Poetika
Inazio Mujika Iraola
BAT
Neskaren ileadatsetan kausitzen da
Granada
ez beti Granada, sarri Andaluzia osoa ere
Fuentevaqueros eta Viznar
Alfa/Omega
Eta New York. Batez ere New York
zeinaren zerua den buruz behera ezarritako
beste etxeorratz ilera erraldoia
ñabar kolorez jazten dena, gaua
emazte beltz kokorikatu hori
hiriko orratz-ohantze gainean etzan aurretik
idi akitu baten marruma betierekoa adituz
aharrausi ahantzi baten antsia bailitzan.
BI
Neskaren sexoan zegoen Alexandria
eta Ziutateko Poeta zaharra pasiran zebilen
moila-mingain perfumatuetan barrena
ostatu hitsetako musika liluragarriak
lagun eta gidari.
Eta neskaren sexoa zen Poetarentzat
harresi
eta murru altu helkaitzen barruan
hamazazpi, hogeitabi eta adin orotako
mutilak
eguzkitan bezten ziren biluzik,
belaze infinitoetan etzanda
bainuaren hoxkarra ahantziz.
Eta Van Gogh erara izartu gau azpian
mahaiara bildu eta ardo urtetsua
edaten dute elkarrekin
jainkoek ausartentzat berariaz
esleitutako ontzian.
HIRU
Neskaren bular-erretenean kokatzen omen da
Santo Estefano Bolbo
eta muinoak zeharkatzen ditu Poetak gauero
ilargiaren argitan, zurbil, erratu
eta muinoetako ikusmiran suma ditzake
sutzarrak esaterako
herri txikietako berbena argitsuak
karruselak
suma dezake mahasti ubeldua aihenatzen
ilargiaren estela metalikoan gora
edota Torino, uda eder hartan
Hotel Roma, ohe bat.
LAU
Hegats zabaleko boneta biguna
zeinak babesa damaion ileadats luze horailari
larruzko abrigo ederra neguan
teatro eta sala beroenetan ere irribarre
udan terziopelozko jaka
kaltza laburrak eta muga-mugan hasita zetazko galtzerdiak
zapata eskotatu txarolezkoetan galtzen direnak
zilarrezko ebilak noski
atorra Byron moduko lepoz
enkajezko eskumuturrak eta fantasiazko parpailekin
bi irudimenezko erremate:
txalina berde ala gorrimina eta
lore freskoa, lirioa, ojalean
eskuartean lizun laztanduz eguzkilorea
begitartea maskara multipleen pean ezkutaturik
eta begiak, ai begiak!
ibaiaren mirailean beti jarriak
eta ibaiaren mirailarenak Poetarenean.
Dama gorrien abaniko beltzak ilunabarrean
Eta tristeziaren trosta eroa, jendetzaren burla itsuz geltokian
Pazientziarik ez da existitzen leotza ospelean
Reading, C.3.3, Sebastian Melmoth
Oinazearen bufoiak, maskararik ez oraingoan
Finish pitzatu da miraila,
pUbertaro loreak zapalduz egunero
Noraezaren agonia ahalgetuan
Diamantezko
Irla ezkutu
Suaberantz... Carette Avenue 89 paté
Pire Lachaise.