Chomin Iruchulotarra bere erriyan
Artola, Ramon
Urrutiyetan nere denbora
pasarik jira ta bira,
momentu ontan arkitutzen naiz
Donostiyari begira;
urte askoren buruban nator
itsasos nere errira,
orain sartzen naiz Iruchuloeta
zarrera eta berrira.
Zartuta nator Donostiyara
irten nintzana gazterik,
ontaz oroitugabe pasatu
etzait jairik ez asterik;
orain beraren barrenen nago
pozez ta penaz beterik,
zeñen ez detan ikusten gauza
diferentiak besterik.
Ez dakit nondik nora nabillen,
non jartzen detan pausoa,
antzikan ezin ezeri eman,
au da lan kuriosoa;
¿non dira nere jaiotechea,
kalea eta auzoa?
ezin billatu ditut non diran
jirarik erri osoa.
Iru orduban nabil zoratzen
aruntz joan onuntza jira,
lengo emengo echeak eta,
gauzak non diran begira;
kupelatei ta tabernariyak
ere, lengoak ez dira,
zarrikan ez det ezer billatzen,
guztiyak berriyak dira.
Noiz bait bearda azaldu zaizkit
eche lengoak diranak,
gaztelubaren oñean daude
ogei ez dira dianak;
eliza bita bi konbentubak
erre izan etziranak,
oyek bakarrik ikusten ditut
lenago emen ziranak.
Ez dira lengo muralla aundi
beltz aiek ere ageri,
kontu artutzen beti egoten
ziranak Donostiyari;
beren tokiyan jolaz-leku ta
arbolak daude ugari,
¡ikusten naguen egi guztiyak
gezurra dala diruri!
Aundiyak eta ederrak dira
emen egin diran lanak,
eta ez ere ezkasagoak
egiten ari diranak;
lengo denboran ondar pilla ta
belar tokiyak ziranak,
gaur erri berri batekin iya
eztali dira dianak.
Arboldegizko pauzo lekubak
loretoki ta zelaiyak,
graziyaz daude beteak eta
echeak dira galaiyak:
arku jirakin plazak ederrak,
kaleak zabal alaiyak,
au guztiya du koroitzen iñon
igualik ez duben plaiyak.
Begira jarri erriyarita
orobat isasoari,
eta guziyan edertazuna
bezterik ezta ageri;
¿nola ez jaio bati burura
ote zan goitik erori?
bada zerutik amildutako
arren puska bat diruri.
Begiyak ase eziñik dauzka!
ikuztez nere erriya,
ametz gozo bat ez dala ere
ezin siniztu det iya;
ain dago bezte ez beziñ perla
eder, begiragarriya,
au ez da lengo Iruchuloeta,
da zeru chiki berriya.