Zezen larrua
Espriu, S.
I
Sepharad-eko hondartzan zezenak
erasotzen du larruaren zabaleran
eta bandera altxatua bihurtu.
Haizearen kontra, zezen larru
han, odolez estalitako zezena,
eguzki urrez gogorturiko zapi bat baizik
ez da, kasik betirako denboraren martiretzari
eskainia, gure otoitza
eta gure biraoa.
Era berean biktima eta borrero,
gorrotu eta maitatu, kexaz eta parrez,
zerupeko eternitate itxian.
II
Zezen larruaren zabalera zera,
Sepharad zaharra.
Eguzkiak ezin lehortua,
zezen larru,
denok ixuritako odola,
bihar ixuriko duguna,
zezen larru.
Itsas gainetik begiratzen badut,
kantuz urrutiruntz aldendutzen banaiz,
amesetan barneratzen banaiz,
begiratzera ausartzen naizen guztian
nere bihotzera eta bere izutasunera,
zezen larru zabalera ikusten dut,
Sepharad zaharra.
III
Larrua tanbor bat da
eskuz kolpatua
beldurrez,
zaldiaren harrapaladan
ezin
hatzemanez azken garaipenaren
atsedena.
Sepharad eta herioa,
zaldi argala, zaldi eroa:
maiz ezin bereziz
bere izena
denboraren amets
oinazezkoan.
IV
Zaldi argalaren harrapalada
urte tristeetan, bide latzak
Sepharad-ekoak.
Oinaze lehorrak eskatzen du
ur ongarria, gari.
Guti baldin bada, euri garbia
ez dadila bihurtu odol.
Gure gaua, izuaren
oharle ernea,
entzun nola hurbiltzen diren,
zezen-larruaren zabaleran,
ezpainik gabeko irriak,
harrapaladazko ames gaiztoa.
V
Lasterka barneratzen bahaiz
hire entzumenaren gauan,
Sepharad zaldi ero,
zigor eta ezpatak
gobernatuko haute.
Ezin du printzerik hauta
odola ixuri duenak,
saldukeria edo lapurretadunak
edo jaso ez zuenak
poliki poliki tenplua
bere lanarena.
Suarekin lehenik erretzen duk
libertatea.
Hurbildu hadi begiradaz
hizotz honetan,
ikas benetako
hire gaitzaren ezina:
idoloaren aurpegian
beha zak.
VI
Gailurreratu dukan idoloa, hire gaitzaren irudia.
Gure neguaren egun urruti batean,
jadanik zeru honen babespean,
bekaizkeriaren bihotzean errotzen ikusten genuen
izu Sepharad-eko krimen handia:
pekatuaren muga gabeko tristura
anaiarteko guduaren garaipenik gabe.
Itsasoaren bestaldetik iritsiak
beti odolez beteriko alor idorretara,
lanaren oinazeak salbatzen gaitualarik,
oroipenezko elizaren argiak gidatuz,
geldiro irabaziz libertate baketsua.