Pipazale baten gogoeta onak
Iraizoz, Polikarpo
Nere pipa erre-belarrez bete ta
pizturik ahoan hartu aldioro,
ekea pafaka egotziz gozoro,
nigan egiten dut hola gogoeta:
Papan sartu dudan belar hau erre ta
hautsa, errautsa da bihurtzen osoro;
bai nere gorputz hau ere, hilezgero,
laster hauts-moltxo bat bertzerik deus ezta.
Baina belar honi, erretzen den arau,
badario goiti airez aire doan
intzentsu antzeko eke urrintsu bat.
Orobat ni baitan dagon arima hau,
gorputz-herstegitik atera ondoan,
iganen da noizbait hegaka zerurat.