Luis Etxeberri donazahartarraz bi ele
Euskaldunon Egunkaria, 1996-11-29
«Bizi giren eskualdean / Eskual herri ederrean / Astekaria gure artean / Eskualduna izenean / Hori eskurat hartzean / Gozo bat zait bihotzean. Lehenik urhats egiten / Hasi zen Donazaharren / Louis Etxeberrik moldaturik zen / Eman bideari lotzen / Orai baita ezagutzen / Zoin urrun den hegaldatzen». Honelaxe bazitzaigun kantari Mixel Legarret, Etxeberri beraren herkidea zen koblaria. Etzegoen oker beraz bertsoegile garaztarra, izan ere, alditik aldira geroz eta idazlari gehiagok eraikitzen bazuen ere Eskualduna Iparraldeko argitalpena, gutiz gehienetan Hiriart-Urrutiren akuilaturigo gerizpean gainera, gure gizonaren kemenari zor baitzaio haren sor izana.
Felix J.B. Louis Etxeberri Préjean joan den mendeko izenik aipatuenetakoen artean dugu Iparraldean bederik ere. Aita Jean Baptiste Baigorrikoa zuen, Etxeberrineakoa espreski. Orduko hainbat eskualdun gaztek egin antzera, Cubako La Habanara joan zen sosen xerka, eta itzuli zelarik, Nérée Dassance omen handiko apezak esposatu zuen Amélie erreginaren andere-laguna zen Augustine-Claudine-Anne-Ghizlainerekin, handik gutxira aitakotu zelarik. Lau seme alaba izan zuen Etxeberri-Préjean bikoteak: gazterik itzali Marie; armadako goren mailako ofiala zen Caron Beaumarchaisekin ezkondu Caroline —bi hauen semea Italiako enbaxadorea izanen zen—; 1870.eko gerratean jaurtigailu batek burua mozturik hila agitu Maurice; eta azkenik, guri dagokigun Louis. Baionan denboraldi bat eman ostean, aitak Salhako gaztelua erosi zuen Donazaharren, eta bertan sortu zitzaigun gure Louis aidurra 1853.ean. Ikasketa guziak Parisen bete zituen, zuzenbidean doktoregoa hatzeman arterainokoak. Berriz ere donazaharreraturik, Frantziako ipar aldean burdinbideen egiteko arta ukan zuelako gorki ingeniari ezaguna zen Jakes Manielen alabarekin ezkondu zen, eta handik gutxira, zuzenbideko ikasketekin arras enpo ez antza, giza ekonomia ikasteari ekin zion unduski, bestenaz hagitz gustokoa bide zuena. Le Play zenaren ikaslea izan zen, eta geroantzean baita hark sortu Société d'Économie Sociale elkargoaren kidea. Lagunarte honek ateratzen zuen argitalpenean izkribu bat baino gehiago elki zuen, berbarako 1886.eko Les basques et leur émigration en Amerique, 1892.eko L'emigration dans les Basses-Pyrénées depuis soixante ans, edota 1898.eko Les costumes successorales du Pais Basque du XIXe siècle.
Halaz guziz, enantzu itzeleko gure gizonari bereziki zor dioguna Eskualduna asterokoa aitzinaraztea dugu ordea. Journel basque français hebdomadaire delako hau 1887.eko martxoaren 15ean eta Donibane Lohitzunen kaleratu zen estrainekoz, beti ere Baionaldeko ezkertiar gorrien izenean Mauleko suprefet ondoa zen Martial-Henry Berdolyk iragan urteko abuztuaren lehenengoan agertarazi zuen Réveil basque aldizkariari aurre egiteko aiduru agertu zela: «Notre journal est fait par des basques pour des basques. C'est dire ce qu'il sera. Il sera avant tout le défenseur passionné de toutes les vieilles traditions du pays au premier rang desquelles nous plaçons son invincible altachement á la religion catholique sincèrement pratiquée». Hasiera batean euskaraz eta frantsesez argitaratzen bazen ere, bestea bezala, fite batean euskarak bereganatuko zuen erdalotsa, eta orrialde oro euskara hutsez inprimatzera zalui iritsi zen. Lehendabiziko zuzendaria Hiriart-Urruti izan zuen, eta geroantzean Adema, Saint-Pierre, Soubelet eta Arotzarena. Jakina ere bada izenburua aldatuxearekin ageriko zela, Eskualdun ona, baina zenbaki gutxiren buruan berreskuratuko zuen lehendabiziko bataio izena.
Etxeberrirengana itzuliz, aipa dezagun bere ibilbidea politika arloan. Gorago esan moduan, txurien artean kokatu beharra dugu, bonapartezale amorratua eta katoliko kartsua baikenuen. 1889.eko hauteskundeetan bere burua hautagai aurkeztu zuen Mauleko arrondisamendurako Harisperen eskutik. Bere ohizko etsaia zen Berdolyk 1893.ean garaitu zuenean, erlaitz luzeko politika hura largatu zuen. Berdolytarrak Bordelen zuten etxondoa Donapaleun ezarri aitzinetik bederen. Martial-Henry Berdoly legegizona Bordelen bertan sortua zen 1844.ean, nahiz zetorren urtetik Euskal Herrian hazi. Bitan ihardun zuen deputatu, 1893. eta 1898.ean, eta behin senatore 1900.ean. 1905.ean zendu zen bere Uhartiriko jauretxean. Gorri eta txurien arteko aharra politiko hauek garbitzeko, norkbederak bere eginahalak burutu zituen, eta Etxeberri txuriak, aitzinaratu zituenen artean, hainbat hauteskunde paper izkiriatu, inprimarazi eta banatu zituen Ziberuko herrietan, euskaraz eginak direnak naski: Botzkako katichima; Catichima laburra hautuen edo electionentzat; Mauleco arrondisamenduco yaun boz emaileac; Ziberouko artzagner; eta Ziberouko laborarier. Bostak Baionan argitaratu ziren, Lamaignèreren etxean, 1889. urtean. Ziberutik Baxenafarroara itzuli zenean, etzuen langintza politikoa erabat utzi, eta Donazaharreko auzapeza izan zen, baita Garaziko sindikoa. Horrenbeste zereginek etzioten txolarte nimiñoenik ere eskeintzen Eskualduna aldizkariak eskatzen zuen begirale lana burutu ahal izateko, eta Renaud Elizagarai ziberotarrari pasarazi zion ardura. Guziarekin, etzuen denbora luze iraun hil aurretik, eta 1907.eko urriaren 15ean ahitu zitzaion bizia sorlekuan berean. Honi buruz idatz saio oparoa ondu zuen 1987.ean, La commune de St. Jean le Vieux izenburupean, Frantziako nekazarien elkargoak antolatu lehiaketa batetan bigarren saria eskuratu eta juzku ezin hobea pairatu zuena: «Rien n'est attachant comme cette étude, absolument originale et documentée, écrite par un observateur exact sous la dictée des faits locaux. C'est de l'observation vécue, vivante, et qui, avec la précision de la science, a tout l'attrait d'un roman».
© Joxemiel Bidador "Joxemiel Bidador: Artikuluak" orrialde nagusia