Larramendik'ko Soregiñak
Agustin, (Aita, K.O.)
Illargiaren argiz bai eder
Larramendi'ko landea!
Ilbetearen mosua ez da
a baiño askoz obea.
Auzoak diño antxiña baten
sorgiñen batzoki zala,
eta goizetan sarri aurkitu
ebela bedar zapala.
Baita ointsu be toki orretan
illargi beteko gabez,
ara ta ona, egaz ibiltzen
sorgiñak ikus ei dabez.
Itxaron daigun unetxo baten
landaren goiko ertzean,
ia olako txerrenen batzuk
gaur be agertzen direan...
-Ene bada! Nik egin dot
egiteko ikara.
Sasipetik urten ointxe
erbi batek landara!
Ene! Auzoa bildurtzen dozun
Larramendi'ko sorgiña,
emen agertu bearrekoan
gurean ager ba'ziña!
-Ara gero, erbi orrek
bertan ditu lagunak.
An agiri dira beintzat
belarri bi zutunak.
Irapilloko abi beroan
lotan agon, txakur nagi;
Emen zer daukan jakin ba'eban,
aspaldi engoke jagi...
-Bereala Bustanzuri'k
bazterrean ein ausi,
ta erbiak urriñean
bildur barik arrausi.
Geroago be ausika dago
irapean Bustanzuri,
bere ausiaz bazterrak jarten
diralakoan urduri.
-Ta erbiak bitartean
Asi dira jokoan
bedar guriz jantzi dagon
landa eder osoan.
Sorgiñen batzuk ete direan
itandu leike benetan,
goiko laiñoen gerizpea lez
baitabiltz ariñeketan.
Purrustaka landa zear
jarraitzean alkarri,
gelditzen dan gaixoari
ostiko bat ekarri.
Nagusiaren txakurra lotan
etzunik bere txokoan,
bere bildurrez alde guztiak
baketsu diralakoan...
-Ta erbiak goitik bera
birinbolan amildu,
zirauna lez bedarrean
atsegiñez murgildu.
Illargia bein geldiro sartu
laiño nabarren ostean,
eta bertatik alde guztiak
illunpetan itxi bean...
-Bereala gelditu be
bedardiko erbiak
goietara zuzendurik
euren begi zoliak.
Une orretan nagusik ames
eizan izan dala bera
eta lepoan erbi andi bat
ekarri daula etxera...
-Ta erbiak ostera be
jolasean karraxi:
"Nagusiaren kolkotik be
guk egingo igasi".
Ta orrelaxe ariñeketan
igaro dabe gaberdi,
baita egundu baiño lenago
billatu beste alderdi,
Esanik: -Et! Ia orain
belarriak zutundu
ta bakotxa beingo baten
bedarditik urrundu!
Goize artan be agertu ei zan
zapalduta bedar dana:
baiña nik beintzat ziur nekian
sorgiñik izan etzana.