Gure bateztasuna ta asaben fedea
Arrese ta Beitia, Felipe
¿Zer zare zuek ach aiñ goitsuak
Zer zare mendi chit zarrak,
Zer zare gure errekacho ta
Zer zare zer ibai-tzarrak?
¿Zer zare gure iturrichoak
Zer zare ichas zabalak?
¡Zer zaren zuek ez dakit baña
Zare euskaldun leyalak!
Guztiok zare euskaldun beti,
Euskaldun bere izango,
Euskaldun dabe zuen izenak
Mundua mundu iraungo;
Eta berbetan bazenkie gaur
¿Zer zendukee esango?
«Erdaldun izan baño guztiok
Ill gura dogu lenago.»
«Erdaldun izan baño lenago
»Achok nai dogu zelaitu,
»Mendi tontorrok beera jausirik
»Landa eginik geratu;
»Ibai errekok agortu eta
»Iturrichuok mututu,
»Erdaldun izan baño lenago
»Lur ichasuok biurtu.»
Orrelakorik ez bedi gerta,
Oraindik bizi zaiteze,
Oraindik bada egun obeak
Guganuntz egingo dabe;
Orain etsi ta zuek orrelan
Baldin amaitzen bazare,
Galduak gara euskaldun danok
Gelditu baga bapere.
Ez da ardura sartuagaitik
Plaga bat zuen lurrian
Nok ezin leyan oso garaitu
Zuek zareen artian;
Fedea illten ezpada chito
Euskaldunaren biotzian,
Plaga ori da desagertuko
Laster lurraren azpian.
Plaga onek dauz-ipiñi gaizki
Aberats eta pobriak,
Plaga onesek geisotu ditu
Mirabe eta nausiak;
Plaga beronek gachez bete dauz
Otseiñ ta agintariak,
Plaga onek berak azkenez josi
Izurriz erri guztiak.
Plaga ori da nire ustean
Aiñ infernutar dongia,
Plaga ori da mundu danaren
Pozoi akabagarria;
Plaga orre-sek gaur zelan daukan
Zabal-zabalik saria,
Sare orretan jausirik dakust
Neure lur maite maitia.
¡O! neure Erri katigatua,
Bateztasunen sarean,
Zeure indarrak uts biurturik
Zelan argaldu zarean;
Esanik dago: «bateztasuna
Ereiñik bada errian,
Erri au laster jausiko dala
Erbestekoen azpian.»
Erbestekoen azpian zakust
Danori makur makurrik,
Euren sokakaz zeure besoak
Dozuz errime loturik;
Noz erdaldunak? ¿noz jantzi deutsu
Alan zuri buztarririk,
Euren burdia ibilli zara
Inoz eroan eziñik?
Mintza zaiteze agura zarrak,
Aiton itzal aundikuak,
¿Izan ziñeen iñoz semeok
Garean lako olluak?
¿Nor zan azartu zuei austera
Ol santu euskerazkuak?
¿Nor botatera lurrera zelai
Batzarretako Tenpluak?
Jagi zaiteze, Asaba illak,
Biztzera gure fedea,
Urten zaiteze obietatik
Sartu dakigun lotsea;
Onelan bizi baño nayago
Zenduelako illtea,
Gorde zenduen Erri santu au
Garbi euskaldun librea.
Zuen fedea zaindu balitza
Gaur bagenduan indarra,
Etsai guztiai sartzeko izu,
Bildurra eta ikara;
Eta lenago botako ziran
Mendi ta achok lurrera,
Lotsa gorrian ikusi baño
Erri libre au onela.
Neure Erria, gaur dirudie
Israeltar gisaisuak
Zure semeak, dabiltzalako
Asko egabanatuak;
Bildurrez nago ete gaukazan
Jaunak madarikatuak,
Ez orrenbeste; nai dogu izan
Kristiñau katolikuak.
Fede onegaz alkar arturik
Guztiok batzen bagara,
Bildur bagarik azartuko naz
Berba egiten onela,
Betoz orduan, naiz datozala
Mauruak gure lurrera,
Baña joango ez direala
Orriz jantzirik atzera.
Fedetik dator batasun ona,
Batasunetik indarra,
Indarrak barriz beragan dauka
Etsayentzako itzala;
Euskal-erria orregaitik zan
Oso libre ta bakarra,
Itzalaz beti eukazalako
Erdaldun danak ikara.
Arri pisuak egonagaitik
Lotan legeche errotan,
Gabi astunak nagi nagi ta
Geldi geldirik oletan;
Iturri askok ibai egiñik
Baldin badeutse bultzetan,
Chimisten gisan ¿ez dira asten
Ibillten ariñeketan?
Batasuna da indarra bada,
Alperrak dira ipuyak,
¡Ai! bagenduke ezaguturik
Anaya laztan maitiak!
Bat ez bagara diñot benetan,
Egin ebela guriak,
Baita igesi egin ebela
Guraso zarren legiak.
Guraso zarren fede zintzoan
Goazen bai batzandutera,
Chita gaisoak doazan legez
Olloaren egapera;
Goazen aguro, baña dan danak
Bandera onen itzalera,
Banan bagabiltz laster datorkuz
Miruak iruntsitera.