Bizkaitarra
Aresti, G.
Iretargi barriak
Eztauko argirik
Ez gauberdiko
Eguski otzak
Berorik
Ezta egongo
Bizkai maitea
Iños penadu
Bagarik.
Alan diragutsue
Gabriel Arestik.
1
Orienteko perlea
Nobia neurea
Biotzeko puskea
Melitxu maitea
Non da zure legea
Ta karidadea
Eukizu piedadea
Egin mesedea.
2
Guraso biak jaio jatzuzan
Leongo erreñu zarrean
Eta ezenduan euskeraz eiten
Ikusi txiki denporan
Diñotsudana eztozulako
Entendietan arean
Lastima andia egin jatana
Arimearen barruan.
3
Melitxu Basurtuko
Piko meladua
Mesperu ustel gozoa
Sagar eztitsua
Laster izango zaraz
Neugaz ezkondua
Neure bizi lekua
Ezta komentua.
4
Zabal zabalik dago zeruko
Bentana ikaragarria
Ikusi neban ordutik zeure
Arpegi zoragarria
Neska galanta zuk dirudizu
Paradisuko txoria
Uxala itsutu egongo banintz
Ezpadiñotsut egia.
5
Kantadu gura deutsut
Amabi bertsotan
Euskotar neska batek
Zer egindu eustan
Ene biotza orduan
Erdibitu jatan
Ikasi neban ondo
Dolorea zer zan.
6
Neuk artu neban txiki denporan
Euskerearen gauzea
Euskaldun utsa izango zala
Artuko neban andrea
Bere zanetan zan korriduko
Garbia geure errazea
Mutil txikerra izan da beti
Bastante zentzunbagea.
7
Nire apelliduak
Ninduen arrotu
Aresti Segurola
Orreikaz itsutu
Gizonen tonteriak
Milla itxura ditu
Baña apelliduenak
Gustiak bentzidu.
8
Neure semeak ezebelako
Iños eukingo lotsea
Erdal izen bat eroateko
Egin neban promesea
Aberriaren altara otzean
Emoten neban mezea
jangoiko todo poderosoa
Izanik gure errazea.
9
Arakatu nebazan
Bilboko kaleak
Eta Bizkai gustiko
Baserri maiteak
Mandadurik bialdu
Eneutsan neskeak
Kontestaduten eustan
Ezetz gisajeak.
10
Emengo jente gastea dala
Basozale amorratua
Badakit ondo eztaukazuna
Ezelan bere aztua
Esan deustazu askotan dala
Apeziño ori tontua
Eneuke esango izan nintzala
Egun areitan listua.
11
Denpora eder bategaz
Udagoienean
Urbira gindoiazan
Urriko bostean
Kotxea jente alaiaz
Beterik egoan
Baña lupua nintzan
Ni bakartadean.
12
Andikan ona pasadu diraz
Zoritxarreko lau urte
Tristura andia emon deustenak
Era alegrantza bapere
An ezagutu neban neskea
Bai azartuko nintzake
Orain esaten bildur barikan
Apur bat nebala maite.
13
Akerraren gurea
Auntza tapetea
Gizonaren biotzak
Bear dan andrea
Autortuko deustazu
Errua maitea
Agaz ibiltekoa
Ezala nirea.
14
Neska polita zan a benetan
Tximiñoiaren lerdena
Christian Diorrek sedaz jantzita
Ikusten jako bustana
Esperantza bat jatan kabidu
Gitzi poztu ninduana
Egunen baten geldituteko
Zorionez alarguna.
15
Bizinrodu tristea
Daroe gizonak
Enbreri eskuz lotuta
Goikoak emonak
Zeuen eskuetatik
Eskapetan danak
Errezibitan dituz
Ene zorionak.
16
Andratxu arek eukiten eban
Ulle bellegi lastoa
Eta begiak azul azulak
Zelan balira itsasoa
Kolore orreik orain nastuta
Badirudie ostoa
Arbolatikan udazkenean
Lurrean jausitakoa.
17
Etse bateko zan alabea
Iñor badago aberatsa
Zaspi giltzagaz gordeta eukana
Bankuan diru mataza
Danok dakigu zidar artean
Arkituten dana satsa
Onegaitikan etorkizuna
Presentadu jatan gatxa.
18
Mandadua bialdu
Neutsan zoritxarrez
Zergaitik kontestadu
Egin eustan baietz
Agaz gelditu nintzan
Azegaria lez
Musturra pasmaduta
Ta lepoa aldrebes.
19
Zerua goian ta lurra bean
Ori zan ene ondasuna
Pobrero jaio banintzan bere
Enas iñoren zorduna
Eskeindu jakon gorputz fuerte bat
Sufriduten ekiana
Eta ezer barik eskatu barik
Arima bat-fededuna.
20
Gorengo esperantzea
Eraz galdu neban
Arima penau batek
Desegindu eustan
Aldarriz kantatuaz
Domu Santuetan
Zeruetan eztala
(Enperadorikan?).
21
Baña gizonen alanbearrak
Asko nindun arduratu
Zergaitik gure sufrimentuak
Etxakuzan akabadu
jangoiko fuerte amoroso bat
Zeruan dogun paradu
Egun danetan trankil ta umillak
Areri egiteko erregu.
22
Umanidadeari
Fabore emoteko
Semea prestau nintzan
Gure Euskalerriko
Ainbeste borondate
Nebala eukiko
Zelan nire odola
Agaiti emoteko.
23
Egondu nintzan ordu luzeak
Euskal libruen ganean
Izakerea berbakuntzea
Geureak estudietan
Eskribidurik egoan dana
Legidu eneban artean
Eneban sartu ago mingots au
Euskaldun lagun artean.
24
Neure fede sendoa
Neutsan ofrezidu
Penak eta gloriak
Etxeko partidu
Obra miragarria
Gura neban sortu
Euskaldun jenteari
Lurra makiñatu.
25
Etxeko alaba gustiak ondo
Dakiez gure barriak
Plaza gizonak eztireala
Etseko jaun egokiak
Bolatokian galdu egiten
Badiraz postura andiak
Eskaratzean eztireala
Prijiduten aragiak.
26
Euskalerri maitea
Bolatokia zan
Eta neure fedea
Posturak zirean
Gizon andi gustiak
Anlaitu dira alan
Itoten direala
Berakatx zopetan.
27
Nire biotzak ulertu eban
Egun aretan ederto
Zergaitik neska buru bako arek
Tratau ninduan ain txarto
Pentsadu eban dirurik baga
Enebala maitatuko
Euskaldunaren jangoiko altuak
Urrezko ipurdia dauko.
28
Neure amodioa
Probadutearren
Bear nebazan itzi
Al baño lasterren
Nire pentsamentuak
Eta oindikarren
Nire ukaerea
Ezteust parkatuten.
29
Gaztelu atako torre fuerteak
Lurrera jausi zirean
Neure fedea zarateagaz
Deungaro apurtu jatan
Zeru gorena urraturikan
Ekatx amorratuetan
Zelango negar malko mingotsak
Begiok busti ebezan.
30
Utsik gelditu nintzan
Munduan errege
Eneunkala barruan
Kezkarik bapere
Zelan elai alaia
Galtzadetan libre
Afrikarantza doian
Usoa legetxe.
31
Parkatu istazu nobia maitea
Zeu ezagutu baño len
Enbren atzetik modu gatxean
Arin banintzan ibilten
Arito itsuak arroken kontra
Adarrak dauz apurtuten
Eta gizonak bere grinea
Tristurazko sabel baten.
32
Oneik bertso tristeok
Abendu onetan
Erdotar neska batek
Aditu eutsazan
Gabriel Arestiri
Ulertu barikan
Neskarik galantenak
Amelia Esteban.