Larramendi-ri, lora bat. (Amalauduna)
Arrese ta Beitia, Felipe
Ur zelayetan doian ontziak ez dau bidean,
Lorratzik eiten nundik joan zan igarteko;
Ez arranoak aidetan zear dabillenean,
Ezaugarririk gure begiak ikusteko;
Beti betiko ill jakun Igaz, lengo egunean,
Bera legeche Aurten, jayo da amaitzeko;
Urtea'k, bere, doaz keriza doian antzean,
Ezer ezera danak guztiak biurtzeko.
Jayo danakaz baña; au ez da beti gertetan,
Umantak iraun oi dabe achok legez zuti;
Euren gomuta mundua mundu ez da azketan,
Euren egintzak direalako beti bizi;
¡O! Larramendi, zarealako umant benetan,
Zure gloriai lorau nai deutset nik egotzi.