Ikara
Zabaleta, Pedro Martin
Ikaratzen da hostoa zuhaitzean
aidearen indarrez.
Ikaratzen da zaharra
zahartasunaren indarrez.
Ikara daiteke herri bat
indarraren indarrez.
Ikaratzen da bihotza
zirrara maitez.
Larritu daiteke norbait
lotsaren eraginez.
Ikaratzen naiz sarri
hostoarekin
zaharrarekin
herriarekin
bihotzarekin
lotsarekin
ikaratzen naiz nirekin.
Hotza denean, hotza halakoa
neguan bezalakoa
sentitzen dut bizkarrean
zirrara
hotzaren ezten luzea
ta jazten naiz.
Droga bat hartzen dudanean
edozein
zigarrilo ta kafe ta kopa
ikaratzen naiz
kontzientziaren indarrez
mamuak altxatzean
oihalpean gordeta dauden
haien jaikitzean.
Ta lan egiten dut
berriz saminki
hotzikara sentitzean.
Kehe bat sortzen da
kehea
ezea
-bihotzak gizentzen ari zerate
erahilketa egunerako-
gorpu errearen usaia
Gernika dut aurrean
begietan.
***
Agur.
Oraindikan beroa daramat ezpainetan
zuk emandako azkenengo musua.
Ezpainetan dago oraindikan zintzilik.
Ta joan zera agur esanaz
betiko.
Agur.
Ondo izan,
baina oraindikan nire ezpainak
egongo dire luzatuak
zure musu berriaren zai.