Lelo kantzoa
Araquistain, Juan V. de
Lelo ill! Lelo
Lelo ¡A Lelo:
¡Lelo! ¡A!
Lelo ill! Lelo!
¡Lelo Zarak ill!
Lelo! A!
(ANZIÑAKO EUSKALDUN KANTZOA.)
¿Zer gertatzen ote da Euskaldun lurrean?
Jendea motel dabill minduren mendean!
Aspaldi onetan
kopet guzietan
laño beltzak dabiltza... negar begiyetan!
Ez da soñurik iñon danzarikan ere ez;
eztarriyak mutuak, far, algarak iges!
Zerbait gertatzen da,
eta pisua da
orrela Kantabriya bildurtzen duana.
Neguko elur gañian badator ekaitza,
laster datoz ujolak aitzetikan aitza,
guzia urraturik,
guzia eramanik,
olatu beltz artian guzia ondaturik!
Orrela Eguzki aldetik datozen jendeak
dijoaz arrapatzen goyak eta beak!
Beti aurreratzen,
beti zabaldutzen,
bide mutur guziak berentzat artutzen!
Arrabiyaz ta lotsaz Kantabriyatarrak
Guda kantzoa jo ta joan dirade azkarrak.
¡Joan!... ¿baña... zertako?
Geyenak galtzeko
Euskal bikoitzarenzat berreun diralako.
¡Gero, gaitz bat beñere ez dator bakarrik!
Beti dakar beste bat berekin itzetik!
Ori gertatzen da
orain ere... bada
Lelok echea uzteko modurikan ez da
¡Et' ez bildurrigatik! Ezagutzen ez du!
Bakarrik, Erromarrak ikaratzen ditu!
Gogorra bestia,
argiya burua,
aren atzetik beti garaya dijua.
Kantabroen Buru da, naiz izan gaztia,
amak aurra bezela guziak maitia:
Aitor anziñako
izantzan ezkero,
ezta iñor mendiyetan izan maitiago!
Baña ¡ai! Lengo gudatik etorri zanian
Dola sartu zitzayon biotz biotzian!
Oso choraturik,
errayak uruturik,
iñork atera ezindu Dolaren ondotik.
Alferrikan mutillak oroitzian nola
Lelorekin etsaya puskatzen zutela,
nai luteke ekarri
beren Agintari,
ta ala eskatzen diote beren aidiai.
Orregatik, askotan bere Erritarrak
bialdu dizkiote beren aide zarrak,
erregu egiteko,
andik irtetzeko
Sorterriko Burutzat len-baitlen jartzeko.
Bañan ez du sinisten Erromar sarrera,
gezurra dala ustedu beren esaera.
Itz egin ezkero
Dolachok, ez dago
aide ta adiskiderik arentzat geiago.
¿Zein da baña Dola ori, orrela alduena
ichutu Euskal-erriko bururik onena?
Iñorchok ez daki,
ez nondik dan jaiki,
ez aita ta amarikan ote duen euki.
Askok ikusirikan nola choratzen dan
Lelo bezelako bat orren besuetan,
diote isillik,
parte on ezetik
sortua ote dan, Lelo galdutziagatik.
Bañan ez baldin bada gizonen umia
edertasunagatik da maitagarria,
ezta bada bizi,
da denen iritzi,
mirabe ederragorik duenik ikusi!
Olgar, Leloren aita Buru zegoela
orain ogei bat urte pasarik bezela,
irten zan eizera
Aralarko aitzera
goizian goiz, bakarrik zerbait billatzera.
Iru bat ordu bada dabillela alferrik,
ezerchoro basoan ezin somaturik,
baña bat-batian,
belartza batian
basauntz zurizka eder bat jarri da bidian.
Bereala tira du dardara zorrotza,
josi dio beregaz erditik biotza,
bañan orregatik
artian bizirik,
charan sartu da ayara triste bat botarik.
Bait' ere bere atzetik Olgar segiruan
ikasiyaz bidia odol arrastuan,
eta chara artian,
sasiyen artian,
koba bat arkitu du aitz baten azpian.
Sartu da Olgar, kenduaz sasiya ta abarra,
entzunik arrituta aur baten negarra;
eta an bar-barruan,
belarcho moltsuan
aur bat dago basauntz illaren onduan.
Oitua edaten aurra basaunz-errapetik
oraiñ ere nai luke esnea goserik;
bañan ill ta oztuta,
titiya agortuta,
alferrik eskatzen du negarrez aituta.
Olgarri errukiyaz urturik biotza,
madarikatzen dago atzkoni zorrotza,
eta ez pensatua
basaunz gaisua
zala ume-zurtz orrentzat ama-ordekua.
Arturik aur gaisoa bere besuetan
onela edaten dio erdi negarretan:
Nere aurcho ederra,
egin det okerra,
baña kendu badizut basauntzan ama bat,
ni izango naiz aita bit aurrera zuretzat.
Kolkuan beroturik eraman du echera
bere seme bakarra Leloren aldera.
Eta arekin nasi
aurchoa da azi,
Olgar euskal-goyaren alaba bezela,
echeko baten eran maitatzen duela.
Lelo zan zarragoa zerbait Dola baño;
artu du arrebachotzat, eta arrazkero
bizi izan dira
alkarri begira,
bi choricho maitiak kabiyan bezela.
Lelok ogei ostoaldi zituan orduan
joan zan gudara urruti bestien moduan
eta aiñ agiriak,
et' izugarriak
izan ziran guda artan bere azañ aundiak.
Olgar illa zanian, Euskaldun guziak
alcharik lenbaitlen
aldera ezkutuen,
Kantabriya guztiko Buru jarri zuten.
Guda ederki amaiturik echera danian,
gazte ta zar guzien laztanen artian,
arkitu du Dola
eziñ esan nola,
parerik mendiyetan iñor ez dagola.
Arima ta biotza, buru ta zentzuak
edertasun arrekin ¡ai! ditu galduak,
eta ezkondurik
al-bai ta lasterrik
bere biotz ondoko maite Dolarekin
mendiko eche batera joan da beratekin.
Andik gichi batera berriz Erromarrak
datoz ekarririkan suak eta garrak.
Kantabroak bero,
an dira egunero,
erbesteko gizonak andik botatzeko.
Bañan etsayak asko, Kantabroak guchi,
beti berontz gureak, ta ayek gorontz beti.
Bururikan ere ez,
bakoitza bere aldez,
agintzeko guziak, egiteko iñor ez.
Gauzak gaizki dijoaz, et' ala ikustean
aserrea sartu da mutillen artean,
ikusirik nola
ordutik ordura,
atzerontz datozela changurru modura.
¡Lelo! esketzen dute, Lelo datorrela,
ichasoraño goaz igesi bestela;
¡ai! orren agintzen
ez giñan ibiltzen
indarrak, modubage alferrik amiltzen.
Guziok bat egin ta segirik Lelori,
etzan sartuko orrela Erromar motz ori,
leku guztietan,
barruko estalpetan,
sekula iñor etorri etzan lekuetan.
¡Datorrela, bai, Lelo! Etortzen ez bada,
betiko Euskal-erria arras galdua da.
Orren zai gaude gu,
bañan nai ez badu,
laster gera guziok echerontz biurtu.
Mutillen itz char oyek echetan jakiñik,
joan dira Lelogana berriz erregurik,
batian ikusirik
dabiltzala alferrik,
etorri dira atzera guziak tristerik.
Pensatu dute orduan, Lelo dan bezela
Euskaldun on leyala, entzungo duela
Ama-lur negarra
eta lege zarra,
biltzen bada Lauburu guziko Batzarra.
Ala, bost mendiyetan irrintzak jo dira;
Aritzpian gizonak biribildu dira,
eta beroz bero,
amar agurezko
bial dituzte laster Lelori esateko...
«Ama-lurra dagola bere biarrian,
»et' agindu duela bere Batzarrian,
»Lelori berela
»emateko ordena
»Lauburu zarrarekin joateko gudara!»
Batzarrearen ordez ogei zar joan dira,
ordenak ematera Lelori mendira.
Eta billaturik,
zarrenak bertatik
onela esaten dio, malkuak kendurik.
¡Lelo! Olgarren seme, Euskaldun Burua,
Euskal-umeen artian geien maitatua,
Erritar jendea,
minduraz betea,
zure biarrean da! ¡Mugitu zaitea!
-¿Zertako biar naute?... Lagunen artian,
badira abillaguak gudaz agintian!
Nik badaukat emen,
zergatik ez irten!
Gañera, Erromar gauzik ez det nik sinisten.
-¡Sinistazazu bada! Bere denboretan
ez da egon Kantabriya onen azkenetan.
Guziok negarrez,
onontz datoz iges,
muga guzietatik Erromar bildurrez!
¡Mutillak aulatuta!... ayaraz andreak,
Euskal-erriko Zarrak jo dituzte deyak,
Batzarra biltzeko.
¡Bildu da, ta gero,
agindu digu guri zugana etortzeko!
Emen gera, arturik Lauburu santua,
Aitorri Zerutikan etorritakua;
leku segururik
iñon ez egonik,
zuri ematea dizugu, gordetzeko pozik.
«Artu bada! ¡Ez da izan sekula gizonik,
»gaur zuk bezelako ondra merezi duenik.
»Bere naigabian,
»Euskaldun-errian,
»guzia utzi da zure leyaltasunian!»
Begiyak malkoturik... pil-pillik bularra,
Lelok eskuan artzen du Lauburu zarra,
eta alchaturik,
buruaz gañetik;
onela esaten die chapela kendurik...
Kantabriya-mendiko Lauburu maitia,
bere semientzako zerutik jachia!
¡Ondo zaude emen!
¡Zu galdu baño len,
eun bizi banituke galduko nituke eun!
¡Ill, edo garaitu! da, Kantabroen esana!
Goazen! Goazen, guziok Erromarragana.
¡Ill edo garaitu!
¡Erroma! Zu... edo gu!
¡Edo gu danak illak! ¡edo zu zatitu!
Kantabroak poz dira
baña... ¿zeñek esan
Dolaren naigabea
egun illun artan?
Leloren buru ederra
arturik besuan,
negarrez urtutzen da
miñezko ichasuan!
Despeitu dira eun bider...
eun bider alkartu,
negar eta laztanez
eziñik aspertu.
«-Lelo! Guda orretatik
»biltzen bazera zu...
»illikan lur azpian
»arkituko nazu!-
Orrela agertzen dio
naigabe zorrotza,
puskatutzen diola
Lelori biotza.
¿Zenbat nayago luke
Lelok eriotza...
orrela ikusi baño
biotzeko poza?
Bañan goi guzietan
piztu dira suak!
Jo-dira mendiyetan
irrinz gudakuak!
Lelok garbiturikan
isillik malkuak,
utzi ditu Dolaren
beso maitatuak!
Joan da, ta jarririkan
Kantabroen Buru,
biotz epel guziak
beroz bete ditu.
Beti aurrean dala,
erori, ta alchatu
burruka gabe bat
akabatzen ez du.
Iru urte moda onetan
itzuliyak dira,
Erromatar aldera
goiz ta arrats begira.
¡Ai! Amaika seme eder
eroriyak dira,
azkenengo oroipenak
emanaz mendira!
Erronka aldean ere...
¡Zenbat ama gaiso
bere seme maitiak
gabe, triste dago!
Zenbat ezkongai gaztek
egiten dute lo,
irudipen gozuaz
maitia ill ezkero!
Burrukan egunez ta
burrukan gabian,
gelditubage, beti
oñaren gañian;
beti goronz dijuaz
guziok batian,
eramanaz etsayak
zatituta aurrian.
Nekezcho bada ere
Euskaldun azkarrak
menditik bota ditu
betiko Erromarrak.
Pozez zoraturikan
Kantabro-erritarrak
danzaz ta kantaz daude
gazte eta zarrak!
Euskal-erriko mugan...
¡Zer egun gozua!
Lelok Lauburu zarraz
goiturik eskua,
eta adoraturik
bere Jaungoikoa
lau aizetara bota
du garai kantzoa
«Erromatar gizonak
»bazuazte igesi!
»¡Asko ziñaten ononz...
»orronz guztiz gichi!
»Jende aundien pozaz
»ziñaten etorri,
»usterik Kantabroak
»ondaturik utzi!
»Ez aztu, ez beñere,
»Euskal errirako
»gauza bat bera dala
»naiz guchi, naiz asko.
»Bat bizi dan artian,
»ezta emen faltako
»dardara zeñek bota
»mugak gordetzeko!
»Lur au Aitor zanari
»emanzion Jaunak
»beste jaberik ez du
»baizik Kantabroak!
»Burniya mendipean...
»gañean besoak...
»beti libre izateko
»Euskaldun basoak!
»Ala da oraiñ artian,
»eta ala izango da,
»gure jatorri-odola
»ukatzen ez bada!
»Erniyo mendiya aña
»emen biziko da
»gure jabetasuna,
»Kantabrorik bada!
»Oraiñ anai maitiak,
»pake gozoarekin
»guazen gure echetara
»Lauburuarekin.
»Ondo konplitu degu
»lege zarrarekin;
»goazen jostatutzera
»echetar danakin!»
Kantabroak badijoaz
mendirik mendirik,
alariyoz, pozkariyoz
bazterrak beterik.
Gizon, andra, zar, gazteak
mordoska aundiyetan
beren billa datoz pozik
alde guzietan.
Jan, edana, zantzo, danza
laztan gogozkuak
arkitzen ditu bidian
mutill maitatuak.
¡A! ¡Zer poz zoragarria
Kantabri guzian,
etsai gabe, jabetuta
guziya ikustian!
«¿Baña non da gure Lelo,
»Lelo maitatua,
»Euskaldunen Agintari
»alai ta prestua?
»¡Datorrela sort-lurraren
»libratzalle aundiya!
»ezagutu nai genduke
»gure ongarriya!-
Jendeak ala esatendu
irtenik bidera,
bere mutill maitatuak
ta Lelo ikustera.
Bañan Lelorik az dago
Guzien isillik
joan da Dolaren ondora
gogoaz urturik.
¿Nora zoaz, Lelo, nora
presaka orrela?
¡Zerua gaur beltza dago
leizea bezela!
¿Ez al-zaizu allegatu
zure lur aldetik,
laño lardaska gabian
Dolaren konturik?
¡Ai Lelocho! gizon eder
guzien maiteena!...
¿Zergatikan da munduan
beti gaizki onena?
¿Zergatikan orren leya!
biotz aundi ori,
osorik eman diozu
ume choro bati?
Azkenengo illargiyan,
festako gabian,
odolezko zirrindara
zeukan arpegian!
Eguzkiya irten zan ¡ai!
burua bildurik
su ta garrez, aguriak
bildurrez beterik!
¿Nora zoaz, Lelo, nora
asnasa estututa?
¡Geldi zaitez! ¡Ai! goizegi
echerako zera!
¡Anziñako esaera
egiya da sarri...
«andria ta ichasoa
beti bildurgarri!»
¿Zeiñ da goyan aitzian
isillik,
jarrita dagon ori,
tristerik
kopeta eskutartian
jarririk?
Biotzeko odoletik
sortua,
irten zayo begira
malkua,
eta beatz artetik
dijua!
Naiz ez egon mendian
orain otz,
korputzak naigabien
pasioz,
dar-dar egiten dio
eriotz.
Orla denbora askuan
egon da,
negarra mara-mara
dariola.
Baña jaiki da, zerbait
aitu ta.
¡A zer mutill ederra
zan Lelo,
echera etorri baño
lenago!
Baña ¡ai! orain galduri-
kan dago.
Arrabiyaz errerik
ta lotsa,
bere buruari au
diona,
ezin menderaturik
biotza...
¿Negarrez zaude gizon
dollorra?
¿Zu zera arako Lelo
gogorra,
Kantabroen chimista
malkorra?
«¿Menditarren Burua
»zera zu?
»eta negarrez zaude?
»¡kenzazu
»aizkora ori gerritik,
»ta ar-zazu
»emakume-goro bat
»isillik,
»ez emateko iñori
»lotsarik!
Ala dio kendurik
malkoa
begiyetatik... baña
beroa
biotza kiskaltzera
dijoa!
Naiz Erromar burniyak
zorrotzak,
puskatzen ditu zure
biotzak,
eta ume kaskar baten
oroitzak
¡ai Lelo! jartzen zaitu
orrela,
ontzi bat ichasoan
bezela,
galdurikan arraunak
ta bela!
Mendigañian Lelo
dagon bitartian
Dolaren oroipenaz
bere biotzian,
ezin isildurikan
alegin guzian...
Dola ta Zara daude
izketan aopian.
-Triste zaude Dolacho-
-Triste ta bildurrez;
aspaldiko gabetan
egiten det amets
eskuak dauzkatela
zikinduta odolez!
¡Baña au da izugarriya!
Baldin ta negarrez
garbitu nai baditut
nere odol-tantuak,
aitzendet ayara bat
esanaz...=¡Gaiztuak!
odol orrek itorik
biyoren asmoak,
erbestera daramatz
zuen arrastoak!=
-Ipuiyak dira ametsak
lañoa bezela!-
-Bañan zerbait badabill
bildurtzen nauena!
Lelok, etorri ezkero
gudatik echera
begiratutzen ez dit...
¡ai! ¿zergatik?
Ez da
iñor gure kontua
emen dakiyenik.
Bestek ez du jakingo
baña orrek badaki
zerbait... zergatik dagon
illun eta isillik!
¡Ai! Asmo gaiztorenbat
barrenen dabillki.-
-¿Zer asmo?
-¿Ez aldakizu
zeiñ dan gure Lelo?
Bere ama illko luke
ondra garbitzeko!
Errezelo charrenbat
sartutzen bazayo,
bi bider eguzkia
ez degu ikasiko!-
-¿Zu ill? ¿Zu ill? ¡Ez Dola!
Zu ikutu baño len,
aizkoraz zatituta
utziko det emen!-
-¡Zara! Jainkoagatik
senarra det arren!-
-Norbait ill bear bada
dijoala lenen!-
-¡Zara! ¿Zer egin degu?-
-¿Damutu al-zera?
-¡Ez, ez! Len bezelasen
Dola zurea da!
bañan errukitzen nau
gizon orrek.-
-¿Nola?
¿eta ez nazu ni erruki?
¿Zuria ez da Zara?
¡Nere Dola maitea,
gauza garratz dago,
ala zer egingo dan
begira zazu ondo!
Ez da beste biderik
ark jakin ezkero,
edo Dola ta Zara...
edo aurretik Lelo!-
-¡Ai! Zugatik ez balitz
naiago nuke, nik
guizon orren lekuan
emenchen ill!
-¿Ta nik?
-Zuregatikan bada
nago ni bizirik!
-¡Dola! Bat da Lelo, ta
gu biyok gera bi!
Oparik ez daukagu.-
-¡Nere Jaungoikua!
¿Ill Lelo? Kantabroen
Buru maitatua?
¿Naikoa ez alda oraindik
nere traiziua?-
-Ondo da! Ainbesteraño,
badezu sartua,
biotz-barruan orren
oroipen maitea,
laster emango dizut
berekin pakia.
Bigar, irten orduko
goyan eguzkia,
utziko det betiko
Euskaldun-erria.-
-¡Zara! ¿Zer diozu?
-¡Bai!
Ikusten det ondo,
ura maite dezula
ni baño geiago
Bizi bada berekin,
Ez dezu esango.
nik galdudizudala
biotzeko Lelo!
Agur-
Zara maitea,
zaude, zaude emen,
nere errai-barruan
zu, zu, zera lenen!.
Zu bage bizi baño,
naiago det eten
biotz ondoko zaña,
iltzeko lenbaitlen!-
-¡Dola, nere kutuna!
maitatu gaitian,
ikutu bage Lelo
al-degun artian.
Baña somatzen badet
asmoren batian
zu galtzeko... ¡ai! orduan,
an naiz ni gañian!-
-Agur Zara!
-Dolacho,
aldean naukazu;
berri charren bat bada
siña badakizu;
kukuaren soñua
bi bider jo zazu,
laster beeko basotik
eranzungo zaizu.
Denbora badijoa,
Lelok bere penaz
ez du begirik ichi
ez nau ta ez egunaz.
Ezin zutik egonik
atsekabepian,
arbolape batian
etzin da itzalian!
Loak artu du laster
¡ai! gizagajoa.
Lo charra, baña azkenik
arentzat gozoa,
bada lotan aditzen
ez du nola esnarik
barrengo ekaitz beltzaren
odol-olaturik.
Menditikan jachita
oin chikiyen puntan
ondora etorri zayo
besterikan ez dan
moduko emakume bat;
eman dio laztan
luze bat... eta gero
esan du kantetan:
«Lelo, nere maite maitatua!
»ara nere maitearen kantua,
»zure biotzera datorrela
»intza lora gañera bezela.
»Lañoren bat nerekin badezu,
»galdua bazera neretzat zu,
»Lelo maitia, etzaite esnatu, ez!
»ill gaiten biyok emen negarrez!
»Diote Dola ederra chit dala,
»diote zeruko izar bat dala;
»¡ai! balitzake Maitagarriya,
»emateko Lelori biziya!
»Entzun zazu Dolaren negarra,
»bota burutikan asmo charra...
»nere besora atoz len baño len
»berriz amoriyoz urtu gaiten!
»Eta galdu banaiz zuretzako...
»Zu gabe beti onela izateko...
»or dezu aizkora albuan... artzazu,
»jo ta betiko emendik ken nazu!
Isildu da Dola,
Esnatu da Lelo,
ikusi du... ta orla
alcha ta esan dio:
-Zurea zan kantzoa nik entzun detana?
-Nerea zan-
-¿Ez dezu gaur ikusi Erniyo?
¡Odolezko lañon guztitik dariyo!
¿Ez dezu lora ederren usaya baño len,
odol usai garratza somatu zuk emen?
-¡Ai!-
-Dola, odol-odeyak dabiltza gañian,
odol usaya bean, odola guzian!
Gaur ez da amoriyozko egun gozoa, ez,
gaur iltzeko eguna da!... ¡Bai! prestatu zaitez.
-¡Lelo senar maitia!-
-Jan zazu itz ori!
Zure senarra joan zan! Aditu Lelori.
Begirazazu orain aritz-adarrera,
eguzkitan egiten duen itzalera,
zergatik itzal orrek ikutu baño len,
zu zauden leku ori .. illko da bat emen!
-Ai Lelo! Erruki zaitez! ¡Lelo maitatua!
¿zergatik neretzako oraiñ gorrotua?
Ni lengo Dolacho naiz!-
-Isildu zaitea!
eta nola nai detan guzia argitzea
entzun zazkitzu itz batzuk. Amar egun dira
Kantabroak zirala biurtu mendira!
zatituta Erromarrak guzian botarik
gure atzkonen aurrean Euskaldun mugatik.
Garai kantzoa esan-ta, iñorcho baño len
irten nintzan bakarrik, gogoaz len bait len
nere beso artian laztanez jateko
maite nuen ume bat biotzetik!-
-¡Lelo!
-Isillik! Gogoaren pasioz lasterka.
etorri nintzan iñork ezer etzekiela.
¡Gaba zan! Sartu nintzan echian isillik,
illargia zeguan guztian argirik!...
Ez der... ez det esan nai zer ikusi nuan
zorigaitzeko gau beltz izugarri artan.
Bakarrik, esango det penak zoraturik,
uste nuela ill bear nuela bertatik,
eta ala nindutenak penatu zirala:
bat, zu, Dola; bestea, dollorkume Zara.
Dollorkumeren itza Lelok esatian
sasiya mugitu zan beraren atzian
eta onela diyo koleran norbaitek...
-¿Zara dollorkumia? ¡Lelo! gezurra dek-
Itzali zan orduko itz zakar gazia
chistuz azkona batek ebaki du aizia,
eta burni billauak jorikan biotza,
zuzen eraman dio norbaiti eriotza!
Ayara bat aitu da... gero lur gañera
gorputz bar odoletan bilduta erori da!
Leloren atariyan
au gertatutzian,
an beko zelayan
biltzen ari ziran
gizon ta emakume,
ezkon ta ezkongayak,
naiz aundi, naiz ume,
naiz gazte, naiz zarrak.
Kantabri guztitik
bilduta emateko,
denen izenetik
esker ta eskupeko
Lelo maitiari,
Lelo aundiari,
Lelo, Kantabriyako salbatzalleari.
Lenengo zijoazen
eun ume polit,
danak ostozko uztayak
eskuan alcharik.
Gero eun neska gazte
guztiak eldurik,
zuriz ondo jantziyak,
ta lorez beterik.
Atzetik guda-mutill
Leloren lagunak,
bost urteko eguzkiyak
beztuta kopetak,
azkonak eskuan, ta
gerriyan aizkorak
Erromar-odolakin
gorritutakuak.
Gero datoz tristerik
mestidura beltzez
emakume pilla bat
geyenak negarrez!
Dirade andra ta alabak,
geldituak lenez
umezurz eta alargun
gizonak galduez.
Eta ayen atzetik
buru zuriyakin
Kantabriko agureak
Lauburuarekin.
Badira eun urtekoak,
diruditelarik,
Aitor aita etorriya
eguzkiko aldetik.
Azkenian zetorren
mundu bat osua,
dirudi zurru-murru
ichaso olatua.
Dantzaz, kantaz, kurriskaz
betiaz zerua,
eta moltso gauza
Lelorunz dijua.
Atarira urbiltzean
neskach gazteen soka,
geldituta, isiltzeko
aditzera eman da.
Eta ongi ikasirikan
lenagotik lana,
kanta bat kanta dute
esaten duana:
«Kantabriyako
»Agintariya!
»Euskal-errik
»salbagarriya!
»Lelo aundiya
»atoz... atoz... atoz!
»Lauburutako
»bazter guztitik,
»zar eta gazte,
»neska mutillik,
»zu gana pozez
»datoz... datoz... datoz!
»Leloren festa
»da Kantabriyan,
»kantzo ta danza
»alde guziyan
»Euskal-erriyan
»bero... bero.... bero!
»Mendi guziak
»beterik daude,
»zure erritarrak
»zure zai daude,
»agertu zaite
»Lelo! Lelo! Lelo!»
Alferrikan Lelori
diote ots-egiten;
echetik ez da iñor
atarira irtetzen.
Arrituta jendea
isillikan dago,
bada gauza zuzenik
iñork ez du espero.
Onetan kurriska bat
echeburu aldetik
irten da... ta negarrak
kurriskan atzetik!
Ara joan ta, guziok
minduraz beterik,
Lelo billatu dute
azkonaz josirik!
Bizi da oraindik, baña
azkeneko asnasan,
aopian esaten du...
«¡Zara dollorra zan!
»Traizioz jo nau... baña
»iñork ez beza esan
»Dola nere maitia
»zegoala orretan!»
Itz oekin utzi dio
betiko biziyak,
amorruz ta naigabez
beterik guziyak.
-Aitzak puskatzen ditu
ango karrasiyak,
malkuak errerikan
guzien begiyak!
Onetan baso ondotik
deadar artian,
eun bat Leloren lagun
armadun artian,
Zara ta Dola datoz
bildurrez erdian,
arrapatuak biyak
igesi mendian.
Gorrotoaz jendeak
atzeman nai ditu
bertan illtzeko... esanaz
¡su-eman! ill! urkatu!
Gordetzalleen buruak
anparatzen ditu
esanaz... «Ez! Batzarrak
»biarra egingo du!»
Lelo-atariyan dira.
Agure zarrenak
ots egin du -¡Batzarra!-
Bildu dira danak,
Zarak aitortu die
ill duala berak,
eta ekin diote
gizonen esanak.
Zara illuna dago,
Dola guztiz lotsa,
jendia isill... aitzenda
asnasaren otsa,
-Eriotza! esan dute
zarrak! -¡Eriotza!
gaztiak, -eta goronz
dijoa ill otsa.
Onetan Batzarreko
Buruzari zarrak
alchatuta, ala dio:
«¡Euskal-Batzartarrak!
»Eun bider ta geiago,
»atariko inchaurrak
»ni jayo nintzanetik
»bota ditu adarrak.
»Gauz asko ikusi ditut,
»gauz asko ere ikusi,
»da esatea, naizela
»denbora asko bizi;
»baña gaur bezelako
»egintza ichusirik,
»ez ni, ez iñor dago
»ikusi duenik.
»Orgatik nai dezute
»bertatik ill Zara!
»Orgatik nai dezute
»orren bizi charra!
»Baña... ¿Zer da bizi bat?
»¿Eun bizi zer dira?
»ordaintzeko gaur gure
»lotsa ta negarra?
»Gizon baten galera
»batek pagatzendu,
»Baña Lelo etzan bat,
»zan guzien buru,
»guziok au galtzian
»zerbait galdu degu!
»Zarak ori jotzian
»Ama-lurra jo du.
»Dolaren egiteak
»ez du emen lengorik!
»Ez da emen ezagutzen
»orrelako lotsik!
»Euskeraz falsiya orrek
»Ez dauka izenik,
»ez ta lege zarrian
»bere kastigurik!
»¿Ez badu gauza orrek
»lekurik legian,
»ez badu, bada izenik,
»Euskera zarrian...
»berriya izanik gaitza
»Euskaldun errian
»kastigu berriren bat
»biar du gañian!»
Orrela itz egin du gizon zintzo zarrak
-¡Ondo esana!- eranzundu batian Batzarrak.
-Oraiñ, esan zazkitzu zure iritziak,
bada zuk nai dezuna, nai degu guziek!
»iAditu, bada, Batzar
»begirungarria.
»Ez dute oyek merezi
»Kantabrin illtzia.
»Ez ditzatela loitu
»gure lur garbiak
»billau biotz beltz oyen
»ezur loigarriak!
»Dijoazela biyak
»Ama-lur mugatik
»Euskal-seme guztiak
»madarikaturik,
»¡Iñork ez deyela eman
»ez jan, ez edanik,
»ez ta itzikan ere,
»ez ta begirarik!
»Beren lotsa berekin
»izan dezatela.
»Iñor oyen onduan
»egon ez dedilla!
»Ikutzen duten gauza
»erre bereala,
»chakur amorratuak
»balira bezela!
»Au da nere iritzia, lagun maitituak,
»oraiñ, beti bezela Batzar jakintsuak
»onena deritzona erabikiko du!»
-Eta Batzar guziak baten esaten du:
«¡Guretzat artzen degu zure iritzia
»Euskaldun-lurretikan biyok botatzia!
»Oraiñ zuk Batzarreko Zarrena bezela
»guk agindu deguna kunpli bereala!»
Orduan gizon zarra jachi da geldirik
Dola ta Zara dauden ondora... Kendurik
begitikan malko bat... ala esaten du,
ezpañak dardaraz ta biotza chit estu.
«Izenikan ez duan
»lardaskeri lotsa
»egin dezute biyok.
»¡Kanpora! ¡Kanpora!
»Traizioz ill dezute,
»billauok, gizona
»zuen Burua zana.
»¡Kanpora! ¡Kanpora!
Egiteko beltzakin
»zuen Ama-lurra
»loyez bete dezute....
»¡Kanpora! ¡Kanpora!
-¡Kanpora! ta ¡Kanpora! deadar batian
jende guziak dio bere arrabian!
Gero agure zarrak makurtuta arturik
lur puska bat eskuan, besoak alcharik
biyai begira
esaten du onela:
«Madarikatuak
»zerate gugatik!
»¡Ez deizutela eman
»egunak argirik,
»ez lorikan gabak,
»ez Jaunak pakerik,
»ez ere ill ta gero
»lurrak atsedenik,
»otsuen ortz artian
»gorputzak aiturik.»
Orrela esan ta lurra, biyai arpegira
botatzen die esanaz... Kanpora Kanpora!
Zarak artuaz
Dola eskutik,
ekin diote
irteten andik.
Jende guzia,
lekua egiñik,
aldendutzen da,
beren ondotik,
deadar egiñaz guziok batera
botarikan lurra,
«¡Madarikatu oyek....¡Kanpora! ¡Kanpora!»
Ezkutatuak biyak andik ziranian
goseaz eta lotsaz, illtzeko bidian
lengo agure zarra lurrera jachi ta
Lelo zanen aurrean belaunikatuta
eman dio negarrez laztan bat kopetan.
Gero zutik jarririk esan du onelan:
»Nere anai maiteak! Gure Lelo joan da!
»Kantabroen indarra, Erromar chimista.
»Aitor ill zanetik
»orlako semerik
»Kantabriya guztian ez da izan besterik!
»Lutoz jantzi gaitian menditar guziyak,
»puska ditzatela aitzak gure karrasiak,
»orren oroipenez
»gabaz eta egunez
»inguruak beterik guziok negarrez!
»Eta leloren illtza beti oroitzeko
»eta Zararen lotsa betiere ez azteko
»Euskaldun-errian
»bizi dan artian
»gure euskera ederra semeen artian,
»gure kanzo guziak biardute ekin
»gaurko gertaera beltz mingarriyarekin,
»naiz dala ill-kantzoa,
»naiz ta gudakoa
»naiz eztei, edo dantza, ta naiz maitezkoa!»
esanik onela,
gaur emen bezela:
»Lelo ill! Lelo!
»Lelo! ¡A! Lelo!
»Lelo! ¡A!
»Lelo ill! Lelo!
»¡Lelo Zarak ill!
»¡Lelo! A!
Eta jende guziak ayara batian,
belauniko jarririk Leloren aurrian,
kanta du kantzo ori!... Eta arrezkero
semerik semero,
gaur arte berrogei ta amar gizaldian
egun ta egunero
kantatzen da gauza aren oroitasunian,
Leloren ill kantzoa Euskaldun-mendian.