Etxahun'en bertsoak gipuzkeraz
Aldapeko
Gaztalondo'ko neskatilen
I
Bi berseten huntzera nüzü abiatzen,
Gaztalondo handiko neskatila gazten.
Nahi othe dütienez dirade trüfatzen;
Intertan gaxuak etxetan zahartzen.
Orra non asten naizen bertso batzuk jartzen,
Gaztalondo'ko neskak aditu ditzaten.
Naitasuna dienaz dira maxiatzen,
Orrengatik gaixuak dira neskazartzen.
II
Hamar etxekalhaba ba-dirade aizo:
Nurk zer estakürü din bethi dirade so.
Algargana bil eta erriz-erriz gero:
Ai! Zer denbora hori! Eztait nuiz artino!
Amar neskatxa gazte dira auzokide,
Kale aitzeki billa beti ernai daude.
Alkarrengana bildu algara ta parre;
Ai zer bizimodua! Ez jakin noiz arte!
III
Gaztalondo handiko hiru etxekalhaba
Abiatü izan dira Maidalena'ra.
Bideti ützülirik juaiten Landa'ra,
Entzünik xalantak zaitzela jun hara.
Gaztalondo aundiko iru neska gazte
Madalena aldera abitu dirade.
Bideari utzirik, Landa'ra jo dute,
Mutillak an direla ikasi baitute.
IV
Sentorale haiek egüna segreki
Igaran ükhen die Muntorieseki;
Utzültzian horra Soskori aldeti,
Madalena'n zirela erakusti gati.
Erromes neska aiek eguna ixilik,
Muntori'n pasa dute mutillekin pozik;
Etxera itzultzean, orra Soskori'tik!
Madalena'n zirela erakusteatik!
V
Persuna gaixo horiek etxera ziradin
Uha eta eñhez ziren ezin bestin;
Flakatürik zirala plañitzen ziradin,
Ezi bidaje handin izan beitziradin.
Pertsona gaixo oiek etxera etortzean
Neka-neka egiñik, ezin egonean,
Makaldurik zeudela kejatzen zirean,
Ibiliak baitziren bidaldi luzean.
VI
Etxekuak arratsen trixtetzera dira,
Beldürtürik alhabak eri dütiela,
Ezpeiteiere jaten üsatü bezela
Landa'n jan baitükie kustilla sobera.
Etxekuak arratsen goibel jartzen dira,
Bildurturik alabak eri dituztela,
Ez dutelako jaten oi duten bezela,
Landa'n janik baitaude saieski sobera.
VII
Neskatila gaztik ohilatü arrunt,
Amek terrixot bat begiratü ondun,
Horiek ez nahi, alegia ez hun!
Landa'rik beitie bia phitxer kholkün.
Neskatilla gazteak oiera segidan,
Amak baso bat ardo diotela eman;
Txarra dela egiñaz, ez dute nai edan,
Irentsi baitituzte biña pitxer Landa'n.
VIII
Muntoiesak, ziek naizi'estunatzen:
Barkoxe'n tüzieia emaztik txerkatzen?
Untsa dakizie eztiela zien,
Ezpa'zie haboro biñatze lanthatzen.
Muntoritarrak, zuek nauzute arritzen:
Barkoxe'n dituzute andreak billatzen?
Orra, bada, nik esan, jai duzute emen,
Ezpa'duzute masti geiago aldatzen.
IX
Muntoi'ko mothikuk, abisa zitie:
Landa'n emaztiak haita itzatzie:
Hurak kuntent dira godalerik gabe,
Mestüraz eta broiaz asia ba-die.
Muntori'ko mutillak ernai zabiltzate,
Landa'n zuen andreak auta itzazute;
Aiek kontentu dira ardorikan gabe,
Taloaz eta aiaz asetuak daude.
X
Barkoxe'k'emazten üsatü legia:
Zopak jan tienin, arduz godalia!
Ez Muntoin bezala, hur erdi lohia
Bargera-xilutara üharriz bildia!
Emakumeak Barkoxe'n dute usario,
Zopak jan aurrena-ta basoa ardoz gero;
Ez Muntori'n bezala, ur zikiña naiko
Erreketan bilduta, ai zer pozkario!
XI
Barkoxe'n nahi denak gaiaz paseatü,
Zaragollak behar-tü untsa butuatü:
Ezi faxeria izan zaikü heltü
Emaztek diela gizun bat osatü.
Barkoxe'n nai dezanak gauaz paseatu,
Galtzak bearko ditu arras ongi lotu;
Izan ere gogorrak ditugu aditu:
Emakumek gizon bat dutela irendu.
XII
Gaztalondo handin, ibar-lür gizena!
Sentho ere beita han azirik dena,
Hankorik hartzera ihur ezin deña,
Beldürrez hen heztik eman dizen phena.
Gaztalondo aundian ibar-lur gizena,
Sendo askoa beita an azitzen dena;
Iñor ez da ausartzen an andre artzea,
Bildurrez ezitzeak neke ematea!
XIII
Gaztalondo handiko ahüñe senthua,
Eri lüzaz egonik, iruski sendua!
Zure gaitza baliman etzüzün, gaxua,
Arauz gaiherdiko zerena gaxtua!
Gaztalondo aundiko antxume sendua,
Eri egon ondoren, zoriontsu ua!
Ire gaitza, iñolaz, ez ukan, gaixua,
Gauerdiko intzaren irudi gaiztua!
XIV
Gaiherdi alteko zerena ümitik
Eritzen ümen-tü neskatila gaztik.
Eta sendotzeko behar hilabetik:
Hiru, lau, bost, sei, zazpi, zortzi, bederatzik!
Gauerdi inguruko intzaren eziak
Eritzen omen ditu neskatxa gaztiak;
Berriz sendatu arte, zer illabetiak!
Iru, lau, bosi, sei, zazpi, zortzi, beratziak!
XV
Neskatila gaztik, abisa zitie!
Gaiazko zererari ihes egizie:
Segretian zunbait libratürik ere,
Jakiten direnak haboro dirade.
Neskatilla gazteak erne zabiltzate,
Gauerdiko intzaren iges joan zaitezte;
Isilpean banaka libraturik ere,
Jakiten diradenak makiñabat daude!
XVI
Khantoren egilia da ezkuntzeko,
Emazte baten nahiz mudela huntako:
Edale, gormanda, ahuel, «mari-mothiko»:
Gaztalondo'n fida niz ediren halako.
Bertso oen egillea dago ezkontzeko,
Emazte baten naiez iduri ontako:
Edale, jale, alper ta «mari-motiko»,
Gazlalondo'n ziur naiz dutela arkituko!
I
«Bi berseten huntzera nüzü abiatzen», esaten digu Etxahun'ek
Gaztalondo'ko neskatillai eskeiñitako ziri-bertso zoragarri auetan, eta lasa-
lasa amasei bertso edo aliapaldi botatzen dizkigu. Beste nunbait, berriz, «Bi
berseten huntzera niz abiatzen» (Sur un procés... Lhande-Larrasketa'ren
77'garren orrialdean) eta amar ahapaldi jartzen dizkigu illaran. Berebat «Bi
berset horiez» eta amar bota (70'gn. or-ald.) eta «Bi berset dolorusik» eta
amasei kantatu gutxieneko... (87'gn. or-ald.). Gaiñera, Etxehun'ek noiz-nai
darabillen «berset» itza ez dakarte Lhande'k eta Larrasketa'k beren iztegitan
eta gaurko frantzesean itz onek (verset) beste zentzu bat dauka, gaztelerazko
«versiculo», alegia. Ona, guztiontaz Jon Mirande-Aiphasorho Zuberotar
euskaltzaleak ematen dizkigun albiste zoragarriak:
«Berset» itzak esan nai du, nik dakidan zuberotar euskalkian,
«ahapaldi» edo erderaz «strophe». Emengo erderatik jesana dugu itz hori,
dudarik batere gabe, eta egia da gaurko frantzesean «verset» itzak Biblia'ko
«versiculo» baizik ez duela esan nai; bañan leenago, «verset», baita «vers»
itzak ere, neurtitzetan egindako edozein komposizinoa adierazten zuken;
zuberoatarrez ere, naiz «berset» ahapaldi bat izan stricto sensu, neurtizketa
esan nai du lato sensu (cf. Etxahun ta Otxalde'ren arteko kobletan, 2'garren
ahapaldian «Bersetez eztüzü (id est Etxahun) hanbat orai oküpatzen»). Bestalde,
jakin bear duzu «bertso» itza ez dugula erabiltzen, orain beintzat, ez eta
«bertsolari» itza ere (1); neurtizlari errikoietan «koblakari» deitzen diogu
beste batekin neurtitz gudukan diardunari (naiz ez darabilgun «kobla» itza), ta
«khantore-egile» edo (bakanago) «berset-egile» edozein neurtitz suerteak egiten
dituenari. «Bi berset» egitera dijoala diosku Etxahun'ek, eta amasei botatzen
dizkigu, bañan ori mintzatzeko manera bat besterik ez da, susmatu duzun bezala,
«zenbait» adierazteko. Gisa berean, ene senitarteko emakumeek onela asi oi
dituzte guri igorritako eskutitzak: «Bi herroka igorten deiziet gure berrien
zier emaiteko...» ta gero, ba dira berrogoi t'amarren bat «herroka» edo lerro
olako... Frantzesez ere esaten da: «Je vais vous dire deux mots...», naiz
berrun esatera zijoazen...».
Ahapaldi berberan beste esakera bitxi au ageri zaigu: «Nahi othe
dütienez dirade trüfatzen». Itzez-itz: «Maite ote dituztenaz dira (de)
maxiatzen». Aditz-jokoaren aurreko othe orrek txunditurik uzten gaitu alderdi
ontako euskaldunak. Ona emen, bertso-lerro oni buruz Mirande jaunak dasaiguna:
«Nahi othe dütienez dirade trüfatzen»: ori ulergaitz samarra da, Zuberoatar
batentzat ere: geienetan «trüfatzia» norbaitez burlatzea esan nai baitu ta
orduan neurtitzak «se burlan de los que las quieren» esan nai luke, BAÑAN
«OTHE» ORREK BA DIRUDI SOBERAKIN LITZAKELA; alaz ere, nik uste dut «trüfatzia»,
ez bakarrik norbaitez burlatzea, bañan baita «gauza bati ajolik ez ematea» esan
nai duela ta orduan «-ez» (dütienez) ori ez litzake «mediativo» delako izen-
kasua, baizik «dubitativu» aditz-terminazioa (laburdi-benafarreraz «-etz) eta
zentzua litzake «les es indiferente si acaso se las quieren (o no») (2),
akzentua «dütiénez» izaki. (Lenengo kasuan «dütienéz» litzake). Neurtitza
orrela akzentuatuz (dütiénez, alegia) irakurri diet Zuberotar zenbaiti, ta
zentzua goian esan bezala erantsi diote». Arrazoi mardulak botatzen dizkigu
Zuberotar olerkariak bigarren zentzu onen alde. Ni neu ere ortaratu nau
zalantzarik egiteke. Alabaiña, gu librexamar ari geran ezkero gure itzulpenean,
lenengo interpretaziñoa errespetatzea erabaki dut, zentzu onekiko soberakin edo
eragozpen litzakean othe baztertuz eta «trüfatü»ren ordez «maxiatu» Gipuzkoa'ko
itz xarmanta erabilliz. Iñork, ordea, itzez-itzezko zentzuari obeto
ba'lerizkio, bertantxe ipiñiko dugu au ere, eta bakoitak nai dezana auta beza:
Orra non asten naizen bertso batzuk jartzen,
Gaztalondo'ko neskak aditu ditzaten.
Maitatuak diranentz eztira kezkatzen,
Orrengatik gaixuak dira neskazartzen.
Neurri-mugak eskaturik «ote» kendu bear izan dugu, baiñan, eztu ere
bear-bearrezko esaldia zalantzakorra izan dadin. Ala ere, obekiago matizatuta
legoke «maitatuak ote diranentz», ots, maitatuak ote diran ala ez. Neurriak
bearturik, guk nai bezala borobiltzerik eztugulako ahal izan bertso au, beste
esangurari nagusitasuna eman diogu.
(1) Ala ere, oartu naiz, Etxahun'ek, iñoiz edo, «bertsularia» esaten duela («Bi
berset horiez», 70'gn. orrialdean).
(2) Danok dakigu -etz edo -entz atzizkiak (egingo duenentz), egingo duen ala
ez, esan gura duela.
III
Landa, Zuberoa eta Biarnoa mugaldeko iri baten izena izaki;
frantzesezko izen ofiziala Lanne dizu. Maidalena, berriz, Atharratze, Zalgize
eta Barkoxe arteko baseliz goitia. «Xalanta», maita-laguna, amorantea da.
Jatorrago iruditu zaigu, ordea, bere truk «mutillak» jartzea.
IV
Frantzesezko Montory oraingo euskaldunek Muntori edo Muntoi esaten
dute. Forma au, ordea, euskerakizun bat besterik ezta,, Motriko, Mutriku bezaia
edo Mondragón, Mondragoe. Alabaiña, Montory'k ba-dizu euskal izen zaharra, ots,
Beroriz, Berorize. Izen au, ordea, gaur ezaguna eztalako eta neurriz silaba bat
geiegi artzen zuelako (Mun-to-rin, batera eta Be-ro-riz-en, bestera), gaurko
euskerakizuna erabiltzea erabaki dut. Gaiñera, Etxahun'ek ere izen au darabil.
Azkeneko bertsoa, «Madalena'n zirela erakusteatik» barkakizun bekit. Neurriak
bearturik beste errankizun batera ez jotzekotan bi ateraldi nituen: «erakuste
gatik» edo «erakusteatik». Egia, azkeneko ontan kausagarri den atzizkiaren «g»
letra galtzen dela, baiñan, bertsolarien artean zillegi da galtze au eta ezta
bestea bezain gogorra gertatzen.
V
Ahapaldi ontako bigarren neurtitz-lerroan «Uha eta eñhez» dio
Etxabun'ek. Eñhe = neke da. «Eñhea, eñheia, = fatigue, peine, diotsa Lhande'k,
eta frantzes jatorrikotzat dauka itz au, izarño bat ipintzen baitie
aintzinetik. Orobat Larrasketa'k, «enhe, eñhe, = se fatiguer; eta jatorriaz
onela dio: «mot apparenté prob. au fr. ennuyer, mais la forme directement
empruntée est difficile à preciser». Uha, Lhande'ren iztegiak (Larrasketa'k
eztakar) «bato» itzultzen du. Guztiontaz, Mirande Aiphasorho jaunak eman digu
albiste ederrik: «Boskarren ahapaldian: «uha eta eñhez ziren ezin bestin»;
«uha» onomatopeia bat da, frantzesez «uf» bezela, indarka bat egin ondoren
ateratzen den asperena. (Ba dakit «uha» edo «uhe» makilla ere dela euskalki
batzuetan, bañan Zuberoan ez dut sekula itz ori entzun; «makhila edo «zahá
(r)o» esaten dugu). «Eñhee» aldiz, nekadura da; eñhatu = nekatu; eñherik =
nekatuta. Mitxelena'k esan zidanez darraikio Zuberotar olerkariak, gure itz
ori esakera komun zatekean «aunatu»'tik dator, ta izpidean dagoela deritzait».
Nik, auxen besterik eztut gaiñeratu bear: «Uha eta eñhez»'en ordez,
gipuzkerazko «neka-neka» esakera polita ezarri dutela. Azken ahapaldiko «ezi»
(donc, puisque, car, en effet, Lhande'ren itzulpenak), aditzari «bait»
aurrizkia erantxiz gipuzkeratu dugu.
VI
«Ezpeiteiere», Larrasketa'k «ezteielakoz» itzultzen du eta guk itzez
itz «ez dutelako» itzuli dugu. «Jan baitükie» (baitukete), ene ustez, «jan
baitute, noski» itzuli bear da. Ala ere, itzulpena libreago eman dugu, ots,
«janik baitaude».
VII
«Ohilatü arrunt», «se coucher tout de suite», itzultzen du
Larrasketa'k. Urbil-urbilletik jarraitu natzaio zentzu oni. «Terrixot», katillu
da, baiñan guk baso itzuli dugu: ez, noski, orain ardoa basotik edaten delako
antziña ba-dakigu katillutik edaten zena eta oraindik orain ere Galizian
oitura ori da neurtitzaren eskabidez baizik. «Landa'rik beitie bia phitxer
kholkun», ene ustea zenez eta Mirande jaunak sendoetsi didanez, ez da itzez-itz
artu bear, alegia, biña pitxer kolkuan gordeta etortzen zirela, bi pitxer ardo
edanda etortzen zirela baizik. Itzez itz ezpada ere, zentzu onekin itzuli dut
nerean. «Bia», «bira»'ren laburpena da, Jon Mirande'k gaztigatzen didanez eta
Lhande-Larrasketa'k dakartenez eta bere esangura «bakoitzak bi» omen, ots,
gipuzkerazko bina edo biña. «Alegia» itzaren zentzua Zuberoa'n, Lhande'k eta
Larrasketa'k dakartenez «en simulant» oi da, ots, gaztelerazko «simulando»,
«fingiendo». Nire itzulpena irudi ontara artu bedi: «Txarra dela (itxurak)
egiñaz, ez dute nai edan». Euskerari zillegi zaizkio orrelako murrizteak, batez
ere itz neurtuak agindurik.
VIII
«Tüzieia» aditz-jokoa bitxi eginen zaie, noski, gure alderdiko
euskaldunai. Ori esakera ditekenik ere ezin sinisteraiño, bearbada. Populuak,
ordea, aditz-jokuok lepo-eginda erabiltzen ditu geienbat. Osatzen baldin
ba'dugu, ordea, «dütüzieia» gelditzen zaigu eta au, gure «al-dituzute» izaki.
«Untsa dakizie eztiela zien» (ongi dakizute ez direla zuentzat), neurriak eta
oskidetasunak eskatuta lasaiki itzuli dut, giputz-bizkaitarren esakera polit au
sartuaz: «jai duzute», ots, denbora galtzen ari zerate, zer egiñik ezpaiduzute.
«Biñatze», zalantzarik gabe «mahasti» bezala darabil emen Etxahun'ek.
Larraketa'k eztu aipatzen itz au, eta Lhande'k inguruka. Onek, «mahasti»
adierazteko «biña-berse» eta «biña-berje» itzak jartzen ditu. Biña-berjetu, -
tze, Zuberoa'ko Zalgize'n, «planter un champ en vignes» omen. Nik, neurriak
bearturik «masti» jarri bear izan dut. Barkakizun bekit.
IX
Ahapaldi ontan ezer gutxi daukagu esateko. Soilki, auxe: «Godale»,
salda eta ardo nahastea omen eta Larrasketa'k dionez eltzekariaren ondoren
artzen da. Bearnesez «goudale» esaten dute, aipatutako jaun apezak dionez, eta
Lhande'ren aburuz frantzes zaharretik dator itz au. Guk, «ardoa» itzuli dugu
soilki.
X
Ahapaldi ontan «arduz godalia» esaten digu Etxahun'ek. Au, ene ustez
bitara interpreta diteke: Godalia, ots, ardo-salda, ardoaz laguntzen zutela, au
basotik edanaz, edo bestela, godalia saldari esaten dio soilki eta ortara,
arduz godalia izanen litzake egiazko godalia, ots, ardo-saldo. Zalantza
auekatik itzulpena libre eman dut, «basoa ardoz» jarririk. Baiñan, ez legoke
gaizkiago «salda ardoz», zentzua orrela dela jakin ezkero. Bi azken neurtitzak
oraindik lasaiago itzuli ditut giputz-mintzairak ala eskaturik, batez ere
«bargera-xilutara üharriz bildia» (erreketako bargera-zulotara uraren oldarrez
bildua). Mirande'k iaioki aditzera emanen digu orain zernolako ziren «bargera-
xiluak». «Barga» zen leenago dasaigu Zuberotar olerkariak liñua garbitzeko
tresna bat (orrazi baten antzekua zela uste dut) eta garbitze lan ori «bargera»
deitzen zen biarnes itzak dituzu noski barga ta bargera. Urean egiten zen,
erreka bazterreko zulo batzuetan: oriek dira «bargera-xiluak»; üharria da
uraren oldarra, edo ur oldartsua. Frantzesera onela itzul diteke: «de l'eau à
demi boueuse que le courant a conduit dans les rouissoirs». Gure itzulpenean,
bertsolariaren ideia nagusia jasotzearekin aski-etsi dugu.
XI
Ahapaldi ontan, azken neurtitz lerroan itz bat aldatu dugu Lhande-
Larrasketa'ren tekstotik; ots, «zehatü»'ren ordez «osatü» ipiñi dugu, Jon
Mirande'k dionez, Etxahun'ek ala kantatu baitzuen, baiñan, bertsuarer
gordinkeriak izuturik, nunbait, Lhande-Larrasketa apaiz jaunek aldatu egin
zuten iztxo ori xamurrago baten truk. Larrasketa'k, «zehatü»'ri ipiñitako
oarrean dio: Hala erraiteko. Beraz, ezta dudarik aldatua dagoela. Osatü,
Zuberoa'n, txikiratu, irendu da, eta zehatü, ostera, zigortu, astindu, ezi,
menderatu. Gure estudio-lanak, ordea, eztu zillegi aldakizunik eta Etxahun'ek
esan bezalaxe ipintzen dugu. Mirande jaunak dizu itz: «XI'garren ahapal-
diaren azkenengo neurtitza honela damate Lhande-Larrasket'ek: «Emaztek diela
gizun bat zehatü», bañan jatorrizko versionea hau zen herriak dioenaz: «Emaztek
diela aphez bat osatü» (osatü = irendu, zikiratu); beraz, aukera ba duzu bi
versionean artean». Geroxe, ordea, beste eskutitz batean onela zuzendu zidan
Mirande jaunak: «Egiari berea zor baitzaio, esan bear dizut, beste Zuberoatar
batzuekin itz egin ondoren, XIgarren ahapaldiko neurtitza «emaztek diela gizun
bat osatü» zatekeala lenengo versionean, ta ez «aphez» bat, orain kantatzen
duten bezala. Oraindik oroitzapena ba da erriaren tradizioan Barkoxe'n emaztek
gizon bat zikiratu omen zutela, ez dakit noiz». Irugarren neurtitz-lerroa ezik
oni lasaitasun pixkabat eman diot beste denak, esaterako, itzez-itz itzuliak
daude. Jakingarri gixa esango dut «zaragollak», «culotte courte d'homme»
itzultzen duela Larrasketa'k, eta «faxoria», «contrariete». Botoiari, berriz,
eztiogu aditz-tankerarik ematen gure aldean eta orregatik «butuatü» ordez, lotu
ezarri dut. «Behar-tü»'ren tankerako aditz-murrizteak (tü = dütü = ditu)
eztitugu aurrerakoan aipatu ere egingo, itzetik ortzera ageri baitira.
XII-XIII
Amabigarren eta amairugarren ahapalditan «sentho» ta «sendo» itzak
ageri zaizkigu. Lhande'k, zenbait esangura eraxten dizkie itz abei. SENDO'ri:
bortitz, osasuntsu, zangar, iraunkor. SENTHO'ri: fort, bouillant, par nature,
heureux, chanceux. Larrasketa'k, SENDO, guérir, dela dio, ots, gure «sendatu».
Beraz, «sendo» infinitivo tankerako aditza da, -tu atzizkiarekin bukatu
bearrean -o atzizkiarekin bukaturik. Larrasketa'k berak dio asendatuko»,
«sendoen» edo «sendoko» esaten dela eta «sendaturik», «sendoik». Beraz
zalantzarik eztago XIII'garren ahapaldiko «Eri lüzaz egonik, iruski sendua»,
«gaixo luzaro egonik, zorionez sendatua» dela. Alabaiña, itzulpen au ain egoki
etorriarren, Larrasketa'k eztio ahapaldi ontako «sendua»'ri bere iztegiko
zentzua eraxten. Emengo oarrean, SENDO, de tompérament ardent, bouillant, dela
dio, eta egia esan, adierazpen orrekin nik eztiot zentzurik billatzen. SENTHO,
berriz, Larrasketa'k bere iztegian dionez, alerte et vigoureux à la fois, dela
dio. Nahaste auek direla-ta, argi billa betiko iturrira jo bearrean arkitu
nintzen. Beraz, mintza bekigu, oi bezala, itsumutil ari zaigun Jon Mirande
jauna, SENDO eta SENTHO itzai zer zentzu dagokien jakiteko. «Sentho» dio gure
adiskide onak, bortitz, osasuntsu, zangar, etc. da baiki; beste euskalkietako
«sendo» itza bezala. «Sendo», aldiz, guretzat, aditz bat da, «sendotü»'ren
aldamenean darabilguna, intransitivu denean «curarse, sanarse» esan nai baitu,
ta transitivu denean «curar», «sanar» (zuen euskalkian «sendatu» bezela).
«Sendotüko da edo sendoko da» = se curará; «sendotzen da» -= se cura edo se
está curando; «sendorik da, edo sendoa da», se ha curado; «sendotürik da»,
gauza berdiña esan nai du, bearbada «nuance» txiki batekin: sendabide baten
eragiñagatik sendotzea, esan naiago luke; «sendorik», berriz, berez sendatu
dela esan nai luke, nik aditzen dudan legez. Dena dela, neurtitzak au esan nai
du, ezbairik batxo ere gabe: «Gaxorik luzaro egonda, zorionez sendatua», ta
orrialde zolan datorren oarra (Lhande-Larrasketenean, alegia) «SENDO, de
tempérament ardent, bouillant», uts bat da». Arrigarrizko utsa, izan ere,
Larrasketa'k garbi adierazten baitu iztegian SENDO aditz infinitivuaren zentzua
ezagutzen zuela eta ez ditake uler nola itxutu zitekean ain garbi ikusten den
bertsoan. Gaiñeratu dezagun, «uruski sendoa»'ren ordezko «zorionez sendatua»'k
neurriz gaiñezka egiten zigula eta orretxegatik bi aukerabide oetara jo
bearrean arkitu naiz: «orain sendatua» edo «zoriontsu ua». Nik, azken onen alde
egin dut, baiñan nai dezanak alda lezake obeto ba'derizkio.
Ona, orain, amabigarren ahapaldian, «Gaztalondo'ko neskatilen» deritzan
bertso sailleko bi errenkarik biurrienak, zaillenak, illunenak, giputz edo
bizkaitar batentzat beñepein:
Hankorik hartzera ihur ezin deña,
Beldürrez hen heztik eman dizen phena.
Zer da «deña»? Zer da «heztik»? Zer zentzu erantxi nai izan zien
Etxahun'ek bi bertso lerro auei? Bekigu, orain ere, itsumutil, Mirande-
Aiphasoro jauna, ezpaitut beste iñun arkitu ahal izan mataxa biurri auek
arilkatzeko laguntasunik. «Deña» ori dio Zuberoatar euskal-olerkariak
frantzes aditza «daigner» (dignar) duzu, dudarik gabe; egia esateko, erderakada
itsusia da, banan, dakizun bezala, irudi ba'zaie aren bearra ba dutela...
«Beldürrez hen heztik eman dizen phena»: «heztik» (hezteak) ezi = domar, aditza
da, ez ezti adjektivua (azkenengo hau guk ere h'ik gabe oguzten dugu; dizen ez
da dezaten, orrialde zolako oarrak dioen bezala, bañan «diezaien» (dizaien);
frantzes ahapaldiaren azken bi neurtitzak honela itzul ditezke: personne ne
daigne prendre qui que ce soit de la-bas (emaztetzat, alegia), de peur que leur
dressage (id. est, emazte orien ezteak) ne leur cause du travail (ain baitira
ezigaitzak Gaztalondo'ko lurretan eziak direnak)». Gure itzulpenean Etxahun'en
esangura gardenagotzen saiatu gera, Zuberotar koblakariak «emakume» itza (ots,
«hankorik hartzera», ango emakumerik artzea baita) aipatu gabe ulergarritzat
jotzen baitu; baiñan, itz au igarri ezik, ahapaldia zentzugabe gelditzen
delako, jartzea erabaki dugu. «Deñatu» = daigner = dignarse, itzaren ordez,
zentzuz aldaturik, «ausartu» ezarri dugu, bertsoa jatorrago gelditzen baita.
«Baliman» eta «arauz» itzaz Jon Mirande gure adiskidearen iritzia
aldatuko dugu emen oso-osorik. Ala guziz ere, olerkari Zuberoatarra arrazoi
osoaren jabe izanarren, itzulpena bide lasaiago batetik egitea erabaki dugu,
gure asmoa, argiro esan dugun bezala, Etxahun'en bertsoak gipuzkera jatorrean
(zeatzago, gipuzkera osotu jatorrean) ematea baita, ots, emengo bertsolari
batek kantatuak bailiran, eta xede onek itzulpen-lokarriak urratu-erazten
dizkigu maiz-aski. Alabaiña, Etxahun'en iztegi bereizia ezagutu nai dezanak,
irakur bitza zaleki Jon Mirande'ren zerrenda kutsugarriok. «Baliman» esan nai
du «agian», baiñan itz orrek laburdi-benafarreraz duen esangurarekin, au da,
«esperantza dut», ta ez gipuzkeraz bezela, «bearbada», «apika». Ahapaldi berean
(13.garrenean) «arauz» («auz» oguzten dugu) ez da erderakada bat naiz itz
andana bat darabilzkin, Etxahun'ek syntaxis oso jatorr dauka beti itz ori ez
da emen pospozizio bat, «segun» esan nai lukena (ori adierazteko «arabe (r)a»
esaten dugu, Manexek bezala, ta itz ori orien euskalkitik artua dugu ere, nik
uste), bañan adverbio bat, zentzuok dituena: pentsatzen dut, uste izateko da,
dirudianez etc. «Noski» itzez itzul dezakezu zure euskalkian.
XVI
«Mari-mothiko» itzari buruz, nik uste, Zuberoatarrak eta giputzok bat
gatozela zentzuari dagokionez. Gipuzkoa'rik geienean (Naparroa mugaldean izan
ezik) «marimutil» esaten dugu, eta Azkue'k eta Lhande'k dakarten zentzua baiño
hombruna, muchacha revoltosa, amiga de andar entre muchachos (Azkue); marie-
garcon, jeune fille qui aime frequenter les gargons, eta areago ere bai, fille
de moeurs douteuses, (Lhande) Mirande'k ematen diona edatuago dela uste dut.
«Nik ezagutzen dudan Zuberotar euskalkian, dio Mirande-Aiphasorho jaunak,
«mari-mothiko» («may-mothiko» oguzten dugu, ta oargarri da «mothiko» ori,
mothiko esaten baitugu bestalde) ez du «neska-mutilzalea» esan nai, ez eta
«fille de moeurs douteuses», Lhande'k dakarren araura, bañan mutil baten
manerak dituen neska bat, edota gizon baten rnanerak
dituen emakume bat, frantzesez «une garçonne» edo «une femme hommasse» esaten
dugun bezala». Nik ere beti tankera orretan entzun izan dut Gipuzkoa'n, baiñan,
esango nuke kaso guzitan neska koskorrai aplikaturik, amairu-amalau urtetaraiño
geieneko. Orra, ba, Jon Mirande'ren aburua itz polit oni buruz eta ene ustez,
zentzu au gallenago dizu besteak baiño Euskalerri guzian edo geienean.