Nere basetxean
Emeterio Arrese
Amesgillien pozkai ederrez
alaitu naiz bat-batean
ego-aldetik enada bi gaur
etorri zaizkidanean.
Goizetik emen era gozatsu
xamurrez, ixil antzean,
abegi on bat eskatzen daude
txioka tellatupean.
¡Txori maiteak: luzaro jardun,
ez ixildu, gogoz ari!;
zuen txiogaz amets eginda
esnatu naiz olerkari.
Egazale dan biotz ariñ au
pizturik oso ta garbi
goiz eder ontan egun argitzez
biurtu zait oztin-txori.
...Udaberriro zintzo datozkit
yoan arren udazkenean,
lagun oberik ezin arkitu
nere aterpe xarrean;
enada polit oiekin batez
Saratxomendi gañean
burauste zakar illunik gabe
bizi naiz pake-pakean.
Mendiyan iñoiz aldarte txarrik
ez det izan..., lasai nago,
aldi bat ezik bizitz osoa
nai nuke bertan irago.
Txindiz aberats ez banaiz ere
pozez ¿nor aberatsago?;
atsegiñaren ezti jatorra
an bean ez, emen dago.
Elkarren etsai bizi dira-ta
gauz onik ez uritarrak,
mendiyan beso zabalik daude
aritz pago ta lizarrak;
iturritxoak biziro garden,
eztitsu lili ñabarrak,
eta goizero txioka nere
tellatupeko maiztarrak.
........................................
¡Txori maiteak luzaro jardun,
ez ixildu, gogoz ari!;
zuen bitartez amets eginda
esnatu naiz olerkari.