Il nazu lenbailen!
Arrese Beitia, Felipe
¿Ez da egia gizaldi askok
Zura dutela usteltzen,
Ez da ziurra urteak ere
Gaztea dutela zartzen,
Ez da jakiña gure bizitza
Denborak duela aitutzen,
Eta umantak beti bizirik
Nola ditugu ikusten?
Gizon chikien egiñ guztiak
Kia bezelasen berdin,
Eriotzak putz egiñ orduko
Oi ditu denak desegiñ;
¿Umant argien azaiñ aundirik
Denborak nun ta noiz du ill?
¿Noiz eriotzak burrukatzeko
Biotzik dauka oyekiñ?
Nola zanpatzen duten umantak
Oñ-alki galant ederra,
Beren azaiñak zanpatu zuten
Eriotz zital okerra;
Illunduko onek aisago luke
Egun sentiko izarra,
Itzali baño gizon ospatsu
Eta umanten izena.
Umant aundiak nola dituan
Ainbeste Euskal-erriak,
Gaur alabatu gura nituke
Baten bertute argiak;
Milla ta aundiak badira ere
Emengo aitz zeiñ mendiak,
Dira geyago ta aundiagoak
Seme chit miragarriak.
Beraz, ez aite Arno i ere,
Ez aita izan aiñ arrua,
Ainbesteraño alchaturikan
Lerden lerdenik burua;
Seme bat badek ire errian
Askozaz altuagoa,
Zeiñen oñ-alki, gaur ipintzeko
Ez aut billatzen naikoa.
Motrikok dauzkan mugen artean
I aiz chit arroz barrutzen,
Kosme Churrukak leku geyago
Ordea ziguk eskatzen;
Erria ez ezik erresuma bat
Ez diat diña billatzen,
Bere izena nijoalako
Mundu guztian zabaltzen.
Apolo zure laguntasuna
Ederki letorkit emen,
Bial zadazu musa eder bat
Argitutzera gaur arren;
Baztar danetan nere kantua
Gozoro adi dezaten,
Eta euskaldun umant batekiñ
Arri ta zurtu ditezen.
Zurtu ditezen chikiak oso,
Zurtu ditezen aundiak,
Zurtu ditezen gizon illunak,
Zurtu ditezen argiak;
Zurtu ditezen denak guztiak,
Entzunik bertute aundiak,
Gipuzkoako seme'ernai baten
Guztizko miragarriak.
Miragarriak dirala guztiz
Esaten ez det lotsarik,
Probatzeko ere itzcho bi baño
Ez ditut bear besterik;
Mundu guztiak ikusi beza
Ote diodan gizurrik,
Ote diodan Churrukagatik
Izandu ez dan gauzarik.
¿Nun da bestela ichas-gauzetan
Nun da onekin berdiña?
¿Nun da Churrukak aiñ lan aundi
Nun da beste bat egiña?
¿Non armari ta buruzaririk?
¿Nun au lako magapiña?
¿Nun izkribatzen, nun arkitzenda
¿Nun Kosme beziñ bikaiña?
Ez det billatzen liburuetan
Bat jartzekorik onduan,
Ez det billatzen ainbeste doaiz
Jantzirik onen moduan;
Ez det billatzen antziña-eran,
Ez det billatzen gaurkuan,
Ez det topatzen, ez det arkitzen
Iñorcho ere munduan.
Bakar bakarrik billatutzen det
Kosme Churruka aundia,
Bakar bakarrik topatutzen det
Doai danakin jantzia,
Bakarrik nola izar danetan
Argien dan Eguzkia,
Kosme ere da ichas-gizonen
Umant danetan nausia.
Kondairak kantabeza nai badu
Ill zala gure umanta,
Irabazirik Trafalgar-eko
Jazarran koroi galauta;
Kantatuko det baña nik beti,
Ori orrela ez dala,
Koroi ederra gozatzera igo
Zuela zeruetara.
Kantatuko det bizi zaigula,
Gizon aiñ miragarria,
Kantatuko det bere bizia
Dala eziñ ilgarria;
Kantatuko det bizitza ori
Dala umanten saria,
Umant artean zeruan berriz
Dala Churruka jarria.
¡Oh! Kosme, jazo albanizuke
Gaur nai nukean dorria!
¡Ichasoaren erdi erdian
Olimpo beziñ aundia!
Bere gañean ikuste arren
Altasunez zu jarria,
Zeradelako España baten
Seme aiñ onragarria.
Orrelakose jargoi eder bat
Zerorrek dezu merezi,
Arrigarrizko bertute oyekin
Dezulako irabazi,
Mundu danari beatz onekin
Zatzayodan erakutsi,
Oyuz esanaz ¡ara, an! Churruka,
Non jarridedan ikusi.