Hariztian
Baez, Josu
Euri tantanak goizez,
zuhaizpean apal,
haur makurra pentsati,
gerokoa zabal.
Hariztiko pakea,
kanpo giro ahal,
haur makur egizale,
egoera makal.
Urte gozoak ditu,
pentsakor jezarri,
geroa ilunari
emateko larri.
Hosto eta adarrak
basoak egarri,
harizti paregabea,
umeak igarri.
Begiak lainoturik,
goruntz orlegia;
bihotzean sentitu,
ahal zuen egia?
Ortzadarra azaltzen,
hosto arte gia;
hosto hezetasuna
gorputza goria.
Besoak altsatuaz,
adarrean oskil,
txori aske zirudin
lirain eta sotil;
harizti oso bere,
ortzadar borobil
kolorez ezin ase,
maliziaz kikil.
Gizaki gosetua
begiratu haurra,
malizirik gabeko
izate apurra,
harizti babesean
hain bihotz xamurra,
gizaki gosetua
entzun haur agurra.
|