Duako biarrak
Etxebarria, Toribio
Zan, antxiñako Atenas'en
Antifon, itz edergiña,
Socrates'en aurka esaten,
au bazan be gizon bardiña,
ezertara b'ez, a bera,
erizten zan jakituna.
Preziokua ba izatera
aren erakuskizuna,
oitutzen zan letz danian,
ez ebala, zoru ezik,
dirua eiñ biarrian,
duan zabaldu biarrik.
Ala nere bersuak be;
uteak, diranetik duan.
Baña zenbat? ez badabe,
eskubiderik orduan
irakurlarixak asteko
esaten, detsarala ostu;
dendari lotsagabeko
bat banitz letz, ta saldu
diruagaitik, zintzo ordez,
matsmordo ustel ustelak.
Beti duan eta berez
munduko gauza ederrenak
duan txorixak kantari,
duan dira lorak ederto
janzten, gorri eta zuri,
Salomon baño be obeto;
duan iturrixak ura
t'Arrate'k ifar-aizia;
ta basuak ezkurra,
ta zugatzak kerizia.
Duan Euzkixak argixa,
Irargixak gau-zidarra,
Munduak zer-ikusixa
et'Itxasuak indarra...
.................
Baña txandan dirugiñak,
besterik ez da buruan,
etentzeko alegiñak;
ez ditue eiten duan,
laga biarra dabenetik,
Urkira aldatzerakuan,
dana emendiko aldetik?
|