Udazkeneko karabana erratua
Karlos Linazasoro
Laister gu ere joan beharrean aurkituko gara jitoan.
Laister urte bisiestoetako musuak ez ditugu sentitu ere egingo
gure harlanduen leuntasunean.
Eta oroimenaren pospoloa piztuko dugu orduan eta akaso
gure arima anonimoa bortxatuko dugu inkoszienteki.
Gauaren zilarra entzungo dugu ostera gordelekuetan barrena
eta elurrik antigualenak granatez jantziko ditu denboraren
espiral hautsia, ihintzaren zurtoin orlegia.
Eta bidean leienda zaurituak eta juglare bizardunak
aurkituko ditugu zientoka zeruan txintxetaz josirik.
Ondoren unibertsoaren azken lohia inguratuko da ahopeka
eta oihartzuna baino zaharragoa den ixiltasun lodiak
memoria oratuko digu konfin honetako buztindegian.
Eta martxan jartzearekin bat akordatuko gara zein apain
jartzen ziren emakumeak igandero bere soineko estanpatuekin.
Ixiltasunari zenbait adaska lapurtuko dizkiogu disimuloz
eta makuluen laguntzaz belazeak zeharkatuko ditugu, jakinez
betiere ez garela neguareri aldaba jotzera iritsiko inoiz.
Eta guretzat ez da barkamenik izango bidean. Oro igual izango da.
Hainbeste eta hainbeste urte sekulan pasa izan ez balira bezala.