Ad te, Domine, levavi animam mean (XXIV'garren salmua)
Zureganontz, ene Yauna,
yaso dut nere gogoa;
gau ta egun etengabe
zu baitan daukat ustea.
Zugan igurikitzen dut!
ez al naiz motz-geldituko,
etsaiek ez al didate
iji-ajarik egingo.
Ezpaitira motz-gelditzen
zu baitan uste dutenak;
lotsa bitez, gaita-bidean
zoratuki dabiltzenak.
Zure bideak, oi Yauna,
erazautu zaizkidatzu,
zure ibillera gordeak
erakutsi zaizkidatzu.
Zure egiaren bidetik
otseman ta naramazu,
zu baitzera nere Yainko,
nere gaizkatzalea zu.
Yauna, gogoan iduki
zure erruki gozatsua;
oroit zure urrikariez,
sekulakoak baitira.
Ea oroitu nik gaztetan
egindako tzarkeriaz!
nitaz bai oroitu zaite
zure ontasun andiaz.
On-utsa da gure Yauna,
guziz ona ta zuzena;
makurbidez doazenei
ark erakusten bidea.
Biotz-apalei zuzenki
bidez bide otsematen,
bere ibillera ta urratsak
alakoei erakusten.
Yaunaren urrats guziak
errukia ta egia,
bere ongunde ta agintzen
zale direnen aldera.
Zure izenaren kariaz
barka zaidazu, oi Yauna,
barka nere tzarkeria,
naiz izan oso andia.
Nor da Yauna maite duen
ta aren beldur den gizona?
irakasten dio, artu
bear duen bide ona.
Ondasunetan igeri
biziko da olakoa,
aren askazia gero
lurraren yabe izango da.
Bere beldur direnekin
da Yaunak nabastarrea,
oiei adirazten die
garbi bere ongundea.
Nere begiak Yaunagan
dauzkat beta landaturik,
ark baititu nere oņak
aterako xederatik.
Arren! begira zaidazu
ta urrikaldu nitaz, Yauna,
laguntza gabe bainago
ta atsekabez puskatua.
Estura larriz lertua
dut biotza; lasai zazu!
nagon istillu gorritik
onez atera nazazu.
Ikusatzu nere ezbear,
zorigaizto ta samiņak;
barka zaizkidatzu arren!
nere oben ta utsegiņak.
So-egizu eta ikusi
ene etsaiak zenbat diren,
beira nolako gorrotoz
bidegabez iguin nauten.
Nere anima zain zazu,
zain zazu nere bizia;
ez naiz lotsaz geldituko,
zugan baitaukat ustea.
Zintasun ta oben-ezak
ingura nazate beti;
banabilke beldurgabe,
zugan baitut iguriki.
Elki zazu Israel, Yauna,
estuasun orotati.
|