Apocalipsis now
Edorta Jimenez
Itakara abiatzerakoan, eska ezazu zure bidaia
luze izan dadin, gera zaitez
ibaiertzetako tximini eta garabien arteko nasetan
errautsa eta burdinsuzko enporioetan
trafika ezazu, eros denetariko belar miragarriak,
hautsak eta ukenduak, herritxo preziotsuak,
trapitxea egizu, luza zaitez,
eta ez ahaztu bikarbonatua ere batzen
akura ezazu beharbada untzi berri bat baino gehiago ere
itzul zaitez
zeren inoiz Gauerdiko Expressoak zauritzen duen
hiriko portura ailegatu bazintez
gure aurpegietako izurretan irakur zenezake
zein premiazkoak ditugun horiek guztia
eta orduan, txakur deslaien batek zure oinak milikatzen
baditu ez ezazu uxa ostikada;
emaiozu bikarbonatu eskukadatxo bat edo
eta gogora zaitez, gure gutiziek bidaia eman dizute
eta ni bihotzerreak akatzen nago, agian ez, zu zeu
ere zahartzaroan itzultzean Itakara akatuko zaituen
legez
Zu eta biok zigarro erretzen, Elena,
thriller siko itzela
gu barra ertzean gagoz The Cure entzuten eta
Estatuko indarrak gure aurka dira "Ez erre", ez jo,
baina guk gogotsu erretzen dugu, Telebistan filma sikoak,
alde guztietatik persekutatzen gaituzte, osasunaren alde baina,
gure osasuna zu eta biak gara, zigarro bana erretzen,
ardo gorria edaten,
The Cure entzuten eta, goizaldean etxera joaten,
Estatutuak bere indar guztiak higiarazten dituen bitartean:
geu gara hiltzaileak, airea hondatu
dugu
eta ohean ere erretzen segituko dugu, izara artean dago hiltzailea
hobe da musikaz-aldatzea, Lou Reed edo Nico,
eta zure ditiak, Elena, Jainko laztana,
eta ipurdia, Txapelokerrek ez dute aurkituko zulo hori, ez
hor gordetzen dituzun armak, Elena,
eta nirean argi begiratzen duzu pistolareen oilarrari saka egin
gura dionaren moduan, gogoan izan,
Estatuak persekutatu egiten gaitu eta ez dugu nahi
honaino ere ailega dadin
zurekin jotzea, txorta sorta, zigarroa erretzen duzun bitartean,
J.B. zurrutadatxoak jotzen ditugun bitartean, hiltzaileak
biderkatu egiten ditu bere krimenak,
sar ezazu hori argi ahoan, hobeto bai, atseginago dut
eta thriller siko hobereneko protagonistak gara,
beraz, beste zigarro bana erretzeko eskubidea dugu,
gurea den airealde hanetan, hiltzailearen
gelan, gure trintxeran,
zeren Estatuak barrikadak atondu ditu, "Ez erre",
banketxeetan, kolegioetan, ospitaletan, Fronteko Lerroa osatzen
duten aldeetan, gure osasunaren alde,
birikietan ei dabilkigulako hiltzailea baina
guk maite degu kea eta
zurrunga egiten dugu elkarri besarkaturik
loak bere lautadan aterpetu gaituelarik
orain, erretzen ez gagozela ja, jotzen
ez gagozela,
Estatuak bere begi zorrotza torturarako zabalagotzen duenean,
beste film sikoak hasten dira, Elena,
atxilotuari zigarrotxo bat eskaintzen diote txakurrek
eta goizeko lehen zigarroa Fronteko Lerroan joko dugu,
kontuz!, Estatuak berriro persekutatzen gaitu, ez zaitez ausart
kafesnea eta gero erretzen lanean,
itxaron ezazu eguerdia arte
itxaron ezazu berriro The Cure entzuten egon gaitezen arte,
Estatuak gure aurka filmatzen duen thriller siko
horretako protagonistak garelako
egunen bateak atxilotuko gaituzte, "Ez erre"
orduan ere Janis Joplin izango zara heureusement jolie
eta erre ditugun zigarro guztiak gogoratuko zaizkizu,
geu gara hiltzaileak The Cure eta Niko eta ni,
gogora zaitez, Joseph Conrad naiz, Lord Jim,
Kurtz Koronela,
Estatuak persekutatu egiten gaitu, Elena,
barrako zokondo haretan egoten garelako
zu eta biok zigarro bana erretzen eta gero
logelako airea, hondatzen dugulako, J.B. edan eta erre
eta jo dena aldi berean egiten dugulako, Thriller siko itzela
baina ez zaitut ahaztuko egunen batean Janis zu, Elena,
Josep ni, bahiturik bazaituzte ere
eta goizaldez zigarratxoa eskaintzen badizute ere,
neu naiz Kurtz Koronela, eta Marlowe Kapitaina ere,
eta gogora zaitez, Elena,
zu eta biok zigarro bana erretzen eta The Cure entzuten
Estatuak persekutatu egiten gaituen bitartean.
Azkena da anaia,
azkena.
Kurtz Koronela
bizarra egiteko guilettearen ahoan behera
irristatzen da
lepoz,
ahoz gora
eta xeringa-orratzak
Herioaren aitzur bilakatu dira.
Azkena da, neba,
azkena
Gorputz ereindako oihanean
deltarik ez,
odol hotzezko itsaso ubel
hau baino.
Azkena da, arreba,
azkena.
Suge beroak dabiltza
zainetako labirintoetan
ibai bakarra
guretzat
isiltasun hau
berau da.
Azkena da, ano laguna,
ene lagun bakarra.
I can't get now.
Captain Marlow ibaian
behera dator. Satisfaccion.
Landaretza itzelak utzi ditu
alboetan, gorpuez ereindako
soroak,
arroz-odola. Baina Marlow
Martin Seen da, Hollywoodeko
aktore bat
eta Kurtz Koronela Marlon
Brando da. Dena da gezurra.
Deltan itsasoak lehorra jotzen du
bere ur-adarraz, helizeak
tirainiak sortarazten ditu eta
helikopteroek eragiten duten haizea
txirikiloetan galtzen da. Berton hasten da eremu zabala. Gure eskifaian
Arthur bi dagoz. Batak Iparreko izoztaldeetara nahi du
azken amilburuaren bila. Besteari harea dario begietan behera eta
gura du basamortura jo. Han aurrean beste itsasuntzi bat ageri da.
Elena aske, libre eta Penelope hilik masta nagusian eskegita.
Ulissek ez du aurkituko hango irlan -gogoratzen al zaio inori
haren izen madarikatua? - Banderatzat hartu dute Penelope
ze, Elena ez doa sorterrirantz, Ulisse ere gezurra da
ez da besterik Kirk Douglas baino -Paths of Glory, zertan afusilatu
zituzten haiek ere?- Gu denak zine-aretoan gagoz jezarrita eta so
Troiarrek ez zuten inoiz Elena desbahitu Elenak berak
eman zion su Troiari han ez zegoen inor bera salbatzeko
aktore guztiak kamerinoetan zeuden -theatroa Greziatik ei dator-
Efektu berezietakoak
lanean
eta Elena
bakarrik arriskuaren aurrean
Gary Cooperek ihes egiten zuen bitartean.
You can't get now. Satisfaccion. Martin Seen, Marlow Kapitaina,
John F. Kennedy izan zen beste telesail batean eta orain
nora joango ote dira hauek. Gure barkuan
Arthur guztiak hartu gura ditugu. Elena, zertan eskegi duzu
Penelope.
Beharrezkoa ote zen Ulisseren neskamea askatzearren Itakara jotzea?
Alferrik da gerrarien izenak gogora ekartzen saiatzea, hainbeste
izan ziren zure bila eta zuk Penelope asmatu gura izan zenuen. Aktoreak
ziren denak. Joseph Conradek asmatu zituen paperezko arimen haragian
sartu dira eta gu zine-aretoan gagoz ere, haziak-eta
jaten-eta atraso ez goaz Deltako beste barku honetan. Akaso gagoz
geldi berton loturik argiak piztu daitezen arte. Akaso hor kanpoan
gerra bat dago. Baten bat bizarra egiteko labainaren ahoan behera
irristatzen da une honexetan, ze, hor kanpoan gauerdia da,
hau gaueko saioa da eta aktore guztiek mutis egiten dute
ekranaren atzean. Baina ez al da egia Elena aske libre dagoena
Penelopek ez du gura izan goruetakoa behar ez den orduetan,
Penelopek
kutxiloz garbitu ditu guztiak, ze, Ulisse hura han ikusi ohi izan
dugu, gu kafesnea sakarinaz hartzen eta bera han kanpoan,
kehea hasten deneko espaloian, autozko mortu itzalean galtzera ,
zer egiten zuen Penelopek irla madarikatuan, Elena, zer?
Horregatik dago orain gorpu zuen untziko masta nagusian eskegita
banderatzat. Penelope
eta guk gure itsasuntzitik behatzen zaituztegu. Egia gure barkuak
ezin dio orekari eutsi, Deltako tirainiak alderazten gaitu. Begira
han, Marlow Seen Kurtz akatzetik dator ibaian behera, alboetan
gorpuz ereindako landaretza itzelak uzten dituelarik, Elena,
himno itzelaren doinu solemnea gura genuke Arthur guztiak hartu
gure barkuan. Batak larru iluneko emakumeak gura ditu eta esne-azaleko
gizonezkoak. Besteak bilobako neskatoak. deltako zabalkuntzan itsaso.
guztiak hasten dira eta Lord Jim antzestu gura dugu, amodio ezinezko
bat berriro eta, egia, Lord Jim Peter O'Toole bada, gurago dugu
Lawrence Arabiakoa Arthur bataren aintzindaria mortuetan,
baina basamortuan ere gudak dagoz, ez al zaizu gogoratzen?
Elena, gure itsasuntzia Deltako tirainiak alderazten du nora ez
dakigula, I can't get now; Satisfaecion, gu ez goaz ezeren bila
ez dugu amesten suzko tantairik ozeanoaren erdian, ez dugu amesten
Elena, sorginen zulorik, aztien kanturik, zine-aretoan gagoz akaso,
akaso gure itsasuntzia ez da besterik jazarleku hau berau baina,
Martin Seen errekan behera dator Deltarantz, Jim Morrisonen ahotsa
belarrietan zulo sakonak irekitzen, gure itsasuntzia Elena, gero eta
hurrunago
dago
eta Jada apenas ikusterik dugu Penelope
banderatzat masta nagusian eskegita, Ulisseren morrontzatik aske
izatearren zurekin batera ihardukitzera kondenaturik, Penelope,
hareazkoak dira zure malkoak ere, Peter O'Toole Lawrence Arabiakoa izan
zen eta baina Lord Jim ere, horregatik goaz gu, gero eta hurrunago
gure untzia zuenarenetik, Arthur bien arteko abiabururantz
hara non izua izpiluko alde bietan isladaturik ikusten den,
itzaletako bihotz muinaren bila, I can't get now, Martin Seen Marlow
Deltarantz datorrenean. Satisfaccion. Zeren izua izpiluaren alde bietan
ikusi duenak baino ez du ezagutzen izua, Elena, zertan daroazu
Penelope masta nagusian eskegita, gero eta aldenduago gure barkua
ez al nauzu ikusten maskara guztiak jazten, neu naiz,
Andres Maria, Martin seen, Kurtz, Marlow, Joseph, Francis Ford
Coppola, denak, maskara guztiak, Elena, Janis, Ifigenia,
Beatrice.