Zatoz oihua dugu
Gandiaga, Bitoriano
ZATOZ OIHUA DUGU
ABENDUKO OTOITZ,
JESUS JAUNAREN BIKO
ETORREREN OROIZ.
ZATOZ, ZU, JESUS JAUNA,
OPA ZAITUGUN GOIZ.
Bi etorrera ditu
gure eguzkiak,
biak egun banaren
ate irekiak;
batak jada argitu
dizkigu begiak,
noizbaiten argituko
gaitu parusiak.
Lehenengo etorrera
abendu santuan,
bigarren etorrera
garaien buruan;
etorri zena bueltan
datorke puntuan,
Haren zai bizi gara
kristauok munduan.
Eguzkiak bezala
sortalde-sartalde
igo zenak ez zuen
betirako alde;
zeregina emanda
jaiki zen bestalde,
noizbait itzuliko den
esperantzan gaude.
Abendu-mutil gara
abenduz-abendu,
bideak prestatzea
daukagu agindu;
ez duena bete ta
duena arindu,
desnibel gaitzak behar
ditugu berdindu.
Zeure etorrera da
opa dugun goiza,
Zeu zara gure nahiak
betetzeko gauza;
zatozka gauzkazunoi
emaiguzu poza,
Ebanjelio zaren
Jesus Mesiasa.
Haurtxo baten esperoan
Gandiaga, Bitoriano
Haurtxo baten esperoan
familia gaztea,
aterpe baten eskean
non erditu semea;
arrenka datoz ostatuz:
zabaltzeko atea!
Inortxok ez du aditzen,
alferrik da galdea!
Ai, zer den haien larria,
antsia eta pena!
Aiene, nahi ta ezina!
Ai, pobreen hasperena!
Direnen ardura-eza
da sentitzen dutena;
latza da bideko haizez
bi gazteen dolamena!
Nahigabezko itsasoan,
elkar poztuz ahalean,
herriz kanpo abiatu
dira Gabon gauean;
koba bat aurkitu dute
eremu bazterrean,
han kokatu ere dira
ganaduen artean.
Oi, Jose! -dio Mariak-,
oi, Mari! -dio Josek-.
Jadanik gazte parea
ez du estutzen deusek:
non pausatu badute ta
bai non erditu hantxet,
Maria ongi ta Jose
betegin eta kontent.
Handia da Gabon gabaz
Belengo sosegua,
han argitu da errainuz
izarren sorburua;
magalean besoetan,
hantxe dute zerua,
oi, Maria ta Joseren
lehia ta entregua!
Arbola baten moduan
Gandiaga, Bitoriano
Arbola baten moduan,
haziz doa munduan,
haziz doa Gabon,
aleluia!
Arbola baten moduan,
haziaz edonon,
haziz doa Gabon,
aleluia!
Adaburua zeruan,
sustraiak abenduan,
haziz doa Gabon,
aleluia!
Adaburua zeruan,
handiko berri on,
haziz doa Gabon,
aleluia!
Haziaz edonon,
haziz doa Gabon,
aleluia!
Gabonak datoz, gabonak
Gandiaga, Bitoriano
(Julian Bandaormaetxea eta Anjelita Larrañagari eskainia, ezkondu zirenetiko zilarrezko ezteiak ospatzean).
GABONAK DATOZ,GABONAK
JAINKOA BEZAIN SAKONAK;
GABONAK DATOZ, GABONAK.
GABONEN AURREAN BADU
ZER-PENTSATURIK GIZONAK.
Maitasunaren emaitza
eta bakea dakartza.
Maitasunaren emaitza:
Horra Jainkoak eskaintzen
digun dohain aberatsa.
Gizonon bidera datoz
Gabonak, Jainko-erasoz;
topo egitera datoz:
Jainkoarekin aurrezka
ihardun beharrean gagoz.
Gabon dut anuntzio
Gandiaga, Bitoriano
Gabon dut anuntzio
desinteresatu;
Eguberri poza dut
nahi erregalatu:
Gabon-Eguberrien
berria haizatu,
dohain dadin jendea
munduan gozatu.
Gabon ta Eguberri
ditut aldarrigai,
Belengo berri ona
dakarkit gozakai!
Ez dut anuntziatzen
merkatuko gairik,
ez naiz komertziante
sinestedun baizik.
Dakardan merkantzia,
hain dakart dohainik,
nahi duenak har beza
konpromezu barik.
Gabon ta Eguberri
ditut aldarrigai,
Belengo berri ona
dakarkit gozakai!
Gabon-pozaren karga
dakarkit Belendik,
Eguberriren karga
gozoa dakarkit:
Jainkoa haur egin da
guganatu nahirik
zenbat maite gaituen
agertzeagatik.
Gabon ta Eguberri
ditut aldarrigai,
Belengo berri ona
dakarkit gozakai!
Hi, bertsolari, konta ezaiguk
Gandiaga, Bitoriano
-Hi, bertsolari, konta ezaiguk,
Abendu hontan zer berri?
-Abendu hontan ere jendea
larri asko herriz herri;
lotuta ere hain lotu gaude
hainbeste gauza alferri
non-ta pobreentzat burla daitezken
Gabon eta Eguberri.
Krisialdia, langabezia,
errealitate gorri,
alferrikako gastuak ere
gehi ezaizkiozu horri;
tentelkeria eta itxura
aza berberaren orri,
«El Corte Inglés» inbidiarik
kentzera ez zen etorri.
Txanpana eta burgeskeria,
gustatzen zaizkigun gauzak,
kontsumoari emanak gaude
nahizta ingresu eskasak;
anuntzio ta milikeriak
telebista eta plazak,
guztiak dira bizimodua
endredatzeko matazak.
Alde batetik lujua eta
bestetik helduezina,
jende umil ta pobrearentzat
ez da gurutze arina;
pentsatzen ere ez gara jartzen,
ahaztu dugu examina,
non ote dugu justiziaren
egarri ta gose-mina?
Berri Onaren Mandatariak
estalpean du jaiotza,
Haren haltzari eta konforta
aska dira ta agotza;
premiadunen aurrean berriz
sentibera du bihotza,
haientzat dizu bere promesen
esperantzazko abotsa.
Kristoren abots kristauok gara,
geure jokabidea da,
geure bidez du gauzatzen Kristok
justiziazko bultzada;
aurrean dugun ikuskizuna
onartzekoa ez bada,
beste bide bat beharko dugu
hautatu badaezpada.
Geure pozaren gerrira datoz
Gabon eta Eguberri
lekurik presta bagenezaio
hain gertakizun ederri,
pobreen amorez utzi beharko
hainbeste gastu alferri,
jai hain alairik gerta ez dadin
inoren lotsari berri.
Eta Gabonak, eta Gabonak
Gandiaga, Bitoriano
Eta Gabonak, eta Gabonak:
zelofan, paper de plata.
Gabonak datozela-ta
jendearen tarrapata
Gabonak datozela-ta
erosketa da nagusi,
adornua ta zarata.
Eta Gabonak, eta Gabonak:
zelofan, paper de plata.
Gabonak datozela-ta
zelofan, papel de plata,
gastatu dugu soldata;
nahiz epetan, nahiz zorretan,
Eta Gabonak, eta Gabonak:
zelofan, paper de plata.
Gabonak datozela-ta
txanpon-txanpanak botaka,
itxura hala dela-ta.
Letra ederrik helduko
zaigu, Gabonak pasa-ta.
Eta Gabonak, eta Gabonak:
zelofan, paper de plata.
Gabonak zetozela-ta
bota genuena falta.
Bukatu da tarrapata
Ez da erraza izango
urtarrileko aldapa.
Eta Gabonak, eta Gabonak:
zelofan, paper de plata.
Gabonak zetozela-ta
zelofan, papel de plata,
tontakeria galanta:
behar dena ere janda!
Eta Gabonak, eta Gabonak:
zelofan, paper de plata.
Inoiz garairik izan
Gandiaga, Bitoriano
Inoiz garairik izan
baldin bada beltza,
iluna da garai han,
latzean traketsa.
Garai hontan Gabona
ez al da ametsa?
ZEIN DA GABONEN FUNTSA,
ONELA PAPERA?
GAUERDIKO AHUNTZAREN
EZTULA OTE DA?
EDO POBREEN BETIKO
UTOPIA-ZERA?
HORRA, BAINA, GABONA
BERRIZ ERE GABON;
HORRA ARMEN ARTEAN
BETIKO BERRI ON;
ILUN DAGOEN ARREN
BADA ZER ITXARON!
Potentzia itzelak
zein handiagoka;
elkarrentzat ez dute
ezperen erronka.
Bitartean Gabonak
zer zeregin dauka?
ZEIN DA GABONEN FUNTSA,
GABONEN PAPERA?
GAUERDIKO AHUNTZAREN
EZTULA OTE DA?
EDO POBREEN BETIKO
UTOPIA-ZERA?
HORRA, BAINA, GABONA
BERRIZ ERE GABON;
HORRA ARMEN ARTEAN
BETIKO BERRI ON;
ILUN DAGOEN ARMEN
BADA ZER ITXARON!
Nuklear armez eta
misilez mundua;
ez da txantxetakoa
gerra-arriskua.
Zein da parada hon
Gabonen pisua?
ZEIN DA GABONEN FUNTSA
GABONEN PAPERA?
GAUERDIKO AHUNTZAREN
EZTULA OTE DA?
EDO POBREEN BETIKO
UTOPIA-ZERA?
HORRA, BAINA, GABONA
BERRIZ ERE GABON;
HORRA ARMEN ARTEAN
BETIKO BERRI ON;
ILUN DAGOEN ARREN
BADA ZER ITXARON!
|