Israelgo mirariak
Arrese ta Beitia, Felipe
Denporea da ausi jatala
Lira zolia,
Soñu artetik guztizko urrin
Gaur naiz bizi,
Basamortuan erbesteturik
Aurkietan naz,
Egun garratzak ditugulako
¡Ai! jadichi.
Nire musacho biotzekoa
¿Ez al dakizu
Bizi modu au jatala triste,
Eta samiñ;
Gura al dozu lira bagarik
Nagoalako,
Koldar bat legez kobaren baten
Gorde nadiñ?
Adore baga neguko chori
Mutu bat legez,
Otzak kikillik, chio bat bere
Egin baga,
¿Gura al dozu erneguren bat
Nik egitea,
Adietara emonaz etsi
Genduala?
Isilltasun au illteko betor
Lira barri bat,
Musa, ekatzuz gogoraziño
Eregiak,
Irudi onak, etorki gozo,
Itz egokiak,
Kantau daidazan gaur Israelgo
Mirariak.
Gaur Israelgo mirariak nik
Kantau nai ditut,
Jazoak legez jazotekoak
Iragarri,
Gure Jaungoiko mirarigiñak
Deutsazalako
Oraindik asko egingo bere
Erriari.
Onen mirariz beiñ ichasoa
Erdibitu zan,
Jordan atzeruntz beste beiñ asi
Igesika,
Mendiak salto ariak legez
Egiñ eben ta
Bildotsak legez mendiskak bere
Ikotika.
Onen mirariz mana jasten zan
Iñotza legez,
Erri bateri izan ekion
Bizigeya,
Beronek nai ta, gizon on baten
Esan utsera
Geldi jarri zan, loturik legez,
Eguzkia.
Onek nai eta beste beiñ bere
Ichas-arroa,
¿Ez dok gomutan jarri intzala
Beeraturik,
Esan orduko ontzi batetik
Jaun altsu onek,
Geratu ari isillik eta
Mututurik?
Jarraik jarraitu Jaun onek isten
Badeusk oraindik,
Barauts ta bitzok odeyez gora
Boteagaz,
Baña mukerra, baldiñ ez badok
Iñoz garaitu,
¿Noz urten daikek beronen kontra
Garaitzagaz?
Badaroazak emeretzi bat
Gizaldi iya,
Adarka, adarka, eten bagarik
Ontzi orri;
Baña alan bere ez gayoazak
Gu oraindiño,
I gora bera deitutera Jaun
Altsu oni.
I gora bera ez gayoazak
Lorik galtzera,
Ez ta bildurrik egitera gaur
Erakutsi,
Echuogu nai beste bein legez
Esan dagian,
Guk daukagula berorregana
Fede gichi.
Balea legez baña baletok
Ur-mendiren bat,
Ago zabalaz iruntsi nairik
Sabelera,
Ontzitik salto egiñ baño len
Orduan bere,
Asiko gaituk modu onetan
Deitutera.
Salbau gagizuz, mirari barri
Bategaz Jesus,
Itzala sartu egiezu gaur
Aise dongai,
Esnatu zaite baga-zezenok
Otzanduteko,
Dakielako obedietan
Zure esanai.
Salbau gagizuz, trumoi chimista
Oneen erdian,
Desegiguzu gaiztakeria
Truyutsua,
Eguzkiaren begi zorrotzak
Laster desegiñ
Daroen legez aurrean dauken
Odeichua.
Salbau gagizuz, ikusi dayan
Ichas-zartadak,
Direan legez acharen kontra
Birrinduten,
Gaiztakeria azartu onek
Zelan bereak
Pedroren kontra beti dabela
Ustel urten.
Salbau gagizuz, ikusi dayan
Zure Eleisa,
Dala mendi bat Olinpo baño
Goragua,
Onek azpian artzen dituan
Legez ekachak,
Zure mendiak dabela artzen
Infernua.
Salbau gagizuz, infernutarrok
Ikusi dayan,
Pedro dagola ach bat duiñ gogor
Sinistean,
Dakialako beste ainbeste
Mirari, Jesus,
Daikezuzala aise, ur, eta
Leorrean.
Salbau gagizuz, salbau, bai, Jauna
Ardi ta bildots,
Geure Artzaiñaz gagozan danok
Zuri deyez,
Eta uretan dabiltzan bale
Izugarriok,
Otzan-otzanik gure sareetan
Jausi bitez.
Mundu guztira sare onesek
Bota nai doguz,
Arraiñ ta abere dan-danok artu
Dagiezan,
Arrantzale bat izan dakigun
Danoen buru,
Danok kristiñau egindakoan,
Gure Eleisan.
Leon amairu-garrena dogu
Arrantzale au,
Zergatik berak zuzentzen daben
Eleisea,
Leon amairu-garrena Artzaiñ,
Aita Santu ta
Leon amairu-garrena baita
Erregea.
¡O! Leon andi miragarrial
¡Nok leukekezan
Zu jasoteko berba duiñ, eta
Eregiak,
Mundu guztira dozuzalako
Zuk, zeuk bakarrik,
Zeruko ateak zabalduteko
Giltza biak!
Zuri begira nago emendik
Zar itzaltsua,
Zakustaz gure Arbolearen
Irudian,
Ikusten zaitut au mutildurik
Dakustan legez,
Modu berean zelan zagozan
Italian.
Ikusten dot nik ereñotzezko
Aroz jantzirik,
Gaiztakeria eskerga orren
Egillea;
Baña, ostarku barri bat laster
Jayoko jaku,
Zeiñ izango dan egun obeen
Señalea.
Neu naz, neu naz, bai, Jesusek laster
Esango dau, ta
Ikusiko da bete berbeak
Zer al daben,
Ikusiko da gaiztakeria
Armaz jantzia,
Zelai lurrera beti betiko
Dala jausten.
Ikusiko da egiaztuten
Aren berbea,
Baita betetan arek agindu
Ebazanak,
Ikusi geinkez zerutik jausten
Izarrak baña,
Ez uts emoten Pedrori
Esan eutsazanak.
Ikusiko da irago zala
Charren tandea,
Ikusiko da dongak ebela
Jo azpia,
Ikusiko da euren sutunpak
Eziñ ebela
Zelaitu Leon jazarriten dan
Jartokia.
Baña ikusi ezkero preso
¡O! Artzaiñ ona!
¿Zeiñ ardi ez da zute okerraz
Saminduko?
¿Zeiñ bertsolari Erroman zugaz
Gertetan danaz
Ez da asarte santuzko suaz
Isiotuko?
Biztzen nozu bai, lira motel au
Zolituteko,
Sututen nozu zorroztuteko
Loma motza,
Garretan jarten artzeko bere
Zure aldera
Ezpata miñ bat zure naya gaur
Au balitza.
Odei burruken burrundaretan;
Ene Erregea,
Achak badodaz dardar saltoka
Ikusiten,
Zure etsayen sutunpen otsak
Entzun ta ¿ez da
Gure biotzik saltoz asiko
Irakiten?
Neri taupaka beintzat asi jat
Egon ezinda,
Gerrara diñost gura dabela
Urtetea,
Gerran, bai gerran, gerran zugatik
Milla bizitza
Baleukaz bere, gerran nai leukez
Emotea.
Parkatu Aita, berbaren baten
Erratu badot,
Askatuagaz ainbesteraño
Barrua nik,
Esku orregaz indazu arren
Bendeziñoa,
Ause artzeko jarten nachatzu
Auspazturik.