X-X
Zabaleta, Pedro Martin
Ez dakit nor zeran,
ez dakit nongoa zeran.
Ez dakit ezer.
Zure irripar kilikagilea dakit
automobilean zenijoazenean.
Zure eskua bolantean
zigarrilo piztua behatzetan.
-Maite, ez ahal zatoz nirekin,
-galdetu zenidan-
maitasuna egitera.
Hamar mila lira nahi zenituen
maitasunaren prezio.
Ta zure automobil deportibua zebilen
etxe haiei bueltaka.
Ta buelta bakoitzean
irripar bera zenuen ezpainetan,
kilikagile,
Erromako gabean.
-Gustatzen ahal zaizu
maitasuna egitea, galdetu nizun.
-Bai, erantzun zenidan.
-Ez dizut sinesten.
-Ez didazu sinesten,
galdetu zenidan, harriturik.
-Ez.
Ta berriro joan zinen
kaleari bueltak ematera.
Ta triste geratu zinen,
plazer bila ez nebilelako.
Ez dakit nor zeran,
ez dakit nongoa zeran.
Behar bada ez dut inoiz jakingo.
Baina,
ez dut ahaztuko
zure automobila
ta zure irripar zabala.
Ta zure zigarriloa bolante ondoan.
Ez ditut ahaztuko
zure begi triste margotuak.
Ez dakit nor zeran,
baina ez zaitut ahaztuko.
***
Kainabera ekarri du gizonak
lanbroeuri potzutik arrainak ateratzeko.
Ez, oraindik ez dago ezer
potzuan
Urik ez dago oraindik
tantanik potzuan.
Hogei urte igaro dira
Ta
ez, oraindik ez dago ezer
aspaldiko amu erdoitua baizik.
Ta kainabera
Ta gizona dago egon egon egon...
Lanbro potzua agortu zen
Ta
ez, oraindik ez dago ezer
potzuan.
Sortuko ote da -auskalo- ezer
potzutik.
Amua erori zen aspaldi
Ta kainabera dago bakarrik
Ta gizona dago egon egon egon
lanbro potzuan sortu ote den arrainik.
Ta
ez, oraindik ez dago ezer
potzuan.
Ta eguzkiak jo du lehorte
kixkaliz kainabera ere
Ta hausi da kainabera ustela
zatiak zatitu dira
zati zatituak galdu dira.
Ta gizona dago egon egon egon
besoak hutsik tente
Ta
ez, oraindik ez dago ezer
potzuan.
Ez dago potzurik
gizona dago bakarrik
lanbro berrien zai
noiz sortuko den potzurik
nork ekarriko ote dion kainabera
nork emango amua
nork erantsiko amua
Ta
ez, oraindik ez dago ezer.
Ia ez dago gizonik.
***
Lo egingo nuke. Lo luze bat.
Profesorea hitzegiten ari den bitartean.
Lo egingo nuke.
Profesorearen hitz aspergarriak entzutean.
Ta akaso,
hurrengo eskolan nire burua erna
egongo da.
Lo egingo nuke. Lo luze bat.
Eskolan bertan,
oherik balego.
Ta oraindik bost minutu,
lau eta bat
aspertze hamaigabe hau
akatu aintzinean.
Lo egingo nuke, ta. Lo luze bat.
Sermoiak eleizarako
arguimenduak eskolarako.
Aspertu da hitza, ta izana
eskolan, sermoi entzuten nagoen artean.
Total aspertu,
asperra bera naiz
poesia hau egiten dudan unean.
Betor azken ordua,
klase hamaitzeko ordua, azkena.
Jausi bekio ideia bat burutik,
bat bakarra, berria dadina.
Gogapen pertsonala,
bere buruak asmatua.
Oraintxe etorri zaio:
klasea hamaitu du.
***
Hostoaz jazten doaz apal
arbolak, euri tanta banatan.
laino dabil arratsea oraino.
Musika eztian ozpina doa
aho sapaiarentzat gordina
oraino non denik jakiteke ametsa
ilusio hutsetan asmoa.
Udaberri udazken iduri, hotz bilosi
Odol tanta banatan doa bizitza
akabatzen -oraino ez dago odolik.
Ahalge lurruna.
Nondik sortua ez dakit
ozpina da, bihotza lotua amildegi gainean.
Oraino hostoaz doaz apal
arbolak, euri tanta banatan
Ez dago hutsunean besterik.
Lainoa hesitzea gurari.
Jostailu hautsia
da gizona, pauso bakoitzean bakarrago
dago.
Hostoak oraino orlegi iduri bakarrik
udaberri udazken giroan.
Kainabera ekarri du gizonak
lanbro uretatik arrainak ateratzeko.
Urdin ta eguzki non dira?
Ta Jainkoa non da?
Non da?
Joan da?
Ez dago?
***
Joan zaite, joan
oraino laino da
oraino kanta ari da
Arratsea doa
hitz hutsetan, kantuetan.
Joan, arratse, joan,
oraino laino da
oraino kanta ari da.
Zorabioz asmatzen duzu
zer den
oraino Jauna non den
oraino laino den
triste.
Eguzkiaren printzak jausi dira
tantanka
oraino laino da.
Musika ari da oraino.
Tantanka
eguzki printza jausiak.
Joan zaite, joan.
***
Ez itzali irratia,
utzi kantatzen
utzi esaten maitasun ezina.
Diskuak bueltaka utzi
ritmua entzun,
eta oinak eragin.
Utzi dena gela ilunean
xamurki bihotz ezean sartzen.
Inongo hizkuntza guztiak
melodia erromantikuetan
eztiki igotzen.
Ta bakarrik egotean,
sentitu irratian
urruti adiskide ezezagunak
lokal itxietako musikekin
inguruan eduki.
Ez itzali irratia
ta utzi kantatzen.
Noizbait aileatuko da,
noski,
zure melodia,
lelo maitea
maitasun hitzetan gazia
Liburu serioak baztertu
mahai aldrebesaren kantoian.
Ta gero,
entzun, non zaudenik jakin gabe.
Utzi joaten,
ta egon,
barnean ozpina ezin edanez.
Ozpina xurgatu, tantoka.