Txantxangorriya
Arrese, Emeterio
1
Zuk dezun margo ber-bera duen
osto geyenak lurrean
zuaitzetatik erori eta
banazka, soill, daudenean,
begiyak xabal-xabal jarrita,
adar me baten gañean
egoten zera, txantxangorriya,
negarrez uda azkenean.
2
Ain txukun; apal eta geldiro
jarraitzen zera kantuan,
non ernai beti zuri begira
egon arren bat onduan,
naigabe pranko banatugatik
kantari zauden orduan,
iñoiz ez dizu ari zerala
antzik emango mokuan.
3
Papar txiki ta gorrixta bor-boill
ler egiteko zorian
jardun-gai oso kupigarriaz
beterik daukazunean,
ain beste negar..., eresi xamur...
axanpa guzik batean,
ez dakit nola kabitzen diran
zure kolko pollitean.
4
Aldizka purruxt, ega motxean,
uste gutxiñez aurrera
azaldurik an laister-bidetik
maldagora goazela,
gidari zintzo gertu bat izan
nai bazenduke bezela,
gure alboan zabiltza beti
txoriño maiten-maitena.
5
Maite zaitugun ezkero nunbait
ordañak aurrez ematen
ote zabiltzan esan liteke
negua sartu baño len.
Ez ikaratu!, elurte gaizto
aundienak izan arren
gure onduan arkituko da
zuretzako ainbat lurmen.
6
¡O, txori gaxo, sotill, pollita,
biotz erien laguna,
txiruliuka negar ugari
eztiro dariyozuna
zu zera beti txantxangorriya,
zu zera txantxan-iztuna,
alakoxe gauz maitagarri bat
erakusten diguzuna.