Etxahun'en bertsoak gipuzkeraz emanik
Aldapeko
Bi ama-alhaba
I
Barkoxe'n ba-dira bi ama-alhaba:
Algarri segretian khuntatzen ardura,
Haiek uste gabe, heltu beha zena,
Etxaun xaharra!
Barkoxe'n be-dirade bi ama-alaba:
Alkarrekin ba-dute beti zer esana.
Aiek pentsatu gabe urbiltzen da ara,
Etxahun zaharra.
II
Alhaba amari zen erraiten ari:
Mündi' ari zitatüt trüfaz bethi eni,
Erraiten beteitade: tou pay qu'ey tou payre (1).
Zer othe da hori?
Alabak amari bart zion txit asarre:
Mundua ari zait neri burla eta parre,
Esaten baitidate: tou pay pu'ey tou payre.
Orrek nau ni erre.
III
Auxilik alhaba! Hori dün mardalla
Hitzaz oküpü ondun, hil ziña senharra.
Hamar hilabeten büin, hi jin haren haurra,
Hirur hortzekila!
Ago ixilik, alaba, ez ori sinetsi!
Senarrak il aurretik aurdun nindun utzi.
Amar illabetera i sortzen ikusi,
Iru ortz ta guzi!
IV
Hamar hilabete nin, sortü nündüzünin!
Enila hura aita arten niz bildürrin.
Aiei! Aiei! hau da doloria, eta ezin jakin
Zü ganik aita nur nin!
Amar illabetera zuk ninduzun sortu!
Ura ez nula aita orain naiz bildurtu.
Aiei! zer pena dudan, ezin enteratu
Nork zindun maitatu!
V
Hire egüzaita, oi! gizon xarmanta!
Hareki bürüz-bürü, jan diñat usu zopa,
Ordin-danik ba-diñat bai nik bethi lotsa,
Hunki zeitan kota!
Ire aitajaun ori bai gizon jatorra!
Arekin buruz-buru jan diñat maiz zopa;
Geroztik aren bildur, ez nekien nola
Zaitu nere gona!
(1) Zure aita pontekoa duzu zerorren aita (bearnesez).
I
Ahapaldi ontako irugarren neurtitzeko BEHA(TU)'k, ba-dirudi, Lhande'k
«écouter, être attentif à ...» itzulpenez ematen duen zentzua duela. Baiñan,
bost zentzu bereizi eraxten dizkion ezkero Baionatar josulagunak «behatu»
itzari, zalantzak uxatzeko Mirande adiskide onari galdegin nion. Ona bere
erantzuna:
«BEHA(TU): nire euskalkian (hots, Sorhueta eta Garindainekoa) «écouter»
erran nahi du eta dativu intransitivuan erabiltzen dugu: beha zakitzat
(zakizkit). Be-Nafarroan eta Lapurdin zentzu eta manera hortan erabiltzen da,
eta gaiñera dativu transitivuan - so egin, begiratu; behatu diot = begiratu
diot; behatu natzaio = le escuché. Bertzalde, nire euskalkian «beha izan» =
estar escuchando; hari beha = escuchándole. Zentzu hortan erabiltzen du noski
Etxahunek delako bertsoan. Manexean, gainera (eta beharbada Zuberoako leku
zenbaitetan) ba da: haren beha = esperándole.
II
Bigarren ahapaldiko bigarren bertso-lerroan ageri den ZITAZUT aditz
jokoaz onela idatzi nion Zuberotar Maixua'ri: Aditz joko au askotan irakurri
izan dut eta Zuheroa'ko errian oso sustraiturik egonarren, esango nuke ez dela
zuzena gramatikari dagokionez. Izan ere, ene ikusmenak salatzen didanez, dativo
ezaungarria (T letra, «niri» aditzera emateko) bi aldiz erabillia dago alper-
alperrik, ots, «ziTazüT». Nik uste, bigarren «T» ori pleonasmu bat dela,
denbora berritan erantxia. Campion'ek, Bonaparte'ren, Intxauspe'ren eta beste
olakoren iturrietan edanik, «zitazü» dakar, isetseko «T» bltxi ori gabe.
Ona, Jon Mirande jaunaren erantzuna: «ZITAZUT»: bai, ikusi duzun
bezala, azkenengo -t hori pleonastikoa da; gramatikaren araura «zitazü» aski
litzake. Bainan Zuberoan asko laket zaizkigu horrelako forma pleonastikoak, bai
eta askotan pleonasmu bikoitza ere egiten dugu: zitadazüt... halaber, ditazü,
ditazüt, ditadazüt (= de(re)it alokutivoan); de(re)itazü, de(re)itazüt, de
(re)itadazüt (zuen «didazu»). Hola ere pleonasmu hoik forma alokutivuetan
usatzen ditugu bakarrik.
Irugarren neurtitzean ageri zaigun BETEITADE aditz-jokoaz idazten nion
Mirande jaunari: Campion'ek darabilzkien formetan gure «didate»ri dagokiona
bezala «DEITAYE» ematen du eta ontaz, aurrizkia erantxirik «BETEITAYE» izango
litzake. Au ere, errialde batetik besterako aldakuntza izango da, noski,
baiñan, zure ziurtapena nai nuke eduki.
Ona Zuberotar izkuntzalariaren erantzuna: «BETEITADE»: guk deitade
(azkenengo -e azentuduna) erraiten dugu zuen didate; Campionek emandako
«deitaye» ez dut sekula entzun, naiz gramatikaren ikuspuntutik zuzen dirudien.
«Tou pay qu'ey tou payre» bearnes izketa onela itzultzen du
Larrasketa'k: «ton pere, c'est ton parrain», ots, «zure aita, zerorren aita-
pontekoa da».
III
Lenengo neurtitzeko AUXILIK, «ago ixilik»en laburpena dela argi ikusten
da. Lerro bereko MARDALLA, «médisance, calomnie», itzultzen du Lhande'k
(marmario, irain). Guk libertade aundiz itzuli dugu puntuaren eskabidez.
Bigarren neurtitzeko ZINA aditz-jokoaz esan dezagun gipuzkerazko UNAN'en kideko
dela, ots, «il ziña = il unan». Campion'ek, ordea, ZIA emanik gizonezkoari
mintzatuz, ZUNA dakar emakumezkoari zuzenduz. Bi formak, ZIÑA eta ZUÑA,
jatorrak direlako ustea edukiarren, Jon Mirande jaunari argibidea eskatu nion
eta ona bere erantzuna: «ZIÑA»: hau «zen» da, emazteki batekin itanokan ari
delarik; nire kartielean, ordea, ziâ erraiten dugu, sudurretiko -a batekin;
gizonekiko itonokan ziá; zukan; zukan züzün. Ba-dirudi, Mirande jaunak ZUÑA
forma ez duela ezagun.
«Büin», gipuzkerazko «buruan» da laburturik, baiñan, neurria austen
zuelako ez dugu jarri ahal izan «amar illabeteren buruan». Alaber, «jin =
etorri»ren ordez «sortu» erabilli dugu.
IV
Ahapaldi onek dio lendabiziko neurtitzean: «Hamar hilabete NIN, sorthü
nündüztinin», gipuzkeraz «Amar illabete NUEN, sortu ninduzunean». Ongi ote dago
emen NIN (NUEN) ala NUTI(A)N (NUTUEN) erabilli bear da? Nik NITUEN'en alde
jotzen dut, gramatikakume bainaiz, baiñan ez nago ziur Gipuzkoa'ko
baserritarrek nola esango zuketean kasu ontan. Etxahun'enean okerrik ote dago
nik aurrenean uste izan nuen bezala? Jon Mirande jaunak ezetz derizkio.
«Zuberoeraz, kantidade bat mugatu gabea (artikulurik gabe) erraiten denean,
aditza singularrean uzten ahal dugu; beraz, Etxahun'ek ez du hemen utsik egin.
Baiñan, «hamar hilabethiak eginik nütin» esango genduke zuek bezela.
V
Neurriaren eta puntuaren eskabidez aldaketa legun batzuek egin ditugu,
baiñan, jatorrizkoaren esanguratik batere aldendu gabe.
Bi ahizpak
I
Kattalina, entzün diñat egia segürki
Maitia deitañala hik nahi ideki.
Segretik behar dütün bai ützi hareki,
Nahi ezpalin ba'tün olhuak eraiki.
Kattalin entzun diñat, ustez egietan,
Maitea abillela neri kendu naian;
Arekin berriketak gaurgero utzi itzan
Nai ezpa'dun zigorrik probatu aukeran.
II
Maider, enün ebilten ez ihuren ondun,
Ez eta huna jiler nahi ihesi jun.
Ust'ukhen balin ba'dün hirik diel' en'ondun,
Eztitzañul'ützi ebiltera kanpun!
Maider, ez naun ibiltzen iñoren ondoan,
Baiñan onontz ba'datoz, ezin ihesi joan.
Uste ba'dun ireak ditutela alboan,
Ez dizaienan utzi ibiltzen kanpoan.
III
Ai! ahizpa falsia! ai! hi lotsagarri!
Ene zopa hunen jaten bethi izan hiz ari!
Sorthu hintzan axuri, izateko ardi;
Bena beldür nün egin hizala ahari!
Ene aizpa faltsua, i aiz lotsagarri!
Nik egin zopak jaten orain arte ari!
Sortu intzan axuri, izateko ardi;
Baiñan beldur naun egin aizela ahari!
I
Bigarren neurtitzeko «deitañala», irakurleak igarriko dionez, gure
«didanala» da eta «ideki» berriz, zenbait aldiz ikusi dugun «idoki» edo
«kendu». Irugarren neurtitzeko «dütün» gure «ditun» eta laugarreneko «ezpalin
ba'tün» gure «ez baldin ba'ditun». Bertso lerro ontako «olhuak eraiki» berriz,
Lhande'k dionez «récolter des coups de baton». Beronek dionez «olhua eman» ere
esaten da, «fustiger à coups de verge». Beraz, zigorrez edo makillez astindu.
II
Irugarren neurtitzeko «hirik diel'en'ondun», ez da ongi jasotzen «diel
(a)» gipuzkera dagokion «dutela»ren bitartez itzultzen ba'dugu. Jon Mirande
jaunari arrazoi au agertu nion eta orra bere erantzuna: «hirik diela ene ondun»
gaizki emana dago; «hirik di(r)ela ene ondun» bear litzake. Mintzatzean ez dugu
geiago bereizkuntzarik egiten direla (zuen dirala) eta diela (= dutela,) bi
formen artean. Beraz, aipatutako esaldia gipuzkeraturik onela litzake: «ireak
direla nere ondoan».
Laugarren neurtitzean ageri zaigun «eztitzañal(a)» aditz-joko ukakorra,
gipuzkeraz «ez didanala» da. Aurrizkia eta atzizkia kenduz, «ditzaña» gelditzen
zaigu eta Campion'ek «detzaña» ematen du bere gramatikan. Zalantza au aditzera
eman nion Zuberotar Maixua'ri eta ona bere erantzuna: «nire euskalkian,
Etxahunen izkuntzan bezala, pluralean ditzañala (edo, obeto esan, ditzâla)
esaten dugu. Baina zuberoatar kantu zaharretan askotan aurkitu dut detz- hori;
eta irudi zait ere zenbait aldiz entzun dudala.
Idarroki olha
Idarroki txabola
I
Idarroki olha Ziberua'n da;
Artzañ baliusik hara beitua.
Han gerthatü izan da Etxahun gaizua:
Lagüner diezü huntü bi kobla,
Undüritürik ezi merexi ziela.
Idarroki txabola Zuberoa'n dago;
Artzai baliotsuek ara joan bearko.
Etxahun iritxi da iñotz aruntzaiño,
Lagunei kantatuaz bertsorikan franko,
Merezia zeukaten ustean bainago.
II
Kharrikiri-borda edo Zankhartile
Ai! zer elementua joateko lotara!
Bezpera gaiti dua olh'aizulat ere;
Bihamenin jiten, nahasterik gabe,
Ardien berheztera beitü herabe.
Kharrikiri-borda'k du guzizko patxada,
Ai! zer elementua joateko lotara!
Bezperatik dijoa auzo-txabolara,
Goizen dator esanaz: nasterik etzala!
Ardiak bereizteko baitu gogo falta!
III
Eixahun'ek dio Garai'ri:
«Ardien berheztera abil ordin hi»!
Harek eztütila ezagützen berik kasi!
Nihau jun-nüzü eta berhez-erazi:
Olhaizokuer kobla horiek sari!
Etxahun'ek orduan, Garai'ri esaten:
«Ardiak bereiztera zertan etzaiz joaten»?
Arek nekez ditula bereak ezautzen!
Auzokoei neronek lagundu bereizten:
Artzai lagunok ditut nik kantuz saritzen.
IV
Kharrikiri-borda'k zer zian egiten,
Ardik zeitzenin bestek berhezten?
Jun eta salduan zietzün sartzen,
Berak aldiz olhalat laster egiten:
Haren lagün zena ordian laket zen.
Kharrikiri gureak zer zuen egiten,
Bestek zizkiotenen ardiak bereizten?
(Noiz-nai baitzitzaizkien artaldean sartzen)
Bere txabolaraiño laisterka zan joaten.
Aren laguna zenak naiko tan ba-zuen!
V
Artzañ egon zenian herabereki,
Arhankara jun züzün zakiareki;
Arhan sobera janik, tripa ilhorterazi:
Ardier etzeitekin aisa jerraiki:
Gai hartan hirur-hogei zütian ments ützi.
Artzai egon zanean oso nagituta,
Aranetara joan zan zaku bat artuta;
Aran geiegi janik, tripak estututa,
Ardiei ezin jarrai galtzak askatuta.
Gau artan irurogei zitzaizkion falta!
VI
Etxahun gaizua, hik aztüra bethi
Bortian heltzekua lagün huneki!
Ba-zia hamar urthe edo hamabi
Ehintzala bortian izan orai baizi,
Bena builta baten haie aserazi.
Etxahun gizajoak beti borondate
Mendian izateko lagunekin parte.
Ba-ukan amar urte, amabi ez ote?
Ez intzala mendian izan orain arte,
Baiñan luzaro gabe aserazi aute.
VII
Adio Lexauri eta Idarroki!
Enaizi ekhusiko haboro jagoiti.
Aspaldin berhezirik emaztiareki,
Orai egin nahi nük, bortia, hireki!
Otsuak janen deitzak ardik ene gati!
Lexauri, Marroki, agur sekulako!
Gaurgero ez nauzute zuek ikusiko.
Andreaz bereizirik aspaldian nago,
Orain zuek utzirik ba-noa betiko,
Ardiak uzten ditut nai dunak zaitzeko.
I
Laugarren neurtitzeko «lagüner DIEZU», gure «lagunei DIE» da forma
alokutivoan erabillirik. Forma arruntean «deye» litzake, Campion'ek dakarrenez.
Zalantza bat neukan, ordea: Etxahun'ek «bi kobla» aipatzen dituen ezkero,
«diezü»ren ordez «ditzezü» litzake Campion'en arabera eta forma arruntean,
«deye»ri dagokionean «deitzea». Zalantza onen argitasuna eskatu nion Zuberotar
Maixua'ri eta ona bere erantzuna:
«Lagüner diezü huntü bi kobla»: diezü hori dereie (deie Campion'ek
«deye» dee, de... laburtuta) da, zukan, au da, zuen die; itanokan diek, gizon
batekin, eta dien, neska batekin mintzo geralarik. Etxahunek singularra
darabil, naiz «bi kobla» izan: hori zuzen da ikus goian, «Bi ama-alhaba»,
«hamar hilabethe nin»; baina «bi koblak» erabilli ba lu, pluralean esango
zuen: dietzü; pluralean formak hautexek dira: de(re)itze, deitze, forma bakuna
(zuen dizkie); eta dietzak, dietzan, dietzü forma alokutivoak». Ikusi ahal izan
dugunez, Campion'en «dietzü»ren ordez «ditzezü» ematen digu.
Ahapaldi onen azkeneko neurtitza beste era ontan ere eman diteke:
«Merezia zutela iritzirik nago». Egokiago iruditu zait ordea, «Merezia zeukaten
ustean bainago», gogoan edukirik ZEUKATE-N erlativokoa dela, oraiñaldiko
DAUKATE-N'en senidea, beste gaiñerakoan bi hemistikioak alkartasunik gabe
gelditzen baitira.
II
Lenengo neurtitzean, «Zankhartile» Kharrikiri-borda'ren bigarren izen-
goitia baztertu bearrean arkitu gera puntuaren eta neurriaren eskabidez.
ATZIN (atzian), «atze»tik derivatua. Itz ontaz dio Lhande'k: «Planche
inclinée où dorment les bergers (Artzaiak lo egin oi duten ol maldaduna).
S'emploi surtout au plur. Atzetan lo, endormi sur la planche». Itz ontatik
ATZEGI sortu da, «couche de berger» (artzai-oea), Lhande'k dionez.
Larrasketa'k, bertso oarretan onela itzultzen du atzia: le lit de planches où
les bergers dorment, ots, artzaiak loegiten duten olezko oea (kamaña).
BEZPERA GAITI, gipuzkeraz bezpera gautik da. Guk, ordea, neurriak
beartuta «bezperatik dijoa» itzuli dugu. Alabaiña, beste era ontara alda diteke
bertso au: «Bezpera gautik doa». Guri, ordea, oso bitxia iduri zaigu «doa»
aditz-jokoa giputz bertsolari baten aboan.
Laugarren bertsoa, «Bihamenin jiten, nahasterik gabe», itzez-itz
itzulirik onela litzake: «Biaramonean etortzen, nahasterik gabe». Etxahun'en
esangura, ordea, illun gelditzen da «nahasterik gabe» orretan, eta
bertsolariaren asmoa Jon Mirande jaunak geroago ikusiko dugunez interpretatu
bezala eman dut nik, ots: Biaramon goizean ba-dator (gezurretan) esanaz ardi
nahasterik etzala izan, ezpaitzuen beroiek bereizten asteko gogorik.
Textuak, bosgarren ahapaldian «Ardien berheztera beitu herabe» dio.
Zalantzarik gabe adibearrean gelditzen da «Ardien berheztera JOATEA beitü
herabe», bestela «Ardien berheztea beitü herabe» idatzi bearko bailitzake.
Ardi «berhezte» lanaz ona zer esaten zidan Mirande jaunak galdera oni
erantzunaz egindako eskutitzean: «ARDI-BERHEZTE: artzain eta ardi-hazleen
mintzaeran esan nai du alde batean ardi esnedunak eta bestean esnerik ematen ez
dutenak (ardi antzuak, ahariak, ahatzartzak gure «moixo» edo «marro»
(morueco)- etc.) ipintzea, jeisteko». Geroxeago mintzatuko gera beste ardi
bereizte klase batez.
HERABE itzari Lhande'k bost esangura ematen dizkio, iru substantivu
bezala eta bi adjetivu bezala. Zalantzarik gabe, egokiena, «paresse,
nonchalance, négligence» itzultzen duena da, ots, gure nagi, alper edo gogo
gabe. Baiñan, segurantzi oso bat eduki naiez Zuberotar adiskide onari galdetu
nion eta ona bere erantzuna: «HERABE: bigarren eta boskarren ahapaldietan itz
orrek zentzu berdiña dauka; zuberoeraz esan nai du: nagitasuna, gogo gitxi
izatea zerbait egiteko; aditzarekin onela erabiltzen dugu: «he(r)abe niz edo he
(r)abe düt zerbaiten egite(r)a».
III
Irugarren neurtitzeko «eztütila» aditz jokoaz neukan zalantza apurtxoa
aienatzearren, itz oek idatzi nizkion nire adiskide onari: «EZTUTILA», ene
ustez gipuzkerazko EZ DITUELA da, ots, «Arek ez dituela ezagutzen beriak kasi».
Izan ere, aktivo laguntzaillearen irugarren pertsona «dütü» baita eta emendik
sortzen da, noski, «dütü-ala», «düti-ala», «dùti-la» eta ezezko tankeran
«eztütila». Mirande jaunak itz oen bitartez sendoesten dit nire ustea: «Ongi
igarri diozu adizkera orri; ez + dütü + ala -tik dator, eta zuen «ez dituela»
da (pluralean «dütiela» esaten dugu, au da «dituztela»), eta neurtitza ongi
itzuli duzu.
Laugarren eta bosgarren neurtitzak libertade pittin hatez itzuli ditut.
Batez ere gogoan eduki bearra daukagu, azken neurtitza Larrasketa'k onela
ematen duela: «Olhaizokuer kobla horiek SARRI»! eta Jon Mirande aditzera ematen
didanez «sarri» ori uts bat da, Etxahun'ek «sari» kantatu baitzuen.
«Olhaizokuer» uste dut iñoiz esan dugula «auzoko txabolekoei» dela.
IV
Bigarren neurtitzeko ZEITZENIN, «zeitzen-ean»etik laburtua dago noski,
zuberoeraz «zeitzen» baita gure «zizkien» Campion'ek dakarrenez eta Jon
Mirande'k sendoesten didanez.
«Jun eta salduan ZIETZUN sartzen», itzez-itz itzulirik, «joan eta
artaldean ZITZAIZKIEN sartzen» da. «Zietzün» aditz joko au alokutivoa da eta
Jon Mirande jaunak dionez bi esangura ditu: 1.º «zizkien» edo «zizkioten».
2.gn.: «zitzaizkien». Campion'ek, «zizkien» transitivoa «zitzezün»
(singularrean «ziezün») itzultzen du eta «zitzaizkien» intransitivoa
«zitzetzün» (singularrean «zieztin»). Mirande jaunak, ordea, ez ditu Campion'en
pluraleko forma auek ezagutzen.
«Idarroki olha» xeheki aztertu ondoren eta itz ta gramatikako partikula
bakoitza ongi ulertzea ardietsi ondoren, gertatu zait Etxahun'en zenbait
kopletan bezala, kontakizuna ain giarturik ematen duelako ezpaitu uste
bertsolariak zabalago mintzatu bear duenik ain ezagunak zaizkion bizigiro eta
usadiotan bertsoaren aria ezin jasorik gelditzea. Au dala-ta, Jon Mirande
jaunaren azalpen bat emango dugu, kopla eder onen aria aditzera ematen duena:
«IV-garren ahapaldiko «Jun eta salduan zietzün sartzen»: jun zuen joan
da, ez «eraman» nik zalantza agertzen bainion joan gure eraman ere izan
zitekeala eta neurtitza itzez itz onela itzuliko nuke: joan eta artaldean
zitzaizkien sartzen». Kobla orren ulertzeko, jakin bear duzu Zuberoako
artzaingoaren berri zerbait; «olha» bakoitzean (eta olha ez da bakarrik
artzainak bizi diren txabola, baina, lato sensu, olha-lurra) ba dira bizpairur
familietako artzainak, bakoitzak beraren ardiak ekarririk, eta gero ardiok
nasita zaintzen baitituzte; emen ba dituzu Kharrikiri-borda, Etxahun eta Garay
olha batean. Baina zenbait aldiz ardiok beste olha bateko artaldearekin naasten
baitira, lenengo olhatik artzain batek edo bestek joan bear du bereztera. Emen
orrela gertatu zaie Etxahun, Kharrikiri-borda ta Garayen ardiei. Etxahunek
leenik igorri nai du Kharrikiri-borda ardiak auzo-olhako artaldetik bereztera,
bainan Kharrikiri biaramonean itzultzen da, esanaz beren ardiak ez dirala beste
olhakoekin naastu... gezurrez, noski, berak gogorik ez duelako berezte lan ori
egiteko; orduan Etxahunek Garay igorri nai du, bainan onek ere gogorik ez
duelako, aitzekia ematen du beraren ardiak ia ez dituela ezagutzen, are
gutxiago beraz bere olha-lagunenak, au da, Etxahun eta Karrikirirenak. Orduan
Etxahun bera joaiten da auzoko olhara, eta ango artzainei galdegiten die
eskatzen die ardi-berezte egitea, eta lan orren saritzat kobla batzuek egingo
dizkiela (ain zuzen ere, III-garren ahapaldiko azkenengo neurtitzean ba da uts
bat «Olhaizokuer kobla horiek sari» bear da, ez sarri). Auzo-olhako artzainek
nekez egiten dute lan ori, Idarroki-olhako ardiak berezi eta, ardiok berriz ere
joaiten eta beraren artaldean sartzen zaizkielako. Kharrikiri-borda, berezte
lan orretan auzoko olhako artzainei laguntzeko ordez, laster egiten du bere
olhara, eta aren laguna zena, Etxahun bera da, bakarrik uzten du lan ontan
beste artzainei laguntzeko».
Beraz, ahapaldi au itzultzean beti gogoan eduki dut Mirande jaunaren
konta-aria, naiz-ta jokabide onek beartu itzulpena libertade pittin batez
ematea.
V
ARHANKARA JUN espresiñoak ba-dirudi «aranetara joan» edo «aran billa
joan» esan nai duela, baiñan,-kara atzizkiari ez diot orrelako zentzurik arkitu
Lhande'ren iztegian eta Larrasketa'k berean ez du aipatu ere egiten.
Onetxegatik Jon Mirande ene adiskide onari galdetu nion eta ona bere erantzuna:
«ARHANKARA: -kara atzizki ori (ká mingatzen dugu; arhanká, -a azentuduna) zuen
«billa» edo manexen -keta atzizkien zentzu berekoa da, neure euskalkian oso
bizia da zentzu hortan; ez ordea Lhandek ematen dituen esangurekin.
«Jun zuzün», gure «ioan zan» forma alokutivoan da, Campion'ek
dakarrenez. Era ontan irabiatzen da: nündüzün, zuzun, guntuzun, zutuzun.
ILHORTERAZI, zentzu irudikorrean erabillirik dago itz au, «ilhortu»k
edo gaztelarren «abortar» esan nai baitu. Onegatik, arrazoi aundiz dio
Larrasketa'k «expression forte et pittoresque».
Laugarren neurtitzeko ETZEITEKIN aditz-joko ukakorraz onela idazten
nion Jon Mirande jaunari: «Aditz-joko au ez dator Campion'ek dakarrenarekin
zearo bat. Etxahun'en formari ezezkoa kenduta «zeitekin» edo «zeitekian»
gelditzen zaigu eta Campion'ek «zaitekian» ematen du, «eror zaitekian erori
zitekean = el se pudo caer». (Zitekean (G), ziteken (L), zaitekian (Z),
leitekian (B). Gramat., 36l'gn. or-ald., 1884). Baiñan, ongi oartzen baldin
ba'gera, «ardier» dativoak (ardier etzeitekin aisa jerraiki) tankera berako
aditz-jokoa eskatzen du, nere iritzi apalean ZITAKIEN (el y ellos), gipuzkeraz
«zitzaioketean» (edo «zitzaikean»). Uste dut, ordea, jatorriz sasi-usadio den
au, aspaldian sartua eta onartua dagoela Ipar-Euskalerria'n eta orretxegatik
zillegitzat jo bear dela.
Ona, Zuberotar Maixuaren erantzuna: «ETZEITEKIN: formatik agiri du
adizkera ori zuen «ez zitekean» dela; baina nere euskalkian ez da geiago
ezagun; «ardier ez zen (etzen) aisa erraikitzen ahal» esango genduke.
Zuberoeraz ez gera batere bortxatu (beartuak) kasu orietan dativua usatzera,
naiz «ardier etzaien jerraikitzen ahal» ere zuzen izan. Alaber esaten dugu:
«Nuri eman düzü?» edo «Nuri eman de(r)ozü?».
Azken neurtitza itzez-itz itzulirik onela litzake: «Gau artan irurogei
zituen falta(n) utzi». Giputzok, ordea, beste era ontara esango genduke: Gau
artan irurogei ZITZAIZKION FALTA. «Zütian ments ützi» esakeraz orra zer dion
Mirande jaunak: «Ments zuen falta edo palta da noski; zuk itzultzen duzun
bezala «zitzaizkion falta» esan nai du gutxi gora behera; alaz ere, ba da
nuance (matiz) txiki bat; esakuntza orrek esan nai du faltatu zitzaizkiola
beraren erruz, ongi billatu gabe utzi zituelako».
VI
Irugarren neurtitzeko «BA-ZIA» aditz-joko baikorra transitivoa eta
intransitivoa da zuberoeraz bidenabar. Beraz, lenengo kasuan «ba-zikan» (edo
«ba-ziken») itzuli bearko genduke eta bigarrenean «ba-ukan» (edo «bauken»).
Zuka, ba-zuen eta ba-zan. Ba-da ere beste prolema bat: singularrean ala
pluralean erabilli bear ote den. Oni buruz, onela dio Jon Mirande'k: «Ba zia
hamar urthe»: ikus goian «hamar hilabethe nin» (singularrean) eta «lagüner
diezü (singularrean) hontü bi kobla». (Nin = nuen eta diezü = die) alokutivo
eran. Lenengo prolemaz onela dio: «Ba-zia transitivoa da, ain zuren ere, zeren
guk «ba dü aspaldi, ba dü dembora hanitx, ba dü zazpi urthe (ez ba dütü!)»
esaten baitugu beti, ots, izan transitivoa edo obeto, «ükhen» aditz
laguntzaillea usatzen dugu dembora edo garaia seinalatzeko esakune orietan.
Baina egia da «ba zia» intransitivea ere izan ditekeala.
Azkeneko neurtitza itzez-itz itzulirik onela da: «Baina buelta baten
aute ase erazi».
VII
Bigarren neurtitzeko «Enaizi ekhusikoz» onela iskribatzen nion Mirande
adiskide onari: «Enaizi» Zuberoa'n komunki erabiltzen den «enaizie» laburturik
dela esango nuke, ots, gure enauzute (ez nauzute) eta orra erantzun: «Zuen ez
nauzute ez da «Enaizi», bainan bai «enaizie». Emen argitaratzalleek «enaizi»
idatzi bide dute, ondoko e-rekin naasten delako oguzkeran». Argitaratzailleek,
ordea, obe zuketean «enaizi'ekhusiko» idatzi, beste leku askotan egin duten
bezala (mez'entzün eta abar) azken vokala urren itzarenarekin nahasten dela
aditzera amateko.
Neurtitz berean «haboro jagoiti», geiago ontaz aurrera da itzez itz.
Laugarren neurtitza, «Orain egin nahi nük, bortia, hireki», guretzat bitxi
xamar gelditzen da, Gipuzkoa'n «nai»ek beti aditz-joko transitivoa eskatzen
baitu. Itzez itz orrela litzake: «Orain egin nai nauk, mendia, irekin», ots,
itzaz separatu edo banandu, lenago andreaz bezala. Gipuzkera jatorrean onelatsu
emango genduke: «Orain nai diat, mendia, itzaz separatu».
Azken neurtitzeko «Otsuk janen deitzak», otsuak jango dizkik itzuli
bear da. Guk, ordea, neurriaren eskabidez bertso au zertxobait aldatu bear izan
dut, delako «otsoa» baztertuz.
Belhaudi bortietan
Belhaudi mendietan
I
Belhaudi bortietan Organbidexk'olha,
Beren deskantsiala han ardiak alha.
Goizan ilhertzen tie olha-pen behera,
Artzañ-hor gaizua emanik gida,
Arratsen ützül ditin gomenda-eta.
Belhaudi mendietan Organbide etxola,
An dabiliza larrean ardiak gustora;
Goizean bialdurik txabolatik gora,
Gidaritzat baitute artu artzanora,
Galtzeko arriskurik ez dute iñola!
II
Ardi horiek zütien artzañak trumpatü:
Goizan ilhert eta arratsen ez sarthü.
Merkhatzale ziradin hurak abiatü,
Bere ilhik zütiela bear engajatü
Eta artzañ hoberik hen sariz proküratü.
Ardi oiek zituzten artzaiak larritu:
Goizen larreratu-ta arratsen ez sartu.
Tratalari ziraden aiek abiatu,
Beren illeak bear dituztela saldu,
T'artzai obeak aien irabaziz artu!
III
Otsogori'n behera ardiak lasterka:
Zalhe igaran ziren Gaztenbide ühaitza;
Besarkakiala baiko maraxtü ürhatsa,
Han arrakuntratürik Arhane'ko trupa:
Artzañekila zien han hasi kumersa.
Otsogorri'n behera ardiak laisterka,
Arin igaro zuten Gaztanbide erreka;
Besarkaiga'n dute lenen geldiketa,
Arhan'go artaldea topatu dute-ta,
Artzaiekin nai zuten asi berriketa.
IV
Artzañek mehatxüreki galthatü ardier:
«Nurat ari zidie ihesi nausier»?
Ardiek arrapostü, ezta hanbat ejer,
«Berrien iruitera ba-gutzü Pettarrer
Ahatzerik girela gure artzañ jauner».
Artzaiek meatxuka ardiei galdera:
«Nora zoazte zuek igesi orrela»?
Ardiek erantzuna pentsatu bezela ,
«Pettarrengana (1) goaz berri ematera,
Gure nagusi jaunek aztu gaituztela».
V
Artzañek ardier dereie galthatü
Eia eztienez, ihur bidian barathü.
- «Ttiro, Elgoihen eta Boronda ditugu
Gure igaraitian erriz borogatü,
Ustez otsuek behar zien gaur gützaz aihaltü».
Artzaiek ardieri diete galdetu,
ez ote duten iñor bidian arkitu.
«Ttiro, Elgoihen eta Boronda ditugu
Gure goitik beheran parrezka somatu,
Ustez otsuek bear gindutela ajaldu».
VI
Artzañek ardier errespetüreki
Eia eztienez bathü Felipe Arainti.
«Bai, bathü ükhen dügü Pheti Uharte'ki,
Biek igaraitera beikütie ützi,
Ari beitzen ebia, nahi gabez busti»!
Artzaiek ardieri onela erausi:
Filipe Araintiko al-duten ikusi.
«Petri Uharte'rekin orain dela gutxi,
Biek aurrera joaten baigaitute utzi,
Ebia ari zuen da etzuten nai busti!»
VII
Artzañ horiek diezü erran ardieri:
«Otsuek jan etzitzen, emazie gureki».
Ardiek arrapostia: «Mila plazerreki:
Ilhiak deitziegü emanen hümeki,
Nahi ba'dieküzie sueñ hun bat etxeki».
Artzai oiek ardiei esaten diote:
«Otsoak ez jateko gurekin zatozte».
Ardiek erantzuna: «Bai, nai ba'duzute,
Ille eta umeak artu itzazute,
Oien trukean zuek zaitu gaitzazute.
VIII
Artzañek ardier: «Hots Arhane'ra:
Han izanen zidie gureak bezala».
Ardiek arrapostü: «Zietzaz kuntent gira:
Artzañ auherreki üsatürik gira,
Jakinik ziek hala ziradiela».
Artzaiek ardieri: «Goazen Arhane'ra:
An egonen zerate gureak bezela».
Ardiek erantzuna: «Txit pozik gaiñera:
Artzai alper artean ibiliak gera,
Jakiñik zuek ere ala zeratela».
IX
Organbidexkes horik jeiki zieneko,
Ardiak Ahane'n hanko kharriker so.
Bertan hasi ziren orori berri galtho,
Arhane'ra heltü biharameneko,
Gaian ez eginik goizan bezañbat lo!
Organbidetar oiek jaiki ziranean,
Ardiak bazkan ari Arhane'ko bordan.
Belaxe berri eske nun-nai asi ziran,
Arhane'ra iritxi biaramonean,
Goizeko lo ederrik etzuten gauean!
X
Khantoren egiliak eztizü lanjerik
Ez bortian ez etxen gal dezan ardirik.
Batño bat beitzian zinez ñaphürtürik
Bestereniala biziatürik,
Kuntentik diagozü hartarik libratürik.
Bertso oien egilleak ez du arriskurik,
Mendian naiz etxean gal dezan ardirik.
Bakartxo bat baitzuen benetan galdurik,
Auzokoen etxera oso zaleturik,
Kontentu dago orain artaz libratürik.
(1) Zuberoa behereko bizilagunak.
I
Etxahun'ek bere laburmiñean «Organbidexk'olha» darabil lendabiziko
neurtitzean. Pentsatzen nuen «Organbidexka» izango zela izen osoa eta Mirande
jaunak ene ustearen baiezkoa bialdu dit. Neurriaren eskabidez, delako
«Organhidexka» diminutivoa Organbide biurtu dut.
Bigarren neurtitzak dio: «Beren deskantsiala han ardiak alha». Itzez-
itz itzulirik onela litzake: «Beren deskantsura an ardiak bazka», ots,
bazkatzen dira edo larrean ari dira. Ba-zuen, ordea, niretzat eragozpen bat
«deskantsiala» esakerak. Alegia, -ALA atzizkirik ezpainuen arkitzen iztegietan,
ez Azkue'n, ez, Lhande'n, ez Larrasketa'n... eta naitanaiez aipatuiako itza
deskantsüala zatitu bearra zegoen, euskerak ezpaitu onartzen des kantsua a la
(edo -ra) zatiketa. Oztopo au berealaxe lautu zidan Zuberotar Maixuak.
«DESKANTSIALA: bai, atsedena «deskantsü» da, -a'rik gabe. Baina gure
adlativuaren atzizkia ez da -la, baizik -ala. Orrela zuen «etxera», guretzako
«etxeala» da, laburtuz «etxila» ematen duena (etxe(r)a ere esaten dugu, baina
«norberaren etxera» esan nai du, edo obeto, erderazko «a casa de», -ra atzizkia
izen propioekin ere usatzen dugu (Mauléra, Baionára, Atharratzéra...
Berterretxen khantoreko «Mauliala» oso bitxia iduri zaigu; izen komunekin,
aldiz, -ala».
«Goizan ilhertzen tie olha-pen behera», itzez-itz onela itzuliko
genduke: «Goizean larreratzen dituzte txabolapean behera». Ba-dira neurtitz
onetan zenbait korapillo askatu bearrak. «Goizan» euskal-gramatika legeak ez
dute ontzat artzen, goiz-ean baizik. Orra zer dion onezaz Jon Mirande jaunak:
«Goizan»: bai, orrela esaten dugu, naiz itzaren erroa goiz izan, ez goiza. Ene
ustez -an atzizki ori «inessif indefini» delakoa da, -an kontsonante baten
ondoan, eta -n vokal baten ondoan; adibidez: etxe-n (en casa), Maule-n. Egia da
Atharratzen, Biarritzen, etc., esaten dugula, baina leku-izen orietan e- itz
errokoa da (Atharratze, Biarritze eta abar esaten dugu). Aditz- jokaeran
relativoko atzizkia ere era berdiñaz erabiltzen dugu: düt -düd-an, baina düzü -
düzü-n. Alaz ere «goizan» durante la mañana; por la(s) mañana(s) esateko
«goizez» edo ez ain sarri «goizetan» esaten dugu. Ez zait iduri «goizean»
(goizan litzake gure mintzaeran) sekula entzun dudanik; kantuetan arkitzen da
ordea: «gozian goizik jeiki nündüzün...»
ILHERTU, gure «larreratu»ren berdiña edo berdintsua da. Larrasketa'k
oarpean dio: «Mettre en pâturage». Itz au, ordea, ez omen da ezaguna Barkoize'n
eta Eskiula'n. Lhande'k matiz bereiziok eraxten dizkio: 1.º se disperser;
3'gn., mettre les porcs en pâturage libre». «Olha-pen b hera» ordez «txabolatik
gora» itzuli dut puntuak eskatuta, ezpaitzen premiazkoa itzez itz itzultzea.
Azkeneko neurtitza ere oso libre itzuli dugu puntuaren eskabidez.
Itzez-itz onela litzake: «Arratsean itzul DITEZEN eskatu-eta». «Ditin»en forma
osoa «ditian» da Campion'ek dakarrenez eta «gomendatu» gutxi gora behera
gaztelarren «recomendar».
II
Lenengo neurtitzeko «zütien» gipuzkeraz «zituzten» da, Campion'ek
dakarrenez. «Merkhatzale», commerçant, marchand, Lhande'k dakarrenez (merkhatu-
zale'tik). Berdintsuak dira euskeraz «salerosle», salerostari», «salerostun»,
merkatari», «tratulari», «tratalari». Ene ustez Gipuzkoa'n ezken au da
erabilliena.
«Hurak» irugarren neurtitzean ere ikusiak gera zenbait aldiz
Zuberoa'ko euskeran «aiek» dela.
«Bere ilhik zütiela behar engajatü» itzez itz «beren ileak bear
zituztela baitu» (edo «baituran utzi»). «Engajatü» Lhande'k «enagiatu» dakar -
frantzesezko «engager, s'engager» da. Gazteleraz «empeñar (un objeto)» esango
genduke.
Bosgarren neurtitzeko «hen», haien'en laburkizuna da. Tankera ontan ere
erabiltzen da Zuberoa'n, Lhande'k dionez, Gipuzkoa'ko «aiek»-en eta Zuberoa'ko
«hurak»en genitivo plurala bezala (gipuzkeraz «aien»).
III
Bigarren neurtitzeko ZALHE «zalhu»ren aldakuntza itzari dagokion
itzulpena «vite, prestement, promptement» da, Lhande'k dakarrenez. Nik, «arin»
itzuli dut. «Azkar», «aguro», «biziki» eta besterik ere erabil diteke. Neurtitz
berean «ühaitza» gure «erreka» itzez itzuli dut. Lhande'k, «fleuve, rivière,
torrent» itzultzen du. Ene ustez, ordea, Etxehun'ek erreka esan nai du edo
agian Lhande'ren irugarren itza: «torrent». Onek, naiz frantzesez, naiz
gazteleraz (torrente), «corriente impetuosa de aguas que no es durable» esan
nai baitu.
Irugarren neurtitzeko «Besarkagiala» azter dezagun. Ba-dirudi -ala
atzizkia izen propio bati erantsirik dela eta arestian esan dugu ez dela
zillegi atzizki au izen propio bati eraxten, baiñan, ikusi dugu ere batzuetan
austen dela lege au (Mauliala). Ontaz, ba-dirudi «Besarkagü» bear duela izan
toki-izenak eta uste auek agertu nizkion Mirande jaunari. Ona, beronen
erantzuna: «Besarkagiala»: ba litzake Etxahunen kantuan au leku izen bat
izatea, baina jatorriz izen komun bat dudarik gabe (besarkatzeko lekua), eta
orregatik -ala atzizkia eransten zaio, eta ez -ra. Ba da Sorhutako parte bat
«Phek'ibar» esaten zaiona (Peko Ibarr-a); izen propia da orain, baina «ibar»
izen komuna izaki «Phek'ibarrilát» esaten dugu, ez Phek'ibarre(r)át. Atzizkia
erauzirik orden «Besarkagú (ü azentuduna) edo «Besarkagïa» izan diteke berdin;
ene euskalkian atzizkiak -gia forma baitauka beti; baina Larrasketen iztegiaren
arabera Zuberoa'ko gune zenbaitetan -gü forma ere dauka. Beraz, «Besarkagiala
baiko baraxtü ürhatsa», onela itzuliko genduke gipuzkeraz: «Besarkagü'ra orduko
mantxotu pausoa». «Baiko» ez dakarte Lhande'k eta Larrasketa'k, baiñan,
lenengoak «baikoz» dakar: «sitôt que» (tan pronto como) itzuliz. «Jin baikoz» =
à peine arrivé». Beraz, «iritxi bezain laister, iritxi orduko». Jon Mirande'k
itz oni buruz dio: «BAIKO eta BAIKOZ, noski, berdiñak dira; guk, ordea,
«baikoz» esango genduke, Lhandek ematen duen araura».
Azken neurtitzeko «kumersa» itzarekin ba-nuen zalantza «Comercio» ala
«conversación» ote zen, itz au ezpaidakarte Lhande'k eta Larrasketa'k. Onek
dionez, ordea, gaztelerazko «comercio» Zuberoa'n «kumerzio» esaten da eta bere
iritzian itz au bearnesen «coumerce»tik artua dago (Nik obeto esango nuke
gaztelarren «comercio»tik, azken silaba onena baitu). Au dala-ta obeto irizten
nion «kumersatü» = conversar izan ditekeala eta «kumersa» = conversacion. Uste
au sendotuz Zuberotar Maixuak onela jakin-erazi zidan: «KUMERSA: bai, ongi
susmatu duzu itz ori guretzat «izketa, solara» dela; ez du gure euskalkian
beste esangurarik». Nik «berriketa» giputz itz iatorrez itzuli dut.
IV
Bigarren neurtitzeko ZIDIE adizkerak Gipuzkoa'ko «zerate» bear du izan
naita-naiez, baiñan, Campion'ek ematen digun aditz-jokoa «ziraye» da pluzaleko
bigarren personarentzat. Jakingarri izango zaigu gai ontan bestetan bezala
Jon Mirande jaunaren iritzia: «ZIDIE: zuen «zerate» orrela esaten dugu edo
bestela «zidé» ( -e azentuduna); bi formak oso usatuak dira euskalki berean;
Campion'en «ziraye» ez dut ordea ezagutzen.
Irugarren neurtitzeko «ezta hanbat ejer», itzez-itz «ezta ain polita»
(edo «egokia») litzake (edder edo ejer «eder»en diminutivoak dira), baiñan
puntuaren eskabidez ez dugu zuzen itzuli.
Laugarren neurtitzeko «iruitera» atzizkidun aditzaren aztarrenik eztut
atera ahal izan iztegietan. Ala're «billaiu» edo olakoren baten susmoa artu
nion. Jon Mirande jaunak eman zidan argitasuna oi bezala. «IRUITERA: aditza
«irun» da eta zuen «eroan» berbera da, ots, eraman esan nai du (zuen «joan» guk
«jun» oguzten dugu). «Eraman» ere esaten dugu, jakiña; bai eta forma hybridoa
«iruman»...
Ondoren ageri den «Ba-gutzü» adizkera gipuzkeraz ba-goazkizu
Campion'ek «goatzü» ematen digu literatur-forma bezala noski. Ontaz onela dio
Zubezotar olerkariak: «Ba gutzü»: bai, literaturako forma «goatzü» litzake
dudarik gabe, baina diptongoa monoptongatuz gutzü eman bear zuen regularki,
«guatzü» arteko «etapa» izanik (halaber: joan - juan - jun)».
Neurtitz bereko «Pettarrer» euskera alkartuan Pettarrei edo Pettarreri
esango genduke. Gipuzkera jatorrean Pettarrai eta antziñakoan orain
Ondarrabia'n bezalaPettarraki... Orain balia gaitezen Lhande'ren iztegi
ederraz «Pettar» itzak zer esan nai duen jakiteko: 1'go.: «habitant des regions
basses du pays (Zuberoa'koa, alegia). 2'gn.: se dit aussi du pays lui-meme pour
ce qui concerne la basse-Soule». Beraz, «Pettar», Zuberoa behereko bizilaguna
ez-ezik naiz ta inpropioki Zuberoa behereko errialdea ere da. Bestalde ba-
dakigu, Haute-Soule edo Zubezoa goitiari Basabürü (Basabüria) esaten zaiola.
V
Lenengo ahapaldiko DEREIE aditz-jokoa gipuzkerazko «diete» da
zalantzarik gabe, baiñan, Campion'ek adizkera au «deyie» ematen du. Ona zer
dion ontaz Jon Mirande jaunak: «DEREIE: zuen «diete» da baiki; Campion'ek eman
bezala, deié mingatzen dugu beti; baina ez da dudarik jatorriko forma «dereie»
zela, aditz-erroa «-erei-» izaki (lapurtar klasikoaren «-erau-» erroari
darantzuio). Baina, ia beti bezala r bakuna galtzen da bi vokalen artean. Kantu
zaharretan, ordea, askotan delako aditz-erro osoa aurkitzen da; adibidez,
«Maitia nun zira?»-ko bigarren ahapaldian: «...hitz eman zenereitan enia
zinela...»; orain, «hitz eman zeneitan» oguzten dugu beti.
Bigarren neurtitzean EZTIENEZ, «ez dienez» da, gipuzkeraz «ez dutenez»
edo ez dutenentz», ots, arkitu ote duten ala ez Filipe Arainti, barathü
«rencontrer, se recontrer» baita Lhande'ren arabera.
Laugarren neurtitzeko «erriz borogatü», «irriz edo parrez somatu» itzul
genezake gipuzkerara. Lhande'k «borogatü» aditzak emen duen zentzua onela
itzultzen du «percevoir, ouïr» (percibir, oir).
Bosgarren ahapaldiko «behar ZIEN» gure «bear zuten» eta «aihaltü» gure
«afaldu».
Bigarren neurtitzean ageri zaigun BATHU aditz infinitivoa «barathü»ren
laburpena da zalantzarik gabe. «Bathü»k besterik esan gura baitu Lhande'ren
arabera 1.°, unir, joindre. 2'gn., recueillir. 3'gn., mettre un petit à la
mamelle de sa mère. 4'gn., accoupler, s'accoupler. Larrasketa'k ez dakar itz au
eta aipatutako esangurak ez datoz emengo bertsoaren zentzuarekin. «Barathü»
berriz ba-dakigu «rencontrer, se recontrer» dela eta zentzu au primeran dator
bertsoarekin. Jon Mirande'ri galdeturik, ona bere erantzuna: «BATHU: Lhande'ren
iztegiko zentzuak ez dira geiago ezagutuak Zuberoatar komunean. Neure
euskalkian «encontrar a alguien, rencontrer» esan nai du, eta Etxahunek ere
esangura orrekin erabiltzen du emen».
Laugarren ahapaldiko BEIKUTIE adizkera aurrizkiduna «beit-gütie» da,
gipuzkeraz «baikaitute» (bait-gaitute).
Bosgarren neurtitzarekin «ari beitzen ebia, nahi gabez busti»
zalantzan nuen, azpi zentzurik edo ezkutuko asmorik gordeko ote zuen bertan
bertsolariak, baiñan Mirande'k ez du olakorik uste. Ona bere itzak: «ez dut
uste azpi-zentzurik ba dela emen (ez dakust bederen zer litzakean). Etxahunek
erakutsi nai du soilki, nik uste, artzain oriek zenbat nagiak ziran. Egia da
bertso ori prosaiko samarra dela».
VII
Lenengo neurtitzeko DIEZU tankera alokutivoa da eta Campion'ek
dakarrenez forma arruntean «deyie» da (gipuzkeraz «die»).
Bigarren neurtitzeko ETZITZEN onela bereizten da «ez - zitzen».
Adizkera au, Campion'ek dakarrenez gipuzkerazko «zaitzaten» da.
Neurtitz berberako EMAZIE adizkeraz onela idazten nion Zuberotar
Maixua'ri: «Biotzez eskertuko nizuke zazpigarren ahapaldiko «emazie» nola
itzuliko zendukean gipuzkerara jakin-eraziko ba'zenit. Ene ustez «zatozte» da
gutxi gora behera, baiñan, Lhande'k eztu alakorik ematen bere 31 eta 2
esanguretan. Gipuzkoa'n «goazen» aurretik erantxita asko erabiltzen dugu
«aginkor» onen ordezko bezala: «Goazemak! Goazemazu! Goazamazute!». Orra, bere
erantzuna: «EMAZIE: bai, zuk ikusi bezala, aditz orrek, emen, «zatozte» esan
nai du; askotan erabiltzen da zentzu orrekin, geienetan ordea «hets» aintzinean
ipiñiz: hots emazie, hots emak; beti imperativuko bigarren presunan. Itzulpenik
onena zuen «goazemazute» litzake. Zortzigarren ahapaldian «hots» bakarrik
erabiltzen du bertsolariak, eta usantza ori ere oso komuna da; esan nai du:
ator, zatoz, zatozte, «eman»ekin erabiltzen denean bezala; baina aditzik gabe
erabiltzen denean, lenengo presunan ere erabil diteke: orduan «joan» aditzaren
esangura dauka = joan nadin (noan, euskera klasikoan), goatzan...»
Laugarren neurtitzeko DEITZIEGU aditz-jokoa gipuzkerazko «dizkizutegu»
da Campion'ek dakarrenez.
Bosgarren neurtitzeko BADEIKUZIE, gipuzkerazko «badiguzute» da
Campion'ek dakarrenez.
Bosgarren neurtitzeko SUEÑ, frantzesezko «soin» (cuidado) da
Larrasketa'k bere «Basse-Soule orientale»n dionez. Ortik, sueñatü, soigner
(cuidar). Egille onek dionez, ordea, ez dago frantzesetik artua, «soegn»
bearnes itzetik baizik (soin, application).
Neurtitz bereko ETXEKI («atxiki»ren senide) Lhande'k dionez «joindre,
soutenir, tenir au physique et au moral, adherer» da. Beraz, «sueñ hun bat
etxeki», ondo kontu egin edo ondo zaindu esango genduke gipuzkeraz.
VIII
Lenengo neurtitzeko HOTS onela itzultzen du Lhande'k: «allons! ça! sus!
voyons!». Arestian ikusi dugu Mitande jaunak dei-itz oni emandako euskal-
itzulpena. Ni, «goazen», giputz agindu otsaz baliatu naiz.
ZIDIE, laugarren ahapaldian jakin-erazi dugu «zerate» dela.
ZIETZAZ, gure mintzairan «zuetzaz».
Laugarren neurtitzeko AUHERREKI, gurean «alperrekin». ZIRADIELA, gurean
«zeratela».
IX
Lenengo neurtitzeko «Organbidexkes» itzari buruz idazten nion Mirande
adiskide onari: «Organbidexkes» Organbidexkatar da zalantzarik gabe, Baionarrei
esate baterako «Baiones» esaten dioten bezala, baiñan, badaizpada ere zure
baiezkoa nai nuke. Ona, M. Aiphasorhotarraren erantzuna: «ORGANBIDEXKES: leku-
izen bati erantsiz, -es eta -(t)ar bi atzizkiek zentzu berdiña daukate; baina
lenengoak zentzu pejorativu bat dauka askotan; adibidez, guk, «pettarrek»,
basabürüesak deitzen diegu Basaburuko jendeei: bainan berek, beren buruak
basabürütar-tzat dauzkate.
Lenengo neurtitzean ere «jeiki zieneko» adizkera bitxia dakuskegu.
Itzez-itz «jeiki zuteneko» itzuli bearko genduke, «zien» = zuten baita. Ontan
aldatzailleak izan dute erru «zien» aktivoa eta «zi(r)en» pasivoa berdin
oguzten baitute Zuberotarrek, baiñan, idazterakoan naitanaiezkoa da pasivoa
«ziren» ezartzea nahaste kaltegarri au ebitatzeko. Beraz, emen «jeiki ziraneko»
da.
AHANEN, Arhan'en edo Arhane'n laburtua da, azken -eori izen propioak
bereturik baitu noski gaurko Zuberotar euskalkian.
Bigarren neurtitzeko «hanko kharriker so» itzez-itz «ango kaleei
begira» itzuliko genduke, baiñan, benetan arritzekoa da txabolategi batean
kaleez mintzatzea. Olerkaritzan, ordea, doitasun urriko esakerok barkagarri
izan oi dira. Gaiñera, «kharrika» itzak zentzu bereizi bat izan dezake emen,
alegia, Lhande'ren «chemin bordé de cloture», ots, esiz inguratutako bidea.
Auzi ontaz onela mintzo zaigu Jon Mirande jauna: «Egia da «karrikarik»
txaboladi batean aurkitzea gauza bitxia dala; ezen guretzat «kharrikak» bi
zentzu auiek ditu: 1.º auzo bateko zentroa, bertan etxeak elkarren ondora
bildurik baitaude (aitzitik, auzoko eremua, nekazarien etxeak sakabanatuta
baitaude, «basa-bazterra» da); 2.º uri bateko kharrikak: = calles, rues (naiz
bigarren zentzu orretan, geienetan, orain, «arrüak»... esaten dugun). Bainan ba
liteke, zuk uste duzun bezala, Aita Lhandek daman zentzuan erabiltzen duela
emen Etxahunek: au da, «olha» edo txabolen arteko bideak.
BERRI GALTHO, berri eske eta azken neurtitzeko GAIAN, gure «gauan».
X
Lendabiziko neurtitzeko «eztizü lanjerik», gurean «eztu arriskurik».
Aditza alokutivo tankeran dago.
«Batño bat beitzian zinez ñaphürtürik» neurtitza itzultzeko asi
gaitezen aztertuz «ñaphürtü» itzak zer esan nai duen. Aditz orren ama ÑAPHUR
da. Itz au «gourmand, friand» (goloso, apetitoso) itzultzen du Lhande'k lenengo
zentzuan. Bigarrenean: «bétail qui envahit le terrain d'autrui» (besteren
lurraldetara jotzen duen aberea edo azienda). Irugarrenean: «homme qui
recherche la femme de son prochain» (bere lagun urkoaren emaztea billatzen duen
gizona). Zalantzarik gabe, itz au gure «lapur»en senide da eta «ñaphurra» era
batean edo bestean lapurra da, naiz aberetan (auzo soroetan jatera sartuz) naiz
gizasemetan (lagun urkoaren emazten ostuz). Gurean, ordea, «lapur»ek eztu
«ñaphur»ek duen lapurketako azken matiz au aditzera ematen eta onetxegatik nere
gixa itzuli dut. Beraz, itzez itz Bigarren neurtitza onelatsu emango genduke:
«Battxo bat baitzuen benetan lapurturik» (gizonezko batek osturik).
Azken neurtitzeko DIAGOU, «dago»ren forma alokutivoa da Camipon'ek
dakarrenez.
Ahargo eta Kanbillu
I
Ahargo eta Kanbillu
Ardüra da hetan lanhu.
Aspuidian ebili hiza dendariaren ondun?
Gantza loditzen hasi ziok, gaxua, sabel-ondun.
Ahargo ela Kanbillu,
Maiz oi da oietan laiñu,
Aspaldi ontan ba-daukazu jostun polit bat katigu,
Gaixoak sabeleko gantzak loditzen asiak ditu.
II
Barkoxe Bürgübüria,
Aizuan Larragorria.
Amoros batek salhatü dizü kurrunkaz bere büria:
Zeren etzen leihoti jauzten, gaizo asto handia!
Burguburua Barkoxe'n,
Larragorria ondoren.
Maitari bat zurrunka ari bere burua salatzen:
Asto aundia! obe ukek saia leiotik saltatzen!
III
Ebili naiz Oloru'en,
Olho erosten manduen.
Hüllantxiago merkexiago: olhua franko Barkoxe'n.
Olho franko Barkoxe'n, hi bezalako astuen.
Ibilli naiz Oloru'en,
Olo bearrez, erosten.
Urbilxeago merkeago «oloa» (1) franko Barkoxe'n.
I bezalako astoentzat ditek ugari ematen.
(1) Zigorra.
I
EBILI HIZA, gipuzkeraz «Ibilli al-aiz». DENDARI: garai batean ala
esaten zitzaion Euskalerri guzian «jostuna»ri. Orra, erakusgarritzat,
Gipuzkoa'ko kantu zaharra «Donostia'ko iru damatxo Errenteria'n DENDARI».
Irugarren neurtitz au libre xamar eman bear izan dut puntuaren eskabidez.
Laugarren neurtitzeko «hasi ziok», gipuzkerazko «asi zaiok» da. Au
dala-ta, gramatikari dagokionez, «hasi ziok, gaxuari» bear luke jatorrizko
testuan. Jon Mirande jaunak aditzera emanen digu zergatik etzuen erabilli
Etxahun'ek forma zuzen au. «Guk ere esango genduke dio Zuberotar Maixuak,
dudarik gabe, dativuarekin: «gantza loditzen hasi ziok gaixuari sabel ondun»,
esakuna geldiunerik gabe mintzatuz. Bainan, izkuntza mintzatuan, zillegi da
«gaixua» bi geldiuneren artean mintzatuz, Etxahunek bezala erraitea: «gantza
loditzen hasi ziok, gaixoa, sabel ondun»; edo-ta «gaixoa, gantza loditzen hasi
ziok sabel-ondun» edo «gantza loditzen hasi ziok sabelondun, gaixua». Gaixua,
emen, dei-itz edo interjekzio bat baizik ez da, esakunetik aparte egon
ditekeana; orrengatik ez du esakuneko aditzarekin lokarri tinkorik eta, beraz,
ez du dativoan izan bearrik. Jakiña, ori izkuntza mintzatuko gertaldi bat da,
eta ez nuke orrela estilo jasoan idatziko. Baina iduri zait emen bizitasuna
ematen diola bertsoari».
II
Puntuaren aldatu bearrez, ez ditut itzez-itz irauli bi lenengo
neurtitzak. «Bürgübüria» eta «Larragorria» Barkoxe'ko etxe-izenak dira.
Larrasketa'k dio: «Bürgübüria»: cette maison n'existe plus, mais Larragorria
est la dernière maison du bourg, à gauche dans la direction de Mauleon».
Irugarren neurtitzean «dizü», euskalki bereko «dü»ri (gure «du»)
dagokion alokutivo tankera da eta «kurrunkaz» gure «zurrunkaz».
III
Lenengo neurtitzean «Oloru», Biarno'ko Oloren iri aipatua dela jakin-
erazi dezagun aurrena.
Ahapaldi ontako bigarren neurtitza itzez-itz itzulirik, onela litzake:
«Olo(a) erosten mandoentzat». «Hüllantxiago», gure mintzairan «urreraxeago»,
«urbilxeago».
Irugarren neurtitzean «olho» itza zentzu irudikorrean darabil, «Bi
ahizpak» deritzaten bertsotan bezelaxe. Larrasketa'k bertso oarpean onela dio:
«Olho franko: avoine; employé ici dans le sens du pluriel: «coups de baton»: le
poète suggère que le maladroit amoureux a reçu son dû...». Zentzu oni atxikirik
ikus dezakegu maitari edo amorante gizajoak bereak eta asto beltzarenak jaso
zituela.