Zelan bizi garean
Aresti, Gabriel
Sollubepeko bertsolari
Juan Ormaetxe abillari
1.
Agur Juan Ormaetxe
Sollubepe ona
Agur biotzetikan
Zeu zara euskalduna
Zeure bertso galantak
Allegau dira ona
Bakit zer dan eskua
Aiskide batena.
2.
Bilboko kale artean nintzan
Modu gatxean gizondu
Zuk baserriko solo artean
Gizontasun ori lortu
Gauza gustiak nik arpegira
Egiten ditut azaldu
Gatxak ta onak lagun ta arerio
Eztot egirik ostendu.
3.
Diogenes famadua
Farola bategaz
Antigualean gizon
Billa ibilliaz
Euskaldunen artean
Aren parea nas
Arbolearen pean
Gizon gitzi diraz.
4.
Orregaitikan dot txapelea
Zeure aurrean kenduten
Gizontasuna prestutasuna
Orain deutsut autortuten
Edadez eta kondiziņoez
Ain diferente izan arren
Biotz biotzez anaiak legez
Adiskidetu gaitezen.
5.
Kantadu gura deutsut
Amabi bertsotan
ZELAN BIZI GAREAN
Gaur Euskalerrian
Erdaldunak paradu
Diraz gure artean
Jangoikoak eztaki
Nos joango direan.
6.
Suspirioka eta aieneka
Dabil ortik jente asko
Bururik eta zentzun artezik
Etxakenak eskatuko
Orreik entzuten ditudanean
Eneuke ezelan esango
Aberriaren amai justua
Eztodala ikusiko.
7.
Erderazko libruak
Dirauskue sarri
Zelan dan euskaldunen
Erria Euzkadi
Euskeraz eztakian
Belarri motzari
Erdalduna dalako
Gustetan jako ori.
8.
Nire adiskide ganorabako
Batek esan deust askotan
Aberriaren salbaziņoia
Eztala gure lurrean
Parau bagiņa euskaldun danak
Itsasoko isla batzutan
Elegoala Euskalerria
Oraingo arrisku onetan.
9.
Beste lagun bateri
Entzunda deukotsat
Laster bear dogula
Eukin Mesias bat
Beste erremediorik
Eztala guretzat
Esperantza gustia
Osorik galdu jat.
10.
Mutiko arek eskatu eustan
Bere biotz zabalean
Euskal Mesias prestadutea
Andikan aurrerantzean
Ainbat fabore ukatu neutsan
Ezer dudatu barikan
Orretariko etnarkarikan
Ezta sartuten zeruan.
11.
Euskaldun etnarkea
Eztot izan gura
Orretako enintzan
Etorri mundura
Nire asmoak itxura
Orretan eztira
Peneak eta gloriak
Ezteustie ardura.
12.
Atzerritikan etorri jakun
Gudari baten semea
Baekiana ederto zein dan
Euzkadiko banderea
Onegaz arek estaldu eban
Barrutik bere arimea
Allegadurik ikusi eban
Bizi jakula euskerea.
13.
Banderadun mutillak
Asko aspertu nau
Abertzalekeriak
Gustiz itsutu dau
Ezeban autortuten
Egi biribil au
Gauza gatxa zan ura
Biurtuten ardau.
14.
Fameliaren usario zarra
Segietan eban laster
Euzkadi dala gauza danetan
Lirain galant eta eder
Orren ganean esaten neutsan
Enekiala nik ezer
Gure euskerea ilten bajaku
Eztagoala rien â faire.
15.
Gudari famadua
Joan zan atzerrira
Antxe bere semeak
Erdaldundu dira
Aiskideak giņean
Etorten Bilbora
Ez geratu konforme
Asarratu gara.
16.
Ene laguna izango jaku
Euskaldunen monarkea
Bape maitatu ezpadau bere
Biotzez geure euskerea
Euskalerria gobernateko
Izango deusku lotsea
Sartuko deutsat bengaduteko
Bularrean puņalea.
17.
Beste bat dago probintzi aldean
Gustiz mutiko pijua
Esan deuskuna gure errazea
Dala madarikatua
Gure odola berenu baltzez
Dagoala saskeldua
Garbiagoak direalako
Ijito ta judegua.
18.
Bernardo de Etxepare
Abade prestuak
Eskribidu ebazan
Lelengo puntuak
Munduan gareala
Txit preziaduak
Baņa alan bere gara
Naiko koitaduak.
19.
Ene laguna au Jeremias
Izaten jako euskerea
Ordu danetan modu tristean
Negar egiteko ormea
Jangoikoari eskatzen deutso
Aldarriz bere asarrea
Gure ganean jausi daitela
Paradisuko ezpatea.
20.
Profeta barri ori
Bizi da negarrez
Jerusalen ganean
Kantetan dolorez
Jangoikoak onartu
Zinduan amorez
Pagua emon deutsazu
Azegariak lez.
21.
Iru kaballok zapaldu dabe
Euskalerriko zerua
Apokalipsis miragarriak
Turbadu deutso burua
Zaldiak diraz gerra zantarra
Izurritea ta sua
Goseak eztau iņos larritu
Euskaldun estomagua.
22.
Etxeparegandikan
Deutsagu itxadon
Gizon fuerte bateri
Baleroso eta on
Orrek egingo euskun
Zeruko gloria emon
Beste tema bategaz
Ezkara iņos egon.
23.
Gallegu pare zantar bat jakun
Paradu Durango aldean
Itzi euskuna ardura barik
Umetxo bat sasi artean
Ango kaxero ondradu batek
Artu eban bere etsean
Denporeagaz gizondu jakun
Euskaldun errialdean.
24.
Geure kasteagaitik
Danak garaz arro
Frantzesak alemanak
Zozo birigarro
Galleguen semeak
Eztau ukatuko
Erreņurik eztala
Galizia lako.
25.
Bere erria ukatu dauan
Gizonak eztau lotsarik
Jirasoluak eguskiari
Ezteutso kendu begirik
Segidu egiten deutso atzean
Beti dudatu bagarik
Lora edo gauza eztot ikusi
Munduan leialagorik.
26.
Jirasolu barria
Guzurrari leial
Pentsamentu danetan
Zikin eta zital
Zuriak edo baltzak
Emoten deutso igual
Argiagoa izan zan
Leengo Neandertal.
27.
Diņotsudana egia ezpada
Jausi bekidaz begiak
Istori itsusi au badakie
Bilbon euskaldun gustiak
Irudituten jakez ederto
Galleguaren gloriak
Bide luzea galmendirantza
Daroia Euskalerriak.
28.
Kantuaren ederra.
Bein entzun nebana
Larroriko txoriak
Kantadu ebana
Arek ezirudian
Ormaetxerena
Eukan gustiz sartua
Santuen usaņa.
29.
Eskatu eiozu Jesukristori
Zeruko laguntasuna
Eta Andra Mari Birjiņeari
Be Bitartekotasuna
Segi daiala izaten beti
Erri onek euskalduna
Ondo ikusi egingo dozu
Zein etedan erantzuna.
30.
Amen egon zanean
Gizon Jankoikoa
Judeguak ipiņi
Eutsen allegoa
Erantzun eutsun zeuri
Sollubepekoa
Bere erreņua eztala
Mundu onetakoa.
31.
Ama Birjiņa Karmelokoak
Ta Migel Arkanjeluak
Ondo dakie zegaz gagozan
Euskaldunak beartuak
Zeintzuk direan bearrizenak
Gaukazanak larrituak
Erremedio bat lograduteko
Oba bagiņa mutuak.
32.
Oneik diraz bertsoak
Juan Ormaetxeri
Aurtengo Urri bietan
Neutsazanak jarri
Erantzuna emoteko
Non naukan badaki
Bere zerbitzaria
Gabriel Aresti.