Bidean alkarrekin
Irigoyen'dar Roman
A'tar L. ta E'tar M'ri. beren
ezkontzako zillar-eztaietan
(2-10-51)
I
Mendi batera igotzea lez
da gizonaren bizia:
be-beian jaio ta goi-goian ill,
bien artean egia;
egian, naste, poz eta neke,
aize eder eta izerdia.
Bideko pozak ondo ausnartu
ta izerdi pitsez bustia
dagon kopeta txukatutzeko
lagun ona berextia,
deritzait... pozak ugarituaz
miñak erdi-banatzia.
II
Gora ta gora goazelarik,
neke-pean erortzean
oso gogoz ats egiten degu:
jarri zugaitz itzalean,
azpian belar eze biguna,
zeru garbia gañean,
garo usai ta abere taldeen
«dulun-dulun» otsa aidean...,
ta an, ao-betez arnasa arturik,
indar-berritu artean,
begiak erne, ikusi nundik
ta nola araño jun geran.
III
Eta ikusi an beian, urruti,
etxe txuri taldetxoa
eliz-babesan goxo bildua:
gure erri biotzekoa!
(Antxe biori sortu zitzaigun
bat izateko asmoa...)
Andik bidea, sube antzean;
ezker-eskubi, soroa;
beian ibaia, basoa goian;
an, berriz, leitza-zuloa,
basoko pizti bildurgarrien
ao zabal antzekoa.
IV
Bizia mendi baten antzeko,
ta mendian guk aurrera,
gora ta gora beti jun bear
bere gallur ura artzera.
Asieran bi bide genitun,
biurtu ziran batera,
alkartu giñan, eta geroztik
bideko lagunak gera.
Antxe beartu giñan lore ta
pozak erdi-banatzera,
ta izerdi, neke ta naigabeetan
beti leial laguntzera.
V
Eskerrak, Jauna, eskerrak Zuri
nere almen guziakin:
Zure laguntza ta gugan pixtu
zan maitasun suarekin,
gaur ogei ta bost urte ditugu
mendian-gora alkarrekin,
beian utzirik, an eta emen,
zorion ta negar zotin...
Zillar-eztaiak...: zugaitz azpian
orain jarriaz ats egin
eta aspaldiko gertakizunak
berritzea... bai atsegin!
VI
Nola ez bada, Maria, nola
kontuzarrak ez oroitu?
Gertaera aiek oroitzean, gaur
berriz bizitzen ditugu...
Gaztea nintzan, ta biotzean
bakartasuna nabaitu;
lagun on asko, baña lagunak
ezin ninduten sendatu,
nere biotza maitasun-miñak
bai zun bizi-bizi ikutu...
Orduan zugan begiak jarri,
ta zu zindun aukeratu.
VII
Nik ezin aztu gero izan nitun
buruauste ta izerdiak.
Itz egitea bear-bearra,
baña ango ixtillu gorriak...
itz bai..., nola, noiz ta nun, ordea...?
ba-ziran egun larriak...
Artan, bein batez, zure ondotik
igaro, bion begiak
alkarri une bat begiratu...;
zureen «diz-diz» biziak
ta «agur» xamurrak, kendu zituzten
nere ezta-baida guziak.
VIII
Beldur guziak utzi nitula...?
Nik orduan bai uste izan...
Bereala amets goxo atsegin
artatik esnatu nintzan.
Ainbeste gauz nik esatekoak
ta itz bakarrik ezin esan...:
«dar-dar» gorputza, legor eztarri,
odolik gabe zañetan,
itz-aldi ondo antolatua
amaitu nitzun bi itzetan...
Oraindik ere par egiten det
gauz oiek buraratzean.
IX
Lanean baño nekatuago
geratu nintzan ondoren:
larritasuna, ezin-egona
ta beldur asko barrenen;
izerdi otza kopetan; begi
ta belarri erne zeuden...
Ta zuk, Maria, laixterka arnasa,
esku biak egortzitzen,
koloreak jun eta, etorri,
lur aldera begiratzen...
egon-aldi bat..., gero, ixil-ixil
baietz erantzun zenduen.
X
Baietz, Maria, baietz erantzun!
Ura zorion betea... !
«Bai» bakar arrek, ixilla, baña
zenbat esan nai, ordea...
«Bai» ura izan zan nere naigabe
guzien sendagillea;
gure biotzak sendo lotuta
ipintzen zitun katea;
arteko gure bizitzak utzi
ta berri baten bidea,
ta gure sendi onen azia
ta oñ-arria jartzea.
XI
Gero etorri ziran egunak,
zer egunak izan ziran...
Gu biok bezin zoriontsurik
bai ote zeru azpian...?
Gure poz arrek, gañezkatuaz,
guzia alaitzen zun biran:
alai kanpoan soro ta mendi,
alai txoriak aidian...
Ta guk... nola ez...? guk, zeregiñak
amaituta, illun-sentian,
aspertu ezin, zenbat itzaldi
Martillun'go atadian...!
XII
Ametsak amets ziran artean...
Jaungoikoak nai, ordea,
mendian ziran bi bide aiek
aurrera bat egitea
ta bide bakar artan, ill arte,
alkarrekin ibiltzea...
Ta ametsak egi biurtu ziran...
Bai goxoa esnatzea...
Gaur ogei ta bost urte izan gendun
mendi-gorantz alkartzea...
Gaur ogei ta bost urte lenengoz
deitu nitzun «emaztea»...!
XIII
Egun aundia gañeratu zan...
Gabez, begiak zabalik,
oiean nintzan poz eta kezkak
nere loa galazirik.
Poza, aspaldiko gure asmoak
gaiñ-gaiñean ikusirik;
gure bizitzak, len bi ziranak,
bat egiten oarturik.
Etorkizuna jakin ez baña,
ta kezka-re ba-nuen nik.
Kezka ta poza: erne egoteko
gutxi, noski, gauz oberik...
XIV
Goiza aurreratzen, lagunekin bat
egin da elizaratu...;
etorri apaiz jauna, ta txandan
zuri ta neri galdetu
«senartzat artzen...?; zuk emaztetzat...?
«senartzat artzen...?; zuk
amairu diru ta eraztunak
apaiz jaunak onespendu
ta ipiñi nere beatzean bat,
zure eraztuna nik artu,
bere tokian sartu; diruak
zure eskuetan pillatu...
XV
Esku banatik artu apaizak
ta aldare aurrean jarri...;
Meza...; orduan barrena oso
lasaitu zitzaidan neri.
A, zenbat esker bero biotzak
ta zenbat otoitz Jauna'ri...:
Gure sendia bere-beretzat
eskeñiaz Jesus'eri,
arren eskatzen nion laguntza
eman zezaigula guri...
Ogei eta bost urte... baña atzo
iruditzen biotzari...!
XVI
Ta elizatik alai atera
gu, lagunak ta sendia;
jaia alaitzeko, an ikusten zan
goian alai eguzkia;
ango «zorion» eta «urte askoz»
ta «gora sendi berria»...!
Gero, Zarautz'en, alaitasuna
gañez zala, bazkaria;
urren, batetik bestera, erriz
erri, zu ta ni, Maria...
Lendik asmoak amets ba-ziran,
egun ura ametsgarria.
XVII
Artean biok «zu» ta «ni» giñan,
Maria; ondorendik, «gu»;
«zure» ta «nere» ziran guziak,
orduan «gure» biurtu:
sendi..., ondasun... etxe, guziak
gure-gureak ditugu;
poza etxean sartu danean
beti biok gera poztu;
negar-aldia zala gurekin,
malkoa alkarri txukatu.
Ta korapillo au, eriotzak
ez bada, ezin askatu.
XVIII
Orain poza ta gero negarra;
beti baña maitasuna...
Maite izatea, senar-emazteen
berdin-bageko ondasuna,
alaitasunak ugarituaz
gurutzea arintzen duna,
zeru txiki bat Jaunak lurrean
jarri nai izandu diguna...
Ogei eta bost urtetan ori
guk ezagutu deguna.
Eskerrak Zuri, bear bezela,
nola eman, nola, Jauna...?
XIX
Gau ta egunen antzera, txandan,
diranez poz-naigabeak,
zenbat poz eta zenbat naigabe
izandu dira gureak...
Pozak...: erririk-erri alaitsu
egindako iru asteak;
gure etxetxoan lenengoz sartu
ta ango gauz-antolatzeak;
sasoi artako otordu, kontu
ta asmo ametsez beteak...,
poziez lertzeko ez-al-gendun-ba
bi ezkonberri gazteak...?
XX
Zorion ura gañezkatzeko,
semetxo ta alabatxoak,
gu alaitzeko zazpi aingeru
zerutik jetxitakoak...
Nolako pozak lenengo aldiz
ematean «pa» goxoak!;
ta bataioko jai-egunetan,
ta azaltzean « kikatxoak»,
ta «taka-taka» txutik astean,
ta Jaun-artze egunekoak,
ta jolasean alai ikusirik,
ta asko geiago orlakoak...!
XXI
Ta beste milla zorion-aldi
ez dauzkat, ez, nik aztuak...:
erbesten iru urte egin nik, ta
gure etxean izanduak;
senditar danok anai bezela
maite izateak ditunak;
baita-re ikustez gure lan, neke
ta izerdiak sarituak;
baita..., guziak nik ezin esan,
asko ditugu ta artuak:
sarritan gure alde zabaldu
ditu Jauna'k bere eskuak.
XXII
Pozak, ordea, sarri ondoan
zalantza ta zori-txarra...
Artean txiki-txiki Joxe Luix,
gure semetxo bakarra
ta gaitzak bere mende arturik
ba-zan etxean negarra...
Geroztik noiz-nai, bat oñazetan
edo besteak sukarra,
seaska aurretik aldatu gabe,
nai-gabez lertu bearra,
garbi azaldu dezu, Maria,
maitasunaren indarra.
XXIII
Eta gu'tarren eriotzakin
ixuritako malkoak...
Ze ustasun utzi ziguten gure
senide ta gurasoak...
...Ta Bergara'ko «agur» samiñak
amaitu ezindakoak... !?
Gero, gorputzez iru urte Prantzi'n,
baña Altza'n beti asmoak.
Artan..., naikoa ez bakar-miña
ta ala nai zorigaiztoak,
iges zerura, laztan bat gabe,
Jon Andoni potxoloak...
XXIV
Sarri-sarritan izan oi dira
auzo beroa ta otza,
ura ta sua, on eta txarrak,
sasoia ta eriotza.
Sarritan gure bizitzan ere
atsegin ta min zorrotza;
txandaka batak eta besteak
ikutu dute biotza.
Benaz astuna neke ta miñak
jartzen diguten morrontza,
baña zeruko bideak, lore
baño geiago arantza.
XXV
Zugaitz ondoan aize ederra artu
begira gora ta bera,
guztiz atsegin, Maria, izan da
gure gaurko egoera;
nekeak utzi, asnas lasaitu,
baita indar-berritu gera.
Altxa gaitezen orain, ta ekin
berriro gallur aldera.
Baño lenago jaso biotzak,
makur belaunak lurrera,
ta zeruko Jaun onari otoitz
daiogun biok batera:
XXVI
«Zillar-eztaiak ditugula-ta,
geiago ezin alaitsu,
Jesus, gaur emen zure oñetan
Maria ta ni gauzkatzu.
Umetxu argal batzuek gera;
Zuk guzia dezakezu.
Zugan sinistu, Zugan itxaron
eta Zu maite zaitugu...
Biotz barrendik dijoazen itz
auek ontzat artu-itzazu
ta oraindaño bezela, Jauna,
aurrera lagun gaitzazu.»
XVII
«Ogei eta bost urte abetan,
aldiz alai, aldiz illun,
seme-alaba taldea Zure
lege-pean azi gendun.
Zuri eskeintzen dizkizugu gaur
sendi, poz ta samintasun...
Egin, Jauna, arren guk lurrean Zu
maitatuaz gau ta egun,
zeruan berriz bat egitea
guraso, semetxo kutun
ta senideekin, danok ostera
sendia an osa dezagun.»