Erriochoa bere bidean
Artola, Ramon
Askaturik arkaitz chinchur
batean erriochoa,
dijoa bidean chur chur
chirrist egiñaz gaisoa.
Seaska jaiotokia
izandu zuben mendiyan,
eta bear du obiya
izan itsaso aundiyan.
Bere joanera luzean
zenbait suerte trukatu
igarorik, beardu an
bizi tristea bukatu.
Jotzen du mendiskaz bea,
kemenak zaizka eskasten,
joan bidea du obea,
bañan geldiko da azten.
An eten, emen jo koska,
salta, joan, asi, gelditu,
bideak biurrak dauzka,
nai arren zuzen segitu.
Atariko idi ta beiyak,
jachirik bere lurrera,
ankaz mugiturik loiyak
zikin uzten dute bera.
Eta dijoa igesi
kristal len zana argiya,
berriz nairik erakutsi
bere kopeta garbiya.
Bat batez emanik jira
mendi baten egalari,
kentzen da andik erdira
itzul egiñaz berari.
Zeñeran pozturik oso
abiatzen dan lasaitzen,
bañan uste gabe preso
du bere buruba jartzen.
Allegatzen da esturan
errota zarcho batera,
gero zilipurturik an
dediyen gaizki atera.
Triskillatuba guztiya
kentzen da indarrak illik,
iri batetik biziya
daramakila zintzillik.
Malko lodiyak emanaz
dijoa irtena gaizki,
biotza darama penaz,
nora dijoan eztaki.
Ala, du erraz chirristen
alderdi labañetara,
non segiruban dan jaisten
leku pintatubetara.
Ala asten da trebesten
arboldei ostoz jantziyak,
nola estropozka jotzen
suge-leku ta sasiyak:
Non segiruban gordetzen
dan mendi biren tartean,
ikusi dedin erortzen
gero arkaizte batean:
An betaz, betaz azaltzen
zaiola toki alaiya,
ostoz ta lorez estaltzen
dan leku oso galaiya:
Segitzen dubela pauso
neke gabeko eztiyan,
preskuran usai gozozko
estaliyaren azpiyan.
Bañan bezturik odoiya
turmoi turrunbak aitutzen
badira, etenik goiyak
urak bea dute jotzen.
Eta orduban loditzen
asirik erriochoa,
denboraz ezta kabitzen,
bere tokiyan gaisoa.
Eta alde denak joaz
ezin jarraituz ur lodik
pasatutzen da itoaz
ibarretako artadik.
Segitzen dubela ala
bere bidean joan ta joan,
urruti ikusten dala
lasterka nola dijoan.
Bañan lasterka nola joan
ala ibiltze geldiyan,
obiratzen da gero an
itsaso zabal aundiyan.
Erriocho ur argiya
ekaiztez dalako loitzen,
¿nork daki diña garbiya
dan gero itsasoratzen?
......................
Gizadia da au bera,
alkarren baidute antza,
erriochoak gu gera,
ura da aure ekanza.
¡Ai! zer lezio aundiyak
onetaz jaso gintzaken,
¡ai! zeñek urak garbiyak
itsasoratu litzaken.
|