Zaldiya eta astoa
Artola, Ramon
Biyak jabe bat izanik
astoak eta zaldiyak,
etzuten egiten lanik
ongi bizi ziran biyak.
Indar pantesiya zuben
astoak, guchi izanik,
zaldiyak berriz etzuben
erakutsi nai zubenik.
Ala bein nairik progatu
bien indarrak nausiyak,
gurdi bati zizkan lotu,
atze aurretatik biyak.
Eta ziranean asi
Indar leian edo teman,
astoak zaldi ta guzi
gurdiya zuben eraman.
Baņan ura zan zaldiyak
zergatik ala nai zuben,
bestela tonto aundiyak
menperatuko etzuben.
Segiran astoa pozez
saltoka dantzan zan asi,
bere lagunari erraz
ziolako irabazi.
Baņan pozarrek etzuben
bildu ezpada negarra,
aurrera izandu zuben
nekoso bizi bearra.
Nola indartsuna, nor zan,
jabeak ikusi zuben,
gurdi arrekin lanean
bera paratu baitzuben.
Eta ibilli-erazten
zuben nekeko lanean,
zubela goiz asi-azten
eta libratzen gabean.
Echera zanean joaten
choil nekatuka astoa,
zaldiyak zion esaten
ai asto gizarajoa.
Eta modu arretan zan
ibiltzen arronkosoa,
neke pean pasa izan
baizuben bizi osoa.
...................
Indarraren pantesiyak
gaizki asko ditu artzen,
indartsubaren erdiyak
beren faltaz dira galtzen.
|