Egoera
Zabaleta, Pedro Martin
Ta bonbila argia kristal esmeriladutik pasatzean
mila bonbila egiten da,
astiro iruntsiaz ilunetan ezinezko batasuna.
Indeterminadua dator nonbaitetik
sosegurik gabeko mugida
nerbioak ezetz erran dutenean.
Ta begi esmerdaduetatik doa atsekabez
astiro barneko iluntasuna,
ilunago bihurtzen ezinezko puskak.
Non da? Zer da?
Nonbaitetik sortu da, astiro
gehitzen doan ezinegon espeziala.
Egiaren ordua da,
barrenetik olatuak, misterioaren atakea iriki da,
ugoldez ugolde nonbaitetik jasotako anabasa,
goraka, ahoan gusto pixua daukat.
Agian, nire bizitza ere
kondaira izanen da.
Zorna ateratzeko tipula da ona,
sikologua al da animaren tipula?
Edo nor bestela?
Mirari bat espero dut,
astearte eta hamairuan,
edo otsailaren 30ean
edozein santuk egin dezakeena.
Baina egin dezala
Hauxe da tantana, itokinetik
egunero, orduero, unero eroria.
Zilarrezko besoetan erori nahi nuke,
Sibaren amorruarentzat hesirik gabe.
Edo oraino nire besoak katez lotuak dauzkat,
Ta erraiak kolpeka kolpeka jaten dizkidate,
bizirik iraunik, gainera,
nabari dudala hozkada bakoitza.
Ta halaz ere, erori gabe hila,
betiko ezerezean.
Ez bai du irtenbiderik
gizonaren izateak.
Esmeriladutik zehar milatan zatitzen da.
Ta bonbila bakoitza iduri,
ez da bonbila exkax bat baino.
Ta indarra falta denean kitto.
Tantan bat jotzean argi puskatua.
Tantoa erori orduko,
ezerez.
Baina argia pasatu bitartean
sentitzen dut
mila hortzen hozkada batera.