Althabe ziberotarraren uskal lanak

 

 

Euskaldunon Egunkaria, 1996-11-8 eta 1996-11-15

 

        1. Jean Batiste Althabe kar handiko euskaltzalea genuen zalantzarik gabe. Hegoaldean hagitz ezaguna gerta ez izan arren, hor genuen On Resurrección María Azkue lekeitiarraren laguntzaile hiztegigintza lanetan. Euskaltzaleen Biltzarreko kidea eta Urdinarbeko erretor ondoa zen mauletarrau 1911.ean itzali zitzaigun, alabaina orduko hiru ziren largatu zizkigun idazlanak, hiztegigintzarako arras interesgarriak izateagatik, hitz eli zoroak baino hagitzez gehiago ditugu ordea, gaiarekin batera azalgarri zekartzan hamaika iruzkin goxoak zirela bide.

        Denboran ageri lehenbizikoa Baionako Jacques Lafitte karrikako 9. zenbakian egoitza zuen Lamaignèreren etxean inprimarazi zuen 1900. urtean. Ciberouko botanika edo lantharen jakitatia izenburu daroana fite irakurtzeko horietakoa genuke, ertsiki oretutako idazki mamitsua izan bada ere. 24 orrialdetan barrena Ziberuan kausi daitezkeen landareen berri zekarkigun. Frantsesezko hitzen ondoan xubererazko ordainak doaie, eta hainbatetan ere, azalpen taumaturgikoak, izenburuan berean dioen jakitatia bermagarri. Jakintza zaharraren galtze doilarrak bazuen sakonki arrenkuratzen gure apez ziberotarra nonbait: «Bai bada yakitate hori: bena gerouago chipitzenago ari da. Hitzen erdiak ez dira ezaguturik orai berogei ourthez peko gentez (...) Hitz horiek oro zaharen ahotik elkhirik dira. Bilzaliak eztu merechimenturik biltzeko pazentzia baicik. Ouste du badela orano haboro bilzeko nahi bada baden hanich ere galdurik». Gure biltzaile umil hantuts eta oro pairamen haundiko igurikitzaileak etzituen hitzak bere berean jaso besterik gabe, deituren zergatia nahiz erabilgarritasuna islatzen ere ahalegindu baitzen: «Uskalduna ohartzale da zerk houn edo gaitz egin deron, eta halaz izentatu dutu lantharik; batak chichari belhara, odol belhar, arestelu belhara. Bestik beren itchuretarik: acheri buztana, idi mihia, gatu bichara, zombait beren lilitzeko sazoutik: bedats lilia, domesanthore lilia. Eta orano edieten diren lekhutik: komentu lilia, andere mahatsa...». Frantserazko sarrerak alfabetikoki datoz, eta guzietan lehenengoa absynthe dugu, hau da, chichari belharra: «Horeki egin tizana edo horekin egin ardouak libratzen beitu chicharitik». Gure Althabe arront kezkatzen zuen gaitza zatekeen zizariena, edota arras ongi ezagutzen zituen parasito nazkagarri horien kalitzeko erabideak, bada behin baino gehiagotan haren berri eman baitzituen, berbarako, eguneroko baratxuri arruntaz zihardunean: «Beste orduz haourak aristi askaiten ziren ogi belar baratchouristaturik jatez. Hatsa memento bat gaisto, bena sekula chicharirik». Ber gauza zioen tanaisie armoise landareaz: «Chichai jaouzazlia karota burutia bezalako lanthare bat da, urin borthitz bateki; liliak uduri du boutou bat. Likur bat egiten da chicharik jaouzerazten dutiana. Ostoueki egin kataplazma, haouren zabelan gagnen, etchekiz, ehaiten deitze chichariak».

        Guziarekin den dena eztago harren gainean egina, eta sabela lasaitzeko balio duten meliza eta ahamenta aukeran hartu zituen Maulekoak: «Meliza lanthare baliouza da estomakeko minetan, burhungurian, ingocherietan, eta berheziki zaignen ematzeko. Goiz oroz gomendaturik da edatia jente zahar gizener, apoplexiaren ohilzeko, bai eta nekez formatzen dien persouna gazter (...) Ahamenta lantharen baliousenetarik ere. Meliza bezala adelaturik den tizanak azkartzen du estomaka, dijestizionia eginazten, ikharak eta barne aizik ohiltzen, begitharte eri izanak zoharditzen, erendeia eta imbeak iganazten, kolika estitzen, haourer chichariak ehaiten, unhuder eznia igan erazten, ahamenta ostoz belara hertzetz buruko mina ampletzen». Ezta guti gero!

        Gure edari maitea ekoizteko beharrezko den txinbirioaren berri ere nola etzuen eman behar. Dakusagun: «Prunelier Elorri belza edo basa ahana: liliaeki egin tizanak purgatzen du eztiki, estomaka azkartzen. Horen fruta zohitiaeki egiten da aigardent hoberenetarik hirour departamendutan». Alde honetan gaudela irakur dezagun ardantzetako zuhaskei buruz ere mintzo zena: «Aihena: subertiak edo melgak dira: iskiribeta, korbua, klaberia, kamalaoua, erle mahatza, bordeleza, charchela, klamadana, tanata, doucheta, chocho mahatsa, basa mahatsa. Hilabetez barurik mahatz jatiak sendotzen du gogoreia». Ezetz asmatu zein den gure garnatxa edota tenpranilloa.

        Eta gaurkoz ahitzeko, hona hemen argibide ezin beharrezkoagoa ziza pozointsurik jan izan ezkero: «Champignons non comestibles edo leheronduak: Dohakabia dianak jateko, ezagutzen du 6 edo 8 edo 10 oren buruko, buruko min, burhunguru, sabeleko min, goiti eta behera. Barbera jiten den artin, egin ahalak oro egin erendatzeko, bi erhi zuntzur zolala heltuz edo gingilla luma batez gillikatzez: edo orano taza bat edo biga olio ephel gaintitzez. Ez pada hola libratzen purga bat har; edo ezin bada purga labamentu batetan har. Noulazpait libratu ondoun dateke balious kafia edo barberaren eremediouak».

 

        2. Joan zen astean ukan Jean Batiste Althabe zenaren idazlanekin jarraikiz hona hemen mauletarrak karrikaratu bigarrena. Honkailu berrien enthelegia ciberouko laborarier Baionan ageri zen aurrekoan aipatu etxean berean lau urte beranduxeago, 1904.ean hots. Esan behar da ordea Goienetxe mirikuak ere bazuela ongarriei buruzko lan bat egina, ez ordea Ziberoko laborariei soilik egina, Iparraldeko guziei baizik, Laborarier zonbeit kontzeilu berechi ongarri erremedio berriez, Baionan ere ageri zena, Lasserrerenean baina. Halaber eta pisuzko lan bat ez izan arren, ekar liteke hontara Vinsonenean dagerkigun 456. sarrera, hau da, Mono-phospho-guanoaz: argia angeles compania the biphosphated guano Londresen Europa guzico saltze escua duena: Frantzian saltze cargua dutenac Bayonan eta Bordelen F. de Fontclair, Laran eta Cia., berriz ere Lapurdiko hiriburuan 1874.ean ageri zena, Mono-phospho-guano et son emploi 15 orrialde duen izenburuko kaierraren itzulpen zuzena. Edozein modutan ere, Althaberen lana ezta inolaz ere zerbait burokratikoa edota publizitarioa, eta benetan laborariei zuzenduriko idazki erabilgarri asko agitzen da: «Hitz bat hounkailiez: Beste da gouanoa, beste engrais chimiques dielako hounkailiak. Gouanoa da hegaisti elibatek saldouan, itchaz bazterreko harpe elibatetan atherbustatzez, egiten dien houngarria. Engrais chimiques dielakouak aldiz, erhautz elibat dira edo gatz suberte elibat. Ezta dudarik hounkailu horiek egiten diela houn handi lurrari. Bena yakin behar da noula cerbutcha. Behar den gizan ezpalinbadira emanik, despendioua bada eta ez profeiturik. Aren yakin behar da: azota, phosphora, potaza eta latzuna edo plastria, horiek diela mirakuilu egiliak. Lurrak behar du orano ukhen burdugna khosu bat, magnezia, carbona, oxygena, hydrogena, sofre, chlora, siliza, manganeza, souda, bena usian lurrak berak badutu, eta aidiak eta ebiak nasaiki emaiten deitzo». Ohizkoa izan den, eta oraino den, ongarri naturala, gorotza edo Nafarroako fiemoa, etzuen bereziki goresten: «Gaiza houna da, bena lur flaku edo flakatu batetan eztu berak aski indar». Horregaitio, eta gorotza gutiz gehien erdeinatu barik, berak deitu engrais chimiques hobetsi zituen. Edozein modutan laboraria gogoan zuen eta aholku ezin zuzenagoak igorri zizkion: «Saltzaleak algareki nahasirik saltzen dutie erhaoutzak eta deitzen engrais complet. Hobe lizate eta merkiago ere nourk berak nahasirik hounkaila bakhotcha bere alde erosirik». Guziarekin Althabek etzuen arnegatzen hongarriak bakarrik ezina duela lurra hornitzen, eta jakin ongisko bazekien alorrak honkailuz enpoilduz eztela ezertxo ere lortzen: «Laou hounkailu gehien horien bederaka ezagutcia, egin dugun bezala, ezta aski lurrari hanich emanazteko. Behar du ezagutu orano bere luraren kalitatia: cer eskaz, cer nasaiki badien, certarik lantharik habonenik galthatzen din, edo cer den haren dominanta. Ezta aski lurraren ezagucia, lantharer eman behar zaie haborouenik laket zaien hounkailia edo dominanta. Lantharen bakhotchak badu bere hounkailu maitiagoua, haitatiagoua».

        Finitzeko aipatu Althaberen hirugarren lana ekarriko dugu hontara, niholaz ere lekoratzeke, beha dezagun bada gaingiroki izan bada ere. Euskaltzaleen Biltzarrak 1910.eko agorrilaren 25ean Donostian ospatu bilerarako Althabek ondu hitz zerrenda kamuts bat aurkeztu zen. Eta kamuts diogu Althabe labur geratu zitzaigulako, laburraren labur. Eta bere laburtasunean goien graduko halarik ere, ezin erakargarriagoa baiteritzagu. Jean Jaurgain zenak Azkueren hiztegian azaltzen ez zirenak Lekeitiokoari igortzea proposatu zuen. Althabek ez bide zituen hitzak Maulen aditu, baina bai bere bikalgo eta bere erretorgoako berrogei urtetan, eta Atharratzeko erretora zen Baratzabal eta Zalgizekoa zen Iribarnerengandik bat baino gehiago hartuak zituen nonbait. Althabe hiltzerako, eta 1911.eko RIEV aldizkarian Azkuek bere hiztegian ez zekartzanak edota bestelako adierak gehi zekizkienak argitara eman ziren gaika: «Eihera edo errotetako gauzen izenetarik», «Ehundegiko edo Ehaille lantegiko gauza batzuen izenak», eta «Gauza batzu-bertzeren izenetarik». Bihoa orain segituan sarreren bat erakusgarri eta gu guzion erakusgarri: «Bekhatütcha: Oihal landerki puchka, bi errien artean hartzen dena, hariari lotzeko, eta astalkatzean errien ez pikatzeko. Bekhatütch-elhe: Funtsik gabeko solasak. Bekhatütch-gizon: Funtsik gabeko solasetarik dariozkona». «Akhürazgora: erroz gora, hortzez gora». «Arozila: Gilz edo gakho-zilho aphainduzkoa. Oihalaren zilho ustekabeko bati orratzaz eginikako tapagailu pollita». «Arüna: mendi bide zut eta harritsua». «Basakanata: hargamasazko pareta». «Desgantzola: Traste, zakhu gizki josia». «Eskonfarta: Itchura eder eta sendoko jendea». «Gorthatü: Elgar berotu, gozatu». «Hoia: aro goibela». «Ithelür: Alhor bazterreko lur, erdirat arthikia, lehembiziko hildoaren harat etzateko». «Kunderrak: arrosarioak». «Mütücha: jende tontoa». «Noha: Bekhaizteria». «Zahardoka: zigor gaitz bat». «Zerephel: erdi ephel». «Zurphoa: ongarri metatua».

 

 

 

© Joxemiel Bidador

 

 

"Joxemiel Bidador: Artikuluak" orrialde nagusia