Garbitokia
Dante
euskaratzailea: A.O.
IV Kantua
Muiña:Nekez baiña mendira igotzen dan lekura eldurik, bi Olerkariak bide-zidor
estu malkartsu baten sartzen dira; esku-oiñekin hide egiñaz dijoazki aurrera,
mendiak duen len-ordokiraiño. Emen eseri dira, eta Bergili'k eguzkia zergatik
aurkitzen dan bestekaldean azaltzen dio Dante'ri. Onek, berriz, arkaitz
itzalpean etzanik dauden arima askoren artean, Belakua alper-ontzia ezagutzen
du. Onek adierazten dio nola dauden bertan, bizitz-burura arte, Jainkoagana
biurtzea atzeratu zutenak.
Atseginnaiz oiñaze eragiñez gure almenetarikoren bat sorgortu oi danez, arima
ere bere baitan kiribiltzen da, eta, itxura danetik, ez dio beste indarri men
egiten; au, ordea, guregan arima baten ondoan beste batek arnas dagiala uste
dutenen aurka dago; ortik, arimea zur ta lur egiñik daukan zerbait entzun naiz
ikustean, aldia gizasemeak konturatu gabe dijoa bere bidean aurrera; bat bait
da entzuten duen indarra ta beste bat arimari oso eusten diona; au loturik
bezela daukazu, ta aske bestea. Ondo nabari izan nuen au ezpiritu ari entzun
eta bera mirestean; eguzkia berrogetamar mailla gorago igoa zan, ni artaz oartu
gabe, arima aiek, danak batera, «Or dago zuek galdetzen dezuten bidea»
deadarrez asi zitzaizkigun tokira iritxi giñanean.
Nekazariak sarri, maatsak gorrizkatzen diranean, zulo aundiagoa ertsi
oi du sasi-eskutadaz, arimak gugandik banandu ziranean guk, Gidariak eta nik,
igo genuen zuloa baiño. Sanleo'ra eltzen da. Noli'ra jatsi, Bismantova'ra,
tontorreraiño, oiñez ere igotzen da, baiña an egaz egin bear zan, ego ariñez
esan nai dut eta gurari bizizko lumaz, itxaropena ixuri ta argia ematen zidan
urak zuzenduta noski baiño noskiago.
Aitz zartatuen tartetik zan gure igoera; alde bietatik estutzen
ginduzten aien ormak, eta azpi latz malkorrak esku-oiñak erabiltzera beartzen.
Arkaitz garaiaren goiko labarrera, leku irikira iritxi giñanean, nik esan nuen:
« Ene Maisu, orain zein bide artuko?». Eta ark erantzun zidan:» Urrats bat
ere etzaitez atzeratu; jarrai zakizkit mendian gora atzetik, zuzentzaille trebe
bat ager dakigun arte».
Oso garaia zan mendi-kukutza, begiekin garaitu eziña, eta aldatza
orratz-laurenetik, erdiunera jeisten dan lerroa baiño aski erripeagoa. Nekatua
nengoan, eta oiuz asi nintzakion:» O aita samur! Biur zaitez eta ikus;
astiroago ez ba'zabiltza, bakarrik gelditzen zara!» «Ene semetxo esan
zidan, saia zaitez oneraiño etortzen» . Eta alderdi artatik mendia osorik
inguratzen zuen mail-koska bat goraxeago erakusten zidan.
Adorea bait zidaten aren itzak erantsi, saia nintzan aren ondora
igotzen, azkenez ere nere oinpean ikusiz aitz-mokor troska. An exeri giñan
biok, eguzki aldera begira, igo giñean lekurantz noski, ibilli dan bideari so-
egitea atsegingarri izan oi da-ta. Lenengotan nik beeko sakonera zuzendu nitun
begiak; gero eguzkira jasorik, miretsia geratu nintzan aren izpiak gu ezker-
aldetik joten ikusiaz. Laster oartu zan olerkaria ni sor-lor nengoala argiaren
gurdia gure eta Ipar (Akilon) artean igarotzen ikuskatuz. Esan zidan: «Kastor
eta Polux, guri goitik eta beetik beren argia bialtzen digun izpillu urarekin
batera ba'leude, Zodiako ikusiko zenuke, gorrizkatua, oindio urbillago ikusiko
zenuke Artz-izarretatik, biraka noski, bere oizko bidetik irtena ez baldin
ba'dabil beintzat. Au nola daiteken jakin nai ba'duzu, irudi ezazu, zeure
baitan bilduta, Sion eta mendi au, onela daudela lurraren gaiñ, biak dauzkate
osertz berdiña eta boil-erdi ez-berdiñak; ortik, ba, ulermena argi
ba'darabiltzazu, laster ikusiko duzu, Faeton'ek bere txarrerako ibiltzen jakin
ez zuen bidea naitaez doala mendi onen alde batetik eta lenengoaren alde
aurkakotik.
«Egi-egiaz, ene maisu erantzun nion, ez nuen egundo orren argi ikusi
adimurri nirudian alako gauzetan, orain bezin nabari, goiko borobillaren erdian
dagon oboa, lur-gerri edo antzeren baten Ekuadora deritzana, eta beti uda ta
negu tartean dirauna; ori dala-ta, emendik urrun dago ipar aldera ebertarrak
alde berorantza ikusi oi zuten bestea. Baiña, eder ba'zaizu, leiatsu jakin nai
nuke zenbat bide ibilli bearra dugun oraindik, mendi au nik begiz iritxi
daikedan baiño gorago igonik doa-ta».
Ak jardetsi zidan: «Alakoa bait da mendia, igotzen asikeran beti
neketsu, baiña batek gorago ta neke gutxiago nabaitu oi dizu. Orixegatik,
urtiraren barna leun-leun doan ontzia bezin azkar zoazala iruditzen zaizunean,
orduantxe zagokez bide-txiorraren azkenean. Gorde ordukoxe zure atseden-
irritsa. Ez dizut beste ezer eskatzen, auxe bakarrik bait daukat ziurtzat».
Ark itzok ebaki besterik ez, abots au aditu zan ondoxean: «Aurretik,
bear bada, eseri bearra izando duzu!» Ori entzuean buruak biur genitun biok,
eta arkaitz mokor aundia ikusi genun geure ezkerretan, aurretik ez nik ez arek
auteman ez genuena. Urbil giñan arengana, eta arkaitz ostean nor batzuk ikusi
genitun; itzalpean gizaki nagi-ustelak egon oi diran bezela, etzanik eta geldi.
Areitatik bat, niri nekatua iruditu zitzaidana, jarririk zegoen eta belaunak
kurutzaturik, arpegia beuron artean eukala.
«O ene jaun atsegin! jalgi nuen nik; jar ezazu begia, zakur zuria
bere aizpa ba'lu baiño ere fardelagoa dirudin orregan». Ura ordun guregana
itzuli zan, aztertu giñuzan, bere berna-gaiñez begiak bialtzen zizkugula, eta
irauntsi zuen: «Zoaz, ba, gorago, ain adoretsu agertzen zarean azkero!».
Ordun oar nintzan nor nuen; oraindik ere arnasa iñausten zidan pizkat,
baiña ez nuen oztopo izan arengana urreratu nendin; eta ni bere ondo-ondoan
ikusiz, oztoztan jaso zuen bere burua, esanaz: «Ondo ikusi ote duzu eguzkiak
nola daraman bere gurdia zure ezker aldetik?» Aren ikara nagi ta itz laburrak
erdi-iriki zizkidan ezpaiñak irri-parretan; gero asi nintzakon esaten:
«Belakua, onezkero' ez natzaizu errukior, baiña esaidazu: zergatik zauzkat emen
ain eseria? Bidariren baten zai al zagoz? Edo-ta betiko nagikeriak mende bir-
artu?».
Eta arek: «Ai, anai! Zer ete dakar gora igotzeak? Jainkoaren aingeruak,
ba, garbitokiko atean jarrita dagonak ez dit araiño irixten utziko. Leenen
bearrezko da, zeruak ni kanpo nengoela, nere bizitz-aldian eman zitun aiña bira
eman ditzala nere inguruan, nik azkeneraiño luzatu bait nituen nere damuzko
negar-zotiñak; Jainkoaren grazian bizi den biotz batetik jaikitako otoitzak
lagun ez ba'datorzkit, besteak zer balio didate, zeruan entzunak ezpa-dira?».
Olerkaria, bitartean, igoaz joian gure aurretik, au esanaz: «Zabiltza
onezkero; begira, eguerdi-orratza ikutzen dago eguzkia, eta gauak ere laster
jarriko du Marruek itxas-ertzean bere oiña.