzeko». Horrela beraz, daukagun honen antzekoak osatzeko guraritan ibili zitzaigun arabarra, kimia, pisia, lugintza, izadia, ...: «Beste pillo baten bereala Giza-gogotzaz jardutekoak argitalduk ditut. Eta bide ortaz jakingai oroen zear igaroko naiz, porrokatutako ormaen arri banatuak iñondikan ere biltzen, yauregi osorik eraiki arteraino». Ez zion eutsiko bide honi halaz guziz, nahiz Gabirel Jauregi aramaioarrak neurri batean bederen okertutakoaren zama arinduko liokeen geroxeago.
1920.ean Kempisen Josu-Kistoren Antzbidea liburuaren bere aldaera argitaratu zuen Donostian. Orixeren oneritzia jaso zuena: «Euskaltzain Olabide ortan ari duzu aspaldi. Gogo-iñarkuna'etan laxko, Kistoren antz bidea'n samurrago, geroago ta ixurberago. Erriarentzat ez baino erdiko jakintsuentzat ari da, ta barkakizun ez ezen goresgarri ere ba da». Hauxe benetan aztoratu zuen lanaren aurrekaria baizik ez dugu. Lehenbiziko emanaldia 1931.ean argitaratu zuen Bilbon Verdes-Atxirikarenean, hau da, Itun berria deritzan liburu bilduma osoa. Bibliaren itzulpen osoa hil ostean agertuko zen, Itun zar eta berria izenpean, 1958.ean eta Bilbon ere. Argitalpenaren akuilagoa Taiwanen misiolari zegoen Frantzisko Etxeberria ordenkideak hartu zuen, eta ezaguna da Hegoaldean argitara emaniko Bibliaren lehendabiziko itzulpena dela.
© Joxemiel Bidador "Joxemiel Bidador: Artikuluak" orrialde nagusia