Baserri zakurra (Ipuia)
Artola, Ramon
Ongi bizi zalarik
bere baserriyan,
aitzen zuben zer nola
ziraden erriyan;
chit gaizki ikusiyak
zirala katubak,
eta zakurrak berriz
oso maitatubak.
Oek nai eran libre
zirala ibiltzen,
bat bakarrik etzala
gazterikan iltzen.
Zer jana berriz nonai
billatutzen zala,
itz batez, an ezeren
paltikan etzala.
Oek guziyak joanik
belarriyetara,
egun batez zan bere
echetik atera:
eta egonik bide
denari begira,
abiatu zan jaisten
menditik errira.
Ontan asi ta sarri,
zijoan bidean,
billatu zuben zekor-
zanko bat lurrean;
eta usai egiņik
puska eder ari,
esan zuben:-eztet nai
nik au jaten ari;
erriyan egingo det
nere otorduba,
allegatzen danean
jateko orduba.
Gero topatu zuben
zerri-belarriya,
eta ez izanikan
ain puska larriya,
esan zuben:-au baņan
gauza obea, len
eztet jan, eta nuan
errira lenbaitlen.
Onela allegatu
zanean bertara,
ibilli zan begira
alde denetara;
baņan nola etzuben
zer janik billatzen,
asi zan dendetan ta
tabernetan sartzen.
Oetako batean
egonik usainka,
artu zuben platera
batetik lukainka;
baņan ikusirikan
lan artan mutillak,
makillazoz berotu
ziozkan kostillak.
Andikan karrasika
irtenik igasi,
beste denda batean
zan sartutzen asi:
an berriz topaturik
katu bat aundiya,
kendu zion zarpazo
batekin begiya,
eta chiliyoz zuben
denboran aldendu,
borroka ziyon beste
zakur batek eldu;
zeņak sarturik gogor
bere letagiņak,
aztu erain ziozkan
lenagoko miņak:
bada bizirik bazan
irtengo argandik,
bestek libratu zuben
eta joan zan andik.
Ala porrokaturik
guziya erriyan,
aurrera zan bizitu
izan baserriyan.
................
Au da gure artean
gertatu oi dana:
degun dena charra da,
ona besterena;
urrutiko inchaurrak
izanik amalau,
beretara joatean
gertatzen dira lau.
|