Afruntua
1
Marisants lats-harrian,
Oin-huts eta beso-has,
Kantuz ai da lanian,
Omor onez aberats.
2
Urrundik entzun duke
Gazteluko nausiak:
Nehun ere ez dauke;
Bildu du kantoriak.
3
Jautsi da oihanpetik
Errekaren hegira:
Haitz baten gibeletik
Plantatu da begira.
4
Kantua eder, bainan
Neskatxa ederrago;
Musde Migel Subiran
Arras hartua dago.
5
- Xuritzale pollita,
Nahi nuke zurekin,
Lan hori finitu-ta,
Solas-aldi bat egin!
6
- Solas egin ditake
Lanen artetik ere...
Latsagei ba zinuke
Boketa onik nere?
7
- Banuke aipatzeko
Latsatzeaz bertzerik;
Bihotza zuretako
Arras daukat harturik!
8
Sarri bi orenetan,
Mahainetik lekora,
Haitz handiaren pean
Solastatuko gira.
9
Musde Migel tank han zen
Erran zen tenorean;
Goait zagon Marisantsen,
Haitz handiaren pean...
10
Marisants ez agertu,
Arros'eta klabedin!
Musde Migel gelditu
Zehe bat sudurrekin!
11
Bainan, etxerakoan,
Neskatxa ikusi du
Gazteņo batekilan
Leihoan buruz buru.
12
Gizon-emazte gaiak
Irria ezpainetan;
Subiran jaun gaixoak
Afruntua kopetan.
|