Bertso hauekin agertu nahi dut
Etxebarria, J.R.
Bertso hauekin agertu nahi dut
gertatu zaigun kantua,
pentsatuz beti alaia dela
burrukarako kantua.
Euskal Herria txiki izanik
ez da inola tontua
eta gogorki azaldua du
seme zintzoen zantzua
Ostiralea izan omen zen
guztiontzako eguna,
eguerdi aldean denak batera
aurrera egin duguna.
Diputazio barrura sartu
gure Herri Batasuna.
"Etor dadila hitz egitera
etxe honetako jauna".
Ba dira jaunak, bi guttienez,
baina ez dira apurtzen.
Eta laisterka saiatzen dira
bide zidorrak kurritzen,
gure begien bistatik ongi
lotea gabe izkutatzen.
Problemak alde batera utziz
ez dira, jaunok, konpontzen.
Berehalaxe etorri ziren, guztiak
kaskoarekin.
Goiko ordenak zirela eta
behar genula aldegin.
Gure aldetiko erantzunaz
ez zuten hartu atsegin
eta atera izan gintuzten
itxura demokratekin.
Kaleratuak izanagatik
ez da amaitu ekintza
Autoa hartuz, Donostiara
zuzendu dugu urretsa.
Udaletxean jarria dugu
hortarako esperantza.
Aurrerantz, bada, adiskideok
horretan ez da zalantza.
Agintariek hartu gaituzte
hitzez itxura onean.
Gala ederra eskaini ere,
moketa fina lurrean.
Hitzak ederrak gauzak uzteko,
ahal delarik pakean.
Gero txakurrek bota gaituzte,
gestorakoen aurrean.
Berriro ere biharamunean,
oraingoan Gasteizen,
birugarrengo ekitaldia
muntatzeko asmoa zen.
Diputazio baino hoberik
gure eritziz ez baitzen,
modu onean barrura sartuz,
presoen alde gengozen.
Lehendakariaz mintzaturikan
lasai ginen gu geratu
Horrela, bada, ez geneukan
beraz ezertan kezkatu.
Modu honetan Kazetariak
prentsaurrekoan elkartu
ta inolako presarik gabe
genien dena kontatu.
Bertan geundela heldu zitzaigun
miñoien komandantea,
bere ahoa hitz goxo, bigun
ata ederrez betea.
Kalera isilik irteteko
egin zigun gonbitea
baina horrela ez da apurtzen
lotzen gaituen Katea.
Minutu pare pasatu eta
gizontxoaren zarata:
"Hiru minutu dauzkazue"
huraxe zen txalaparta.
Zutik jarri da Telesforo 'te
diotso zirt eta zarta:
"Geure kabuz ateretzeko,
ez hiru ta ez hamaika".
Nazional adjetiboarekin
pilo ederra sarturik,
bakotzarentzat bi zirelarik
alde banatan jarririk.
Komisariarako bidea
jende guztia bildurik,
furgoi grisean hartu gaituzte
guztiok deteniturik.
Kalabozuak, behekaldean,
leku itsusia zinez,
han minutuak eta orduak
pasatutzen dira nekez.
Sei metro luze, lau metro zabal
zeukan gureak gehienez;
hamabost gizon hor egoteko,
horixe ez da ezer ez.
Emakumeak ere ba ziren
gurekin batera gogor.
Burrukalari zintzo izanik,
hori ez dira edonor.
Beste gelatxo ttiki batetan
sartu zituzten denak hor.
Hoien laguntzaz askatasuna
benetan daitekela lor.
Bi egun pasa genituen han
umore oso onean.
Hainbeste lagun berri ekarri
ziguten lehen gauean.
Eta azkenik beste multzo bat
berriro ere igandean
Lekurik gabe, lo egin zuten
aurreko pasabidean.
Antza dagoenez, juezek ez dute
lanik agiten jaistan.
Horregatikan astelehenean
esna gaituzte seietan
Ametsak alde batera utziz,
juezaren pare hizketan.
Berbaldi horik ez dira izan
oso luzeak benetan.
Euskaraz mintzo, eta juezak
gaztelania ez dela
beste galderarik egin gabe
atera gaitu berehala.
Gure hizkuntza nazionala
ongitxo ikas dezala!
Araba ere euskalduna zen
agertu arte Gaztela.
Egintza bera burutu arren
zigorra ez da berdina.
Batzu kalean ipini ditu,
juezak dirudi sorgina
gure burua altxatu gabe
egin du jugada fina.
Ez zenuke hortxe egingo
oso faxista ez bazina.
Gero berdeak etorri dira
grisen eskutik kentzeko
esposa batzu beren eskuan
geure eskuak lotzeko
Nanklareseko gartzela hontan
penarik gabe sartzeko,
indar izugarria ikusiz
gu guztiok beldurtzeko.
Hamaika jarri kalean ata
bestea utzi barruan
Erabakiaren esangura
ez zaigu sarzen buruan
Hori intsultu bat izan dela
esan dezagun altuan
Horrelakorik ez da izango
Euskal Herri askatuan
Jaun agurgarri eta zintzoa
sarturikan espetxera,
herri xehean sortu nahi dute
beldurra eta ikara
Baina Montzonen bidetik gora
aurrera joango gara,
burruka egiteaz aparte
ez baitaukagu aukera.