Aita Frai Joakin Santa Barbarakoaren erlazantza liburuaz
Euskaldunon Egunkaria, 1995-3-24
Joakin Lantziego Ruiz-Eskidekoa arabar idazlea Oion-Labratza aldeko Orrubustun jaio zen 1753. urtean. Logroñon, Iruñean eta Burgosen burutu ahal izan zituen bere ikasketak, eta Korellan, apeztea burutzearekin batera, profesioari heldu zion karmengo anaidean. 1808. inguru Frai Bartolome Santa Teresako euskal idazle ospetsuarekin zegoen Markinan, eta 1814.ean hauxe berarekin eta beste anai batzurekin alde egin behar izan zuen frantsestealdia zela eta. Geroxeago, eta orduko giro nahasia baretu zenean, Markinara itzuli zen, berehalaxe Nafarroako Alesbesko komentura joateko behin betiko.
1827. urtean agertzen du bere lan bakarra: Guía de colmeneros o tratado práctico de abejas, acomodado por su estilo y claridad a toda especie de gentes con una breve exhortación a fin de que los pudientes de esta península pongan abejas para utilidad del común y particulares, impreso a expensas de Juan José Olano en Pamplona, 1827 por Francisco Erasun y Rada.
Liburuxka honen egiletasuna labankorra agitzen da nonbait. Hasteko, egun arront ezaguna ez jazotzeaz gainera, Frai Joakin beraren kopirraita dudamudatan ezar ditekeen zerbait bada antzadenez. Julen Urkiza edo Frai Julian del Niño Jesús karmel izenez ezagun den apez ikerlariak dituela hiru urte ageri bere Karmeldarrak Markinan lan mardul eta eruditoan beste egile baten aukera ematen du, hau da, Aita Franzisko Gurutzekoa izeneko beste arabar baten atz argigarria eskeintzen digu azalgai. Hauxe Zigoitiako Muruakoa bide omen, eta Markinako lekaidetxean 1821.eko abuztuan zendu zen. Espainako karmeldarren biltzar orokorreko zenbait bilera honek eskuz idatzitako bi liburuxka argitaratzeko baimenen gaineko ezbaiaz iharduteko garatu ziren 1817. eta 1818. urteetan. Bata erlazantzaren gainean aritzen omen zen, bestea berriz sekain lurretako ortuei buruzkoa. Zensurak gora zensurak behera, erabakirik har gabe, egileari itzuli zitzaizkion beren bi eskuizkribuak 1819. urtean. Urkizaren ustea, Santa Barbararen lana honen lehenengo liburuaren moldatze txukunketa izanen litzateke besterik gabe. Hala ote?
Nihork ezin esan. Halere, oraikoan guri arras gehien inporta zaiguna liburu honen euskal itzulpena dugu. Alta, erdal lanarekin batera, euskarazkoa agertzen baitagerkigu: Erle gobernatzalleen guidariya edo erleac gobernatzeco modua. Gende gucientzat chit modu egoquian eta claro paratua, ceñean ipintcen da eaquinde edo exortu labur bat, Españia onetaco dezaqueen guciac para ditzaten erlateguiac gende comunaren eta particularren provechuraco. Aita fr. Joaquín de Santa Barbara Carmelitac zazpi parte edo zatian gaztelaniaz arguitara emana, ipiñi du eusqueraz provincia Guipuzcoaco euscaldun batec, Iruñean, Franzisko Erasunen etxean, 1827. urtean. Gipuzkoako euskaldun hau ere guziz ezezaguna gerta egun. Teoriarik, dena den, bada honetan ere, eta Urkizak orduan komentuan zegoen giputz bat izatea proposatzen du, Beasaingoa zen aita frai Manuel San Joakingoa hain zuzen ere.
Zazpi kapituluetako lana dugu ahuxe, azpi-izenburuak berak dioskun gisaz. 110 orrialdeetan barna hainbat eta hainbat erabilgarritasunez zeharo hornitu aholku plazaratzen digu irakasgai karmeldarrak. 85. orrialdean Nafarroako mendialdean zein Gipuzkoan eta Bizkaian erabili beharreko metodoez aritzen zaigu, berak bizitakoak behin baino gehiagotan adibidetzat jaso dituela. Esateko, 1822. urteko neguan Alesbesen suertatu hormak zirela eta, honela da mintzo: «Onetan nengoela, asmatu nuen esan dedan janaria egitea —arrope izenekoaz ari da, eztia, sukrea, eta kanela egosiaz atera nahasmentaz alegia— eta ipiñi nien plateretan. Paratzen nien bezain laster, oec estaltzen ziren erlez. Au onela icusi nuanean poztu nintzan, eta sendoak eta fuerteac atera ziran. Etzuten dicha au izan esan deran Erriberan ezti purua erleari jateco eman zietenac, bada aetako batzuc esan dedan denbora artean arkitu ziran erlerik gabe eta besteai berriz chit guchi gelditu zitzaizten biziric. Janari au emanez, gorde nituan gure conventuan zeuden sei erladi, milla ta zortzireun da oguei ta bigarren urtean, zeina izan zan chit otza, legorra ta Erribera aetan izan oi dan loreric escasenecoa».
© Joxemiel Bidador "Joxemiel Bidador: Artikuluak" orrialde nagusia