Arbola bat
Arrese Beitia, Felipe
1
Arbola bat zan Paradisoan
Jaunak apropos jarria,
Mundu guztiak artu egion
Lotsa ta itzal andia,
Bere azpian bizitea zan
Aita Adanen gloria,
Andik kanpora zer topau eban
żEzpada negargarria?
2
Arbola santu aren azpian
Bizi zan, Zeruan legez,
Eukazalako atsegin danak
Eta nekerik baperez;
ˇAi begiratu baleutsa beti
Lotsa on eta itzalez!
Mundua etzan gaur arkituko
Onenbeste atsekabez.
3
Arbola bat zan Bizkayan bere,
Neure anaya laztanak,
Zeińen azpian, pozez beterik
Egoten ziran asabak,
Kerispe zabal artan jarririk
Eginda euren Batzarrak,
Bustarri baga, nasai ta libre,
Bizi ziran bizkaitarrak.
4
Bere azpian umildu ziran
Errege Gaztelakoak,
Eta lekurik ez eben izan
Sekula barriz moroak;
Atzera gura badogu izan
Libre len gińan lakoak,
Itxi daiguzan erdaldunentzat
Erdaldun diran kontuak.
5
Astu daiguzan gure artean
Izan diran aserreak,
Izan gaitean anaya eta
Euskaldun zintzo garbiak;
Betor guraso zarren fedea,
Betoz asaben legeak.
Bere negarrak leortu daizan
Ni jayo nintzan Erriak.
6
ˇO neure Erri maite maitea!
Zakustaz triste negarrez,
Zure alabak euren buruak
Baltzez estaldu dituez,
Trentza mardoak tiraka atera
Ta sutara bota dabez,
Gaur euskaldunak dirala orrek
Ezin ezaguta leikez.
7
Isildu ziran neskatxen kantak,
Mututu artzaiń-txistuak,
Zelai zabal ta jolas-lekuak
Gaur dira basamortuak:
Arroak beera itxasoruntza
Doiazan errekatxoak,
Gau eta egun txilioz dagoz
ˇAi gara Gaztelakoak!
8
Bakarrik dakust pozgarritxo bat.
Euskaldun amen fedea,
Benturaz oneok bigundu leike
Jaungoikozko aserrea,
Eta zerutik jatxi berriro
Galdu zan libertadea,
Mundua mundu bizi dakigun
Gernikako Arbolea.